Punto menú Created with Sketch.

BBK-k eta Bizkaiko Foru Aldundiak Eup! aurkeztu dute

BBK 4 urtarrila, 2021

Datorren udaberritik aurrera, Bizkaiko tokiko merkataritzak gune propioa izango du negozio digitalean bere lekua hartzeko eta aukerak zabaltzeko.  Lehiakortasuna hobetzeko eta tokiko sektorearen berehalako erronkei aurre egiteko diseinatutako plataforma berri bat, Eup! deituko dena, aurkeztu dute gaur goizean Xabier Sagredo BBK-ko lehendakariak eta Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusiak.

Bai BBK-ko presidenteak eta bai ahaldun nagusiak proiektu zabalago baten barruan kokatu dute Eup!, tokiko merkataritzaren eraldaketan eta digitalizazioan erabakitasunez aurrera egiteko, kontsumo-ohitura berriek eta sustapen- eta salmenta-kanal berrien agerpenak sektoreari planteatzen dizkioten erronketan bereziki eraginez. Ildo horretan, ekimena denda fisikoaren beharrezko osagarri gisa proiektatzen da, eta merkatariei prestakuntza eta laguntza ematea du helburu nagusi, ingurune digitalak eta marketin-kanal berriek eskaintzen duten gaitasun guztia baliatu ahal izan dezaten.

Xabier Sagredo BBK-ko presidenteak baloreetan, etikan eta humanismoan oinarritutako lehiakortasun-eredu iraunkorraren alde egin du. Bere politika korporatibo osoan, ingurumen-, gizarte- eta gobernantza-irizpideak txertatu behar ditu eredu horrek, diskriminazio positiboz eragiteko, eta Nazio Batuen Erakundeak (NBE) ezarritako garapen-helburuak betetzeko. Bektore nagusi legez, berrikuntza teknologikoan, talentuan, sormenean, bikaintasunean, oinarritutako eredua da, eta jasangarritasun eza eragin dezaketen Low-Cost-en oinarritutako ereduetatik ihes egingo duena. Talentua, sormena eta kalitatezko enplegua sortzen lagunduko duen eredua, gobernantza fiskala eta fiskalitate etikoa bultzatuko dituena bere jarduera sortzen duen lurraldean, eta ingurumena errespetatu eta zaintzea, aukera-berdintasuna eta gizarteratzea bermatuko dituen ikuspegitik jardungo duena. Halaber, merkatariei proiektu hau aprobetxatzeko deia egin die Sagredok, “merkataritzak estrategia omnikanala jarraitu behar duelako, harreman eta elkarrekintzarako gune guztietan (fisiko eta digitaletan) bezeroari esperientzia integrala ziurtatu ahal izateko”, eta bizkaitarrei zuzendu zaie esanez beraiek direla gakoa: “bizkaitar batek erosketa bat egitea erabakitzen duen bakoitzean zelako Bizkaia gura duen aukeratzen dihardu”.

Bestalde, eraldaketa digitalak eskaintzen dituen aukerak aprobetxatzeko eskatu die saltegiei Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusiak, eta bertokoa modu kontzientean eta arduratsuan kontsumitzeko deia egin die herritarrei.0}Rementeriak Eup!en alde egin du, hurbileko merkataritza indartzeko aukera handia baita. “Tokiko merkataritzak, bertokoa izateaz gain, digitala ere izan behar du. Balio nagusia oraindik bere bertakotasuna ─bere hurbiltasuna, konfiantza, gizatasuna─ delako, balio horiek modu digitalean ere eskaini gura ditugu, denda fisikotik. Jarraitzen dugu denda fisikoak behar izaten: egunero pertsiana altxatuko duten dendak, gure kaleei argia emango dietenak, gure herriak bizitasunez beteko dituztenak eta harreman pertsonalak sustatzen jarraituko dutenak.  Baina hori guztia posible izan dadin, digitalak ere izan behar dugu. Bezeroak digitalaren erosotasuna gura duelako eta bertoko merkataritzak ere horren abantailak behar dituelako, hots, biltegiaren, stocken, eskaeren, logistikaren, fakturazioaren eta abarren kudeaketa hobea. Hori guztia ere tokiko merkataritzaren digitalizazioa da”, ziurtatu du.

BBK-k kudeatuko du Eup! plataforma, eta datozen hilabeteak atxikimendu-, aholkularitza- eta prestakuntza-prozesua abiarazteko izango dira. Zeregin horretan Bizkaiko merkataritza-elkarteek eta Bilboko Merkataritza Ganberak lankidetza estuan jardungo dute, eta marka digital berriaren jendaurreko aurkezpenean Sagredorekin eta Rementeriarekin batera izan dira. BBK-k eta Bizkaiko Foru Aldundiak ebaluatu dutenez, eraldaketa digitaleko proiektu handi hau garatu eta martxan jartzeko 3 milioi euroko inbertsioa egin beharko da hiru urteko epean. Zenbateko horren barruan sartzen dira, besteak beste, aholkularitza, digitalizazioa, prestakuntza, teknologia, euskarria eta laguntza ematea merkataritzari, eta bi erakundeek ordainduko dute.

Saltegiek informazioa eskatzeko eta proiektuari atxikitzeko epea urtarrilaren 18an irekiko da. Ordutik aurrera, plangintza egiteko lehenengo diagnostiko digitalei ekingo zaie, eta otsailean prestakuntza jasotzen hasiko dira lehen parte-hartzaileak.

Produktuak modu eroso eta intuitiboan bilatu eta alderatzeko, transakzio seguruak egiteko eta gure erosketak zelan jaso gura ditugun, geu bila joanda edo etxean, aukeratzeko merkataritza-gune handi bat izango da Eup! Hori guztia gertuko merkataritzak bakarrik eskain dezakeen hurbiltasun-ingurune batetik. Merkataritza-gune digital horrek, gainera, Bizkaiko jarduera eta enplegua dinamizatzen lagunduko du, ahalik eta ingurumen-eragin txikienarekin, hurbileko logistika-sare jasangarriak erabiliko dira eta.

Egungo albiste gehiago
Ikasleen elkartasuna eta parte-hartze soziala sustatzen jarraitzeko helburuarekin #boluntariotzaAstea heldu da
Gure ekitaldi guztiak