Albisteak

55 urte baino gehiago dituzu eta ekarpen asko egiteko? Ezagutu ezazu aisialdi aktiboko proposamen hau

Erretiratuta zaude edo 55 urte baino gehiago dituzu eta ikasten, harreman berriak eraikitzen eta zure inguruneari ekarpenak egiten jarraitzeko leku bila zabiltza? Erretiratuen etxe batera joateak ez zaitu erakartzen? Erronda kalean BBKSasoiko ezagutzeko gonbita egiten dizu BBK-k. Zentro hau beste alternatiba edo aukera bat izateko sortu da beren kezkak oraindik bizirik dituzten eta zahartze aktiboa bizitzeko bultzada sentitzen duten nagusi edo adineko guztientzat.

Zer aurkituko duzu bertan? Ahaztu ohiko karta-partidak eta tailerrak. “BBKSasoiko ez da erretiratuentzako zentro bat. Aisialdi aktiboa sustatzen dugu, eta ez orokorrean zabalduta dagoen aisialdi pasiboa. Gune fisiko bat da, online ingurunera ere hedatua, eta hor ikasteko eta zaletasun arruntekin gozatzeko antolatzen dira 55 urtetik gorako pertsonak. Pertsona horiek, gainera, jasotzen dutenaren zati bat gizarteari itzuli gura diote, modu batera edo bestera”: horixe da gaur egun arrakala digitalari buruzko tailerrak ematen ari diren sasoikotar senior batzuek azaldu dutena; tailer horietatik 100 pertsona inguru igaro dira; edo behatoki taldeak ere badaude, adineko pertsonek lurraldeko elkarteetan duten parte-hartzearen azterketan ardaztuta, besteak beste.

Profil berriak, beharrizan berriak

Gure gizartea zahartzen ari dela ez da sekretua. 2020ko datuen arabera, Bizkaian biztanleriaren % 23 da 65 urtetik gorakoa. Horietatik % 58,2 emakumeak dira eta % 41,8 gizonak. Bilakaera kuantitatiboa eta kualitatiboa da. Lan-aroa utzi eta erretirora iristen diren pertsonen profila aldatuz joan da urteetan zehar. Gero eta gehiago, pertsonek beren lan-bizitzan hainbat arrazoirengatik atzeratu behar izan dituzten gauzak ikasteko eta egiteko aukera legez hartzen dute etapa berri hau. Egia esateko, euskal biztanleriaren talde hau da gogobetetasun handiena duena bere aisialdiarekin: 7,76ko nota jarri diote, eta 35-49 urtekoen artean, berriz, 6,09koa da balorazioa.

70eko hamarkadan, BBK Fundazioa aitzindaria izan zen erretiratuentzako zentroak eta etxeak martxan jartzen Bizkaian. Baina adinekoen belaunaldi berriek ?aktiboak, kezkak dituztenak, hobeto prestatuak eta beste pentsamolde batekoak? beren aisialdirako baliozko aukera berriak bilatzen dituzte.

Testuinguru horretan sortu zen BBKSasoiko, XXI. mendeko adinekoek parte hartzeko dituzten premiei erantzun berritzailea eman eta gizarteak adinekoen gainean dituen estereotipo negatiboei aurre egiten lagundu gura duena. BBKSasoikoren proposamenak zahartze aktiboaren zutabeak ?osasuna, parte-hartzea, segurtasuna eta bizitza osoko ikaskuntza? hartzen ditu kontuan. Gainerako elementuak alde batera utzi barik, batez ere gizartean parte-hartzea sustatzen du, bizitza osoko ikaskuntzarekin batera. Zergatik ez baliatu erretiroa proiektu berrietan parte hartzeko eta horiek garatzeko behar diren trebetasunak lortzeko? Une ezin hobea da.

Zentroan azaldu dutenez, “BBKSasoikon taldean parte hartu gura duten pertsonak bilatzen ditugu, ikasteko eta besteengandik jasotzeko prest daudenak, baina baita beren baitatik besteei zerbait emateko ere. Bizitzan, aukeraz beteta, ireki den etapa berri honetako eskaintzari eta beharrizanei bestelako erantzun bat eman behar zaiela uste duten pertsonak, alegia”.