Punto menú Created with Sketch.

BBK-k eta ESIMPACTek Estatuan gizarte-eraginaren neurketa eta kudeaketaren lehen azterketa aurkeztu dute

BBK 19 azaroa, 2019

19/11/19

BBK-k eta Gizarte Eraginaren Neurketa eta Kudeaketarako Elkarteak (ESIMPACT) gaur aurkeztu dute Bilbon Espainian gizarte-eraginaren neurketa- eta kudeaketa-egoerari buruz egindako lehen azterketa. Azterketarako, gutxi gorabehera 400 pertsona eta erakunderekin jarri dira harremanetan, baita 20 “aterki” erakunderekin ere, eta baliozko 88 erantzun lortu dituzte. Horietako % 95ek nabarmendu dute ebaluazio hauek aukera ematen dutela erakundeetan kudeaketa hobetzeko. “Ezinbesteko” jardunbidea izango da enpresetan, azterketaren egileek iragarri dutenez.

Txosten honen ondorioak gaur jakinarazi dira BBK Salan “Luces y sombras de la medición del impacto social en España” (Espainian gizarte-eraginaren neurketaren argi-itzalak) izeneko jardunaldian, bertan izan direlarik bere egileak, Sophie Robin, ikerketaren koordinatzailea, eta Bernardo García, ikertzaile nagusia. Geroko elkarrizketa-mahaian parte hartzen Gizarte Ekintzako zuzendaria, Nora Sarasola, Gureak-eko Berrikuntza-zuzendaria, Jon Ander Arzalluz, eta Seed Capital Bizkaiako zuzendaria, Oscar Ugarte, izan dira.

Aurkezturiko azterketa lehenengo ahalegina da Espainian gizarte-eraginaren neurketa eta kudeaketaren ekosistema hau ikusgai egiteko, horrela gaian interesa duten pertsonek eta erakundeek jakin ahal izan dezaten zein unetan gauden, zein diren eremu honetan egungo eta etorkizuneko joerak, eta zein metodologia, aktore eta praktika dauden.

Kontsultaturiko jendearen arabera, ekosistema oraindik hasiberritan dago. Bere bilakaera “geldoa da, bultzada argi eta irmorik bakoa”, nahiz eta hasia den sortzen zelanbaiteko interesa. Azterketan parte hartu zuten erakundeen % 47k adierazi zuen erabiltzen dutela gizarte-eraginaren neurketa. Gainerako % 53k ez du inoiz egin gizarte-eraginaren neurketarik, baina  hauen artean hirutik batek badu datorren urtean egiteko asmorik.

Txostenak jasotzen du, halaber, gizarte-eraginaren neurketa- eta kudeaketa-ekosistemaren ezaugarriak direla gaur egun “bere atomizazioa, zatiketa eta barreiadura; gardentasunik eza ikaskuntzak partekatzeko eta egindako eragin-neurketen emaitzak argi komunikatzeko; erreferentzia-esparru argi bat ez izatea, estandarizazio-faltan nabarmentzen delarik hori; eta kontzeptu- eta metodologia-mailan ere adostasunik ez egotea”. Hala ere, kontsultaturiko adituek uste dute praktika edo jardunbide hau, lehenago edo beranduago, “ezinbestekoa izango dela era guztietako erakundeentzat”.

Erakundeek gizarte-eraginaren neurketarik ez egiteko eta epe laburrean ez planteatzeko ere galga nagusiak “baliabide ekonomikorik eta giza baliabiderik eza eta oraindik erakundeen barruan lehentasuntzat ez hartzea” dira. Gizarte-eraginaren neurketak egiteko motibazio nagusiak, berriz, hauek dira: bultzatzen den eraldaketa egiaztatzea, proiektuan hobekuntzak sartzea eta hartutako ikuspegian eta estrategian asmatu egin dela nabarmentzea.

Azterketa honen bidez, ESIMPACTek, BBKrekin lankidetzan, Espainian eragin-kudeaketaren sustapen eta hobekuntzan lagundu gura du, hau da, gizarte-balioa sartzea era guztietako erakunde eta proiektuen kudeaketan.

Egungo albiste gehiago
Euskadin 65 urtez gorako 106.000 pertsona baino gehiago bizi dira bakardadean; 2 milioi baino gehiago Estatu osoan, INEren datuen arabera
Pagasarrira Igoeraren XXIX. ediziorako izen-ematea ingurumenaren aldeko keinu xume bat bihurtuko da
19/10/28 Gaur BBK EKIN aurkeztu dugu, ekintzailetza bultzatzeko programa berria Bizkaian startupak sortzeko helburuarekin. Gizarte-konpromisoarekin garapena eta enplegua sortuko dituzten enpresak eraikitzen laguntzea da BBK EKINen helburua.
Zabaldu da epea San Tomas merkatuan parte hartzeko eskaera bideratzeko
Gure ekitaldi guztiak