Punto menú Created with Sketch.

BBK Azokak baserritar kopurua bikoiztu du pandemia-aldian

BBK 1 ekaina, 2020

Osasun-krisi honetan BBK-k gertuko produktuen salmenta errazteko eta baserritarrei BBK Azokaren (www.bbkazoka.eus) bidez ematen dien laguntza sendotzeko ahaleginak bere emaitzak izan ditu.  Salmenta handiagoekin eta plataformara bisita gehiagorekin erantzun diote herritarrek baserritarren deiari. Hori berretsi dute datuek. Konfinamendu edo itxialdiko bi hilabete eta erdi hauetan, hurbileko produktuen salmenta-kanala berrogeita hamar ekoizle inguru izatera iritsi da ─20 ziren pandemia deklaratu aurretik─, eta bere produktu-eskaintza % 289 hazi da.

Kanal hori indartzeari esker, egunean batez beste 48 eskaera egin dira osasun-krisialdi honetan, eta egun jakin batzuetan 100 eta 125 eskaera izatera iritsi dira. Gehitu diren 30 ekoizle berriekin, une honetan 50 ekoizle dira askotariko erosketa-saskia eskaintzen dutenak, produktu hauek daudelarik aukeran: arraina, kontserbak, esnekiak, arrautzak, eztiak, gozokiak, edariak, ortuariak, lekaleak, fruta, fruitu lehorrak, marmeladak, pureak, haragiak eta hestebeteak.

Erabiltzaileen artean egindako inkesta baten arabera, BBK Azokako bezeroen % 65ek esan du webgunea azken hilabeteotan ezagutu duela, eta “oso ona” da beraien iritzia BBK Azokaz. Erabiltzaileen % 53k produktuen eta baserritarren informazio zehatza baloratzen du, batez ere.

Nobedadeak

Ekainaren 1etik aurrera, BBK Azokak beste berrikuntza batzuk izango ditu kontsumitzaile gehiago erakartzeko eta fidelizazio-maila handitzeko. Produktu freskoen saski bat eskainiko du, 25 eurokoa. Saskia ostiral edo barikuetan eramango da, eta produktu finkoak eta laborantza-zikloen arabera astero aldatuko diren produktuak konbinatuko ditu. Lehen banaketa ekainaren 5ean egingo da. Gainera, astero, opari gehigarri bat sartuko du saskian, erabiltzaileek beste produktu batzuk probatzeko aukera izan dezaten.

Prezio horretan BBK Azoka saskiak produktu finkoak izango ditu: letxuga bat, kilo bat tomate, tipulin sorta bat, kilo bat patata ekologiko, dozena erdi landako arrautza eta etxeko ogi bat. Astero txandakatuko diren produktu aldakorrak, berriz, hauek dira:  kilo bat kalabazin edo dozena bat piper; kilo bat zerba berde edo kilo bat luzoker (pepino); eta kilo bat leka edo kilo bat kuia (kalabaza).

Gainera, datorren astetik aurrera BBK Azokan 30€ baino gehiagoko erosketa egiten duten lehen 75 bezeroek produktu gehigarri bat jasoko dute opari beren eskaeran.

 

Egungo albiste gehiago
BBK-k 16.000 deskontu-bonu aktibatuko ditu "Kreoenti Kultura" plataforman sartzen diren aretoetan
Jaialdiak online edizio berezia eskainiko du aurten, Kobetamenditik emango diren kontzertuekin: El Columpio Asesino, Dora, Amorante, Yawners, Elle Belga eta John Talabot eta Katza-ren DJ setak  
Hondartza denontzat ekimenak La Arena, Ereaga, Plentzia, Laidatxu, Isuntza eta Arrigorrin emango die laguntza mendekotasuna duten pertsonei abuztuaren 31ra arte
Gure ekitaldi guztiak