Albisteak

BBK SALAK ANTZERKI ETA ZUZENEKO MUSIKA UGARI ESKAINIKO DU GABONETAKO JAIETAN

Gabonetan eta negu-hasieran zuzeneko ikuskizunez betetako programazioa izango da BBK Salan. Bilboko aretoak bere kultura-programazioa sendotuko du garai honetan nobedade garrantzitsuekin. Antzerkia eta zuzeneko musika, berriak, ausartak eta publiko guztientzat diren ia hamar proposamenekin, izango dira urte zaharrari agur esateko eta 2022ari harrera egiteko modurik onena.

Musikari dagokionez, kontzertu-sorta bihar hasiko da Lukiek talde euskaldunarekin. Mungiakoen atzetik Estatutik etorritako beste talde batzuk izango dira asteburu honetan, hala nola Bruna (abenduaren 18an), urteko arrakasta handietako bat, edo Axolotes Mexicanos (abenduaren 19an), kritika liluratu dutenak Espainiako pop-rockaren eszenako proposamen dibertigarrien eta lotsagabeenetako bat gauzatzeagatik. Azken horiekin batera, eta kantu berriekin, La Plata valentziarrak  itzuliko dira Bilbora. Eta ohikoa denez, Bilboko Akordeoien Orkestra Sinfonikoak bi ekitalditan (abenduaren 29an eta 30ean) bere hauspoak astinduko ditu Gabonetako desiorik onenekin amaiera emateko urteari. Egun bat lehenago (abenduaren 28an) Norai elkartearen ongintzazko kontzertua izango da BBK Salan.

Antzerki-eskaintza askotarikoa eta erakargarria sartzeko BBK Salaren apustu estrategiko berriarekin jarraituz, datozen asteetarako hiru ikuskizun handi proposatzen dira: Kottondarrak, familia osoarentzako euskarazko obra; La Panadera, sare sozialen ondorio negatiboei eta gizarte-intimitatea galtzeari buruzko istorioa; eta Lope de Vegaren Fuenteovejuna lanaren haurrentzako bertsio oso berezia.

KONTZERTUAK

Abenduak 16: Lukiek

Talde eta estilo ugariren eraginarekin, baina nortasun propioarekin, Mungiakoek jarraitzaileak eta arrakasta batu dituzte nonahi eta eten barik.

Abenduak 18: Bruna

Nadia Alvarezen ahotsak gidaturiko taldeak ongi merezia du “superbanda” kalifikatzailea bere kideen curriculuma kontuan izanda, Leiva, Quique González, MClan, Iván Ferreiro edo Fito & Fitipaldis bezalako artistekin batera jardunak baitira. Lau single argitaratuta eta oraindik disko barik merkatuan, Bruna aurtengo arrakasta handia da, eta hauxe izango da Bilbora egingo duen lehen bisita.

Abenduak 19: Axolotes Mexicanos + la Plata

Axolotes Mexicanos benetako zurrunbiloa da. Horrela definitzen dituzte haien zuzenekoarekin gozatu dutenek, eta bigarren diskoak berretsi besterik ez du egin talde madrildarra estatuko pop-rockaren proposamen dibertigarrien eta lotsagabeenetako bat dela. Hori gutxi balitz, egin dituzten kantu berrien adimen- eta trebetasun-dosiagatik estatuko eszenako izen handietako bat izatera irits daitezke.

Talde madrildarra La Plata talde valentziarrarekin batera etorriko da, eta hauek bi abesti berrirekin jarraitzaileen egarria aseko dute, “Desorden” diskoaren jarraipena izango den lanaren zain dauden bitartean. Elektronikaren eta postpunkaren arteko erdibideko soinuaren jabe izanik, euren zuzenekoa egungo eszenan dagoen proposamen bizigarrienetako bat da.

Abenduak 28: Norai ongintzazko kontzertua

Norai Elkarteak sustatutako Etorkizuna Musikatan proiektu sozio-musikalaren aldeko ongintzazko kontzertua. Proiektuko haur-orkestraz gain, honako hauek ere izango dira: @artem.itziar, ACEV Cultura Eslavo-Vasca, Novisi Elkartea, Garua Tango, Danco eta Soinuaren Bidaia.

Abenduak 29 eta 30: Bilboko Akordeoien Orkestra Sinfonikoa

“Gabonak hauspo eta lagunen artean” da Bilboko Akordeoien Orkestra Sinfonikoaren apustua, Gabonak, oroitzapenez eta etorkizunerako gogo onez betetako egunak, “Herri Musika Handi”arekin ospatzeko.

ANTZERKIA

Abenduak 26: Kottondarrak

Kottondarrak euskarazko antzezlana, familia osoarentzat, mende hasierako industria-iraultzan eta ehungintzako emakumeen grebetan oinarritutako istorioa da. Ama baten eta hiru alaben familia-bidaia honek landa-eremuko despopulazioa, hirirako exodoa, industria-iraultza, hirietako bizi-baldintzak, kapitalismoa, senidetasuna eta emakume langileen borroka feminista islatzen eta ikusarazten lagunduko digu.

Ekitaldiaren amaieran, ikus-entzuleekin antzezlanari buruzko solasaldia izango da Borja Ruiz antzerki-zuzendari, aktore eta pedagogoaren eskutik, ekoizpeneko talde artistikoarekin batera, obraren zenbait alderdi aztertzeko eta antzerki-esperientzian apur bat gehiago sakondu gura dutenengana artistak hurbiltzeko.

Urtarrilaren 7a. La Panadera

La Panadera obrak Concharen istorioa kontatzen du. Berrogei urteko emakume hau okindegi batez arduratzen da, ezkonduta dago eta bi seme-alaba ditu. Bizitza lasaia eta zoriontsua duen emakume hau egun batean esnatu eta ohartzen da sare sozialetan bere bideo intimo bat dabilela, duela 15 urte izandako bikote batekin sexu-harremanetan ikusten delarik. Bideoa orain atera da argitara eta kontrol barik ari da zabaltzen, gizon hura ospetsu egin baita Italian telebistako reality bati esker.

Biluztasunak, amorruak, ezintasunak, lotsak eta minak Conchak maite dituen guztiak zipriztintzen dituzte. Bere aita, Ramon, 1938an jaiotako landa-gizona; bere semea, Gael, hamaika urteko mutikoa, zeini ezkutatzen saiatuko den gertaturikoa, ohartu gabe ordenagailua amak baino askoz hobeto erabiltzen dakiela semeak; baita bere senarra ere, Aitor, Conchari oinazean laguntzen saiatzen dena, baina epaiketa sozialak gain hartzea saihestu ezin duena.

Erruki bako mezu zibernetikoek, izenik gabeko profilen atzean ezkutatuta, iritzia ematen dute, trufatu egiten dira, gizatasuna kentzen dute, iritsi egiten dira, eta Conchak borrokatu egin beharko du beldurrak, minak, sinesmenek, ikasitakoak, … menderatu ez dezaten. Bere familia- eta gizarte-inguruneak apurtuta eztanda egin ez dezan saiatu beharko du. Katea geldiarazteko, sinesmenak hausteko, kontzientzia hartzeko eta konfiantza eta euskarria emateko guraria da La Panadera. Batasun nahia da, besarkada bat da, itxaropena da.

Urtarrilak 21: Fuenteovejuna

Madrilgo “Tí­teres, Sol y Tierra” konpainiak Lope de Vegaren Fuenteovejuna-ren bertsio oso berezia eskainiko du. Istorioa alegietatik hurbilago dagoen, xaloagoa eta sinpleagoa den mundu batera eroaten dute, haurren sentsibilitatera egokitzeko.

SARRERAK ETA ARGIBIDE GEHIAGO: https://salabbk.bbk.eus/