Albisteak

BBK-k ‘Kontuan hartzen diren erosketak’ sortu du kontsumo arduratsua bultzatzeko

Lehiakortasun Iraunkor edo Jasangarriaren aldeko apustuaren esparruan, BBK-k “Kontuan hartzen diren erosketak” sortu du, gaur goizean Bilbon aurkeztu den ekimena; eta horren helburua kontzientziatzea da, egiten dugun erosketa bakoitzarekin gura dugun gizartea aukeratzen ari garela agerian uztearen garrantziaz.

Kontsumorik handieneko urte-sasoia, Gabonak, gure inguruan gertatzen ari denari begiratzeko unea da, eta, batez ere, jasangarriak ez diren ereduen alde egiten jarraitzen badugu gerta daitekeenaz hausnartzekoa. Pertsona batek erosketa bat egitea erabakitzen duen bakoitzean, gura duen gizarte-eredua aukeratzen ari da.  Hemen eta tokiko saltokietan egiten badu, bere herrialdean kalitatezko enpleguak sorrarazten eta kale, auzo, herri eta hirien bizitza egituratzen ari da.

Horregatik, BBK-k proiektu hau sortu du, eta bere ardatz nagusiak erakutsi gura du hartzen dugun erosketa-erabaki bakoitzaz nahi dugun auzo-mota aukeratzen dugula. Proiektu honekin, Bilboko eremu enblematikoetan itxitako 3 establezimenduren esku-hartze artistikoaren bidez, beste batzuk ez ixtea lortu gura da. Irudikapen artistikoak tokiko merkataritzaren funtsa eta jatorria adierazten ditu: hurbiltasuna, berotasuna eta pertsonalizazioa, eta erakundeak uste du gizarte gisa, bai tokian-tokian, bai mundu mailan, eredu horretarantz joan behar dugula.

Herritarren artean gai honen inguruko hausnarketa pizteko eta egun berezi hauetan tokiko kontsumoa sustatzeko asmoz, Bilboko gune estrategikoetan (Askao kaleko 9an, Garcí­a Rivero kaleko 8an eta Astarloa kaleko 5ean) kokatutako hiru erakusleihoek ibilbide bat osatzen dute, eta Bilbon Gabonetan gune bisitatuenak izan ohi direnak lotzen ditu, eta oinezkoei modu arduratsu eta jasangarrian erostearen garrantziari buruzko hausnarketa helarazten zaie, bestela beste saltoki batzuek ere ateak itxi edo zarratu beharko dituzte eta. Erakusleiho hauek gaurtik, abenduak 20, urtarrilaren 6ra arte bisitatu ahal izango dira.

Xabier Sagredo BBK-ko lehendakariak azaldu zuenez, “lehiakortasun iraunkor edo jasangarriaz berba egiten dugunean, denoi ?enpresa, instituzio, erakunde eta herritarroi? dagokigun eredu sozioekonomiko bati buruz ari gara. Mundu guztiari, maila orokorrean eta partikularrean. Eta hori ez da tokikoaren defentsa itsu eta erromantikoa per se aukerarik onena balitz bezala, baizik eta lehiakortasun bidezko baten aldeko apustu sendoa, hots, berrikuntzaren, teknologiaren eta talentuaren alde inbertituko duen lehiakortasuna, baina gizarte-, ingurumen- eta gobernantza-irizpideak errespetatuko dituena eta gainerako eragileekin baldintza-berdintasunean, eskubide eta betebehar berberekin lehiatu ahal izateko behar den estaldura izango duena”.

Enpresa-esparruan, adibidez, “gardentasunaz berba egiten dugu, bezeroak argi jakin dezan zelan konfiguratzen diren prezioak, eta ea konfigurazio horrek kontuan izan dituen aipatutako gizarte-, ingurumen- eta gobernantza-irizpide horiek: enpresa horretako beharginen lan-baldintzak, zer tipologiatako hornitzailerekin lan egiten duen, enpresa horrek non ordaintzen dituen zergak, etab.” adierazi zuen BBK-ko lehendakariak. “Filosofia horren alde egiten dugu guk. Egunero hartzen ditugun erabakien mende daude etorkizuneko belaunaldiak. Horren arabera dago hondoratu egingo garen ala gainean mantenduko garen”, esanez amaitu zuen Sagredok.

Gainera, zera esanez amaitu zuen: “BBK-k 100 urte baino gehiago daramatza Bizkaiko gizartearen garapenarekin konprometituta eta horretarako ekarpenak egiten. Proiektu honek gure eguneroko erabakiek duten ahalmena nabarmendu gura du. Beraren bidez, agerian utzi gura dugu lehiakortasun iraunkor edo jasangarriaren alde egiten dugula eta horretarako konpromisoa dugula, kasu honetan kontsumo arduratsua sustatzeko beharrizana nabarmenduz, hurbileko merkataritza ongizate ekonomiko eta sozialaren eragile baita”.

Bere konpromisoaren erakusgarri eta hurbileko kontsumoa sustatzeko asmoz, ‘Kontuan hartzen diren erosketak’ ekimen honen bitartez, BBK-k deskontuak jarriko ditu herritarren eskura tokiko kontsumoa sustatzeko Eup! plataformaren bidez; lehiakortasuna hobetzeko eta tokiko sektorearen berehalako erronkei aurre egiteko duela hilabete batzuk, Bizkaiko Foru Aldundiarekin batera,  diseinatutako merkataritza digitaleko plataforma da Eup!

Horrela, gaurtik, abenduaren 20tik, urtarrilaren 6ra arte, hiru erakusleihoetan QR kode batzuk egongo dira ezkutatuta, plataforma horretan erabili ahal izango diren deskontuekin.

Dinamika oso erraza izango da: QR kodeek hainbat kopurutako deskontuak izango dituzte (15€, 25€, 50€, 100€ eta 150€), eta horietako bakoitza gutxieneko erosketa bati lotuta egongo da (25€, 35€, 65€, 120€ eta 170€, hurrenez hurren). Horrela, erakusleihoetatik pasatzen diren herritarrek eskaneatu egin beharko dituzte kodeak deskontuak lortzeko. Deskontu horiek Eup! plataforman trukatu ahal izango dira 2021eko abenduaren 20tik 2022ko urtarrilaren 6ra arte, biak barne, edo deskontuen izakinak amaitu arte.

Argibide gehiago