Punto menú Created with Sketch.

BBK Azoka

BBK 3 apirila, 2020

Koronabirusaren hedapen betean, lurreko produktuak saltzeko bere kanala aste honetan bertan indartzea erabaki du BBK-k. BBK Azokak ahalegin berezia egiten dihardu baserritarren eta produktuen zerrenda luzatzeko bere bbkazoka.eus plataformaren bitartez.

BBK Azoka online saltzeko kanal bat da, eta kalitate bikaineko nekazaritza-produktuak Bizkaiko nekazari eta abeltzainei zuzenean, bitartekorik barik,  erosteko eta etxean jasotzeko aukera ematen dio kontsumitzaileari.

 

 

Gehitu berri direnekin, ia hogeita hamar ekoizle bizkaitarrek eskaintzen dute une honetan askotariko erosketa-saskia, produktu hauek barne: arraina, kontserbak, esnekiak, arrautzak, eztiak, gozokiak, edariak, ortuariak, lekaleak, fruta, fruitu lehorrak, marmeladak, pureak, haragiak eta hestebeteak.

BBK-k sustatutako ekimen hau irekia da. Proiektuarekin bat egin gura duten ekoizle bizkaitarrak daude gonbidatuta, betiere haien produktuek kalitate-estandar batzuk betetzen badituzte. Azken egunotan, BBK-k ahalegin berezia egiten dihardu “online” salmenta-sare hau zabaltzeko, bezeroak, inora joan barik, etxean jaso ditzan Bizkaiko nekazaritzaren produkturik onenak. Produktua baserritik mahaira ahalik eta berme handienekin iristen da, banaketa-kate propio baten bidez. Ekimen honekin bat egin gura duten ekoizleak BBK Azokaren webgunetik bertatik jar daitezke BBKrekin harremanetan, bertan dagoen inprimaki bat betez.

Gainera, Bizkaiko nekazaritza-ekoizpenaren eredua ezagutarazi gura duen plataforma da, ustiategi txikietan oinarritua: horietan baserritarrek mimo handiz jagon edo zaintzen dituzte prozesuaren urrats guztiak azken produktua lortu arte. Plataforma hau komunikazio-zubia ere bada ekoizleen eta kontsumitzaileen artean, hauek aukera izango baitute sakon ezagutzeko etxean jasotzen dituzten elikagaien atzean dagoen beharra eta dedikazioa. Hain zuzen ere, bultzada hau dator koronabirusaren krisiak eragindako konfinamendu-maila murriztaileenetan sartzen ari denean Bizkaiko gizartea.

 

Argibide gehiago: https://www.bbkazoka.eus/eus

 

Egungo albiste gehiago
BBK-k 'Kreo en ti' ekimena abiarazi du, Bizkaiko saltoki txikiei laguntzeko plataforma solidarioa
Gure ekitaldi guztiak