Albisteak

BBK Enplegu Inklusiboa

Langileen Nazioarteko Eguna hurbiltzen ari delarik, BBK Enplegu Inklusiboa aurkeztu du gaur BBK-k, enplegu inklusiboari laguntzeko programa berria. Horren bidez, erakundeak erraztu gura du, urtebetean, gutxienez desgaitasuna duten100 pertsonak ohiko lan-merkatuan sartzeko aukera izatea. Ekimenak enplegu arrunta lortzen duten emakumeen ehunekoa handitzea ere izango du helburu, gutxienez % 40ra iristeraino.  Era berean, desgaitasuna duten pertsonak inoiz kontratatu ez dituzten 20 enpresa berrik pasua eman eta kontratatzea bilatuko du. Hori lortzeko, BBK Enplegu Inklusiboak hiru ardatz izango ditu: enpresei laguntzea, zuzeneko laguntza ekonomikoak eta gizarte-errekonozimendu eta -sentsibilizazioa. Programa BBKren lehiakortasun jasangarriaren aldeko apustuaren barruan kokatzen da, eta bat dator 2030 Agendan jasotako garapen jasangarrirako helburuekin.

#normaladena erabateko integrazioa da

BBK Enplegu Inklusiboa programak bat egiten du BBKren ibilbide luzearekin, desgaitasuna duten pertsonen laneratzea bultzatuz. Desgaitasun intelektuala, gaixotasun mentala edo espektro autistaren nahasmendua duten pertsonak kontratatzera zuzenduta dago, eta hiru ardatzetan egituratzen da: enpresentzako aholkularitza, zuzeneko laguntza ekonomikoak eta gizarte-errekonozimendu eta sentsibilizazioa.

Hala, BBK-k doako aholkularitza- eta laguntza-zerbitzu indibiduala jarriko du abian, programari atxikitako enpresek profesional-talde espezializatu baten laguntza izan dezaten kontratatua lanean hasi aurreko prozesu osoan eta lanpostuan jardun bitartean.

Gainera, desgaitasuna duten pertsonak inoiz kontratatu ez dituzten enpresek, pausua eman eta kontratatzeagatik, kontratazioaren lehen urtean 6.000 euroko zuzeneko laguntza ekonomikoa jasoko dute BBKren eskutik, dagozkien zerga-abantailez eta hobariez gain.

Azkenik, BBK Enplegu Inklusiboak ikusgarritasuna emango die desgaitasuna duten pertsonen lan-integrazio osoa babesten duten enpresei, programarekin bat eginez. Horren haritik, eta Bizkaiko gizarteari programa berri hau aurkezteko asmoz, BBK-k #normala dena sentsibilizazio-kanpaina abiarazi du, gaurtik aurrera hainbat formatutan garatuko dena, bai online eta bai offline.

Ekintza honen bidez, enplegu inklusiboa sustatu gura da, desgaitasuna duten pertsonen eta lan-merkatuan erabat integratuta dauden pertsonen benetako esperientziak ezagutaraziz, eta dagoeneko hori bultzatzen duten erakundeak aintzatetsi edo errekonozituz.