Punto menú Created with Sketch.

BBK-k ia bi milioi euro inbertitzen ditu osasun-ikerketako proiektuak finantzatzen

BBK 4 otsaila, 2019

2019-02-04

BBK-k bikoiztu egin du azken urtean bere inbertsio-ahalegina osasungintzako ikerketa eta berrikuntzan. Banku-fundazioak indartsu jokatzea erabaki du sektore honen alde, bizkaitarren osasun-parametroak hobetzeko. Horretarako, gaur egun ia bi milioi euro bideratzen ditu gure lurraldean ikerketa-proiektu garrantzitsuak garatzen dituzten erakundeei laguntzeko, proiektu horietako batzuk aitzindariak direlarik mundu-mailan.

Osatze-prozesuak hobetzeaz gain, osasungintzako ikerketak eragin ekonomiko handia du, bai enplegua sortzeko eta bai ekoizpen-prozesua aktibatzeko. BBK-k sektore honi ematen dion laguntzak dagoeneko lanpostuak sortzeko balio du prestakuntza handia eskatzen duen sektore batean.

Honela, beste eragile eta erakunde batzuekin batera, BBK Fundazioa ehuntzen ari den ikerketa-sarean sartu den azkena Oncomatryx proiektua izan da, minbiziaren aurkako borrokaren arloan; bertan daude, adibidez, BioCruces Bizkaia Osasun Ikerketako Institutuaren lana, EKSO proiektua edo FractalMed, baita osasun-ikerketarako beka-sorta bat ere lurraldeko gazteentzat.

BBK-k ondorengo proiektu eta inbertsio-konpromisoekin itxi du bere urteko balantzea:

Oncomatryx

Ekarpena: 1.000.000 euro.

Mundualdatu programaren bidez, enpresa honen kapital-gehikuntzan sartu da BBK milioi bat eurorekin. Zamudioko Teknologia Parkean egoitza duen konpainia bioteknologiko honek finantzaketa behar zuen 18 hilabete barru saiakuntza kliniko bat egiteko pankrea eta biriketako minbizia duten gaixoengan. OMTX705 molekularen eraginkortasuna eta segurtasuna frogatu gura ditu Oncomatryxek; molekula hau tumore-estromaren aurka zuzenduta dago, hau da, tumorearen inguruko zeluletara, tumorearen immunoezabatzea, hedapena eta metastasia bultzatzen duten zeluletara.

Biocruces Bizkaia

Ekarpena: 500.000 euro.

Biocruces Bizkaia Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleko Osasun Ikerketa Institutua da, eta Institutua osatzen duten ikerketa-taldeak sustatu, kohesionatu eta laguntzea du helburu, kalitatezko ikerketa transnazionala egiteko eta berrikuntza eraginkorra eta beste erakunde batzuekiko lankidetza indartzeko. BBKren laguntzari esker, institutu honek jarduera garrantzitsuak garatzen ditu, adibidez, gaixotasun arraro pediatrikoen ikerketa (NGS sekuentziazio-sistema), nerbio-sistemako gaixotasunen probak egitea, eta fabrikazio gehigarria eta 3D inprimaketa.

FractalMed

Ekarpena: 350.000 euro.

BBK-k esklerosi anizkoitzaren detekzio goiztiarra hobetu gura duen software mediko baten finantzaketan parte hartzen du. FractalMed garuneko erresonantzia magnetikoko irudiak aztertzeko sistema bat da, eta dimentsio fraktalaren bidez, esklerosi anizkoitzari loturiko aldaketa morfologikoak zenbatzea ahalbidetzen du. Agintari eskudunen oniritzia lortuz gero, software honek esklerosian eta neuroendekapenezko beste gaixotasun batzuetan esku-hartze goiztiarra ahalbidetuko luke, eta, beraz, tratamendua hobetzea, agerraldien kopurua gutxitzea, pertsona hauen bizi-kalitatea hobetzea, eta esklerosi anizkoitzari dagozkion osasun-kostuak nabarmen murriztea.

Ekso

Ekarpena: 50.000

“Ekso” da exoeskeletoaren izena esklerosi anizkoitza duten 50 eta 75 pertsona arteko kolektibo batekin egunero bizitzen hasi dena; Esklerosi Anizkoitzaren Bizkaiko Elkarteak (ADEMBI) gidaturiko azterketa kliniko baten esparruan egingo da hori. Mundu-mailan aitzindari den proiektu honek esklerosi anizkoitza dutenen ibiltze-abiaduran eta orekan hobekuntza esanguratsua eragin lezake.

Ikerketa-bekak

Ekarpena: 45.000 euro

Inbertsio honen eginkizuna masa kritiko ikertzailea gehitzea da, bai zentroetako profesionalen prestakuntza eta garapenaren bidez, eta bai bere ezagutza edo jakintza-arloetan ospea duten zientzialariak erakarriz.

Egungo albiste gehiago
Euskadin 65 urtez gorako 106.000 pertsona baino gehiago bizi dira bakardadean; 2 milioi baino gehiago Estatu osoan, INEren datuen arabera
Pagasarrira Igoeraren XXIX. ediziorako izen-ematea ingurumenaren aldeko keinu xume bat bihurtuko da
19/10/28 Gaur BBK EKIN aurkeztu dugu, ekintzailetza bultzatzeko programa berria Bizkaian startupak sortzeko helburuarekin. Gizarte-konpromisoarekin garapena eta enplegua sortuko dituzten enpresak eraikitzen laguntzea da BBK EKINen helburua.
Gure ekitaldi guztiak