Albisteak

BBK SALAK ‘BORDERLAND’, BERE LEHEN OPERA GARAIKIDEA, ESTREINATUKO DU

Pieza hau BBK Salak berak sortutako lehen opera izango da, eta Bilboko aretoaren beste urrats bat da kalitatezko arte eszenikoen, berdintasunaren eta hemendik egindako sorkuntzaren aldeko kultura berresteko. Bere aurreko ekoizpen propioaren arrakastaren ostean, BBK Salak formatu txikiko opera garaikide hau ekoizteari ekin dio, sorkuntza independenterako, eta erakusketarako, gune gisa duen bokazioari eutsiz.

Borderland –maldita cabeza– operak nortasunaren muga-nahasmendua duen pertsona baten gorabeherak kontatzen ditu. 1884an, C. Hughes-ek osasun mentalaren muga gisa deskribatu zuen BORDERLAND, baina dagokigun pieza honek muturreko pertsona baten benetako bizipenak erakusten dizkio ikusleari.  Libre eta babestuta sentitzea psikea bera den lekura eroaten du. Besarkada iraunkor horren aurrez aurre jartzen du protagonista bere buruaz haratago biziarazten eta bere mundu horretan, BORDERLANDen, kulunkarazten duelarik.

Mugakide diren pertsona horiek, borderline horiek, bizi diren lurraldera egindako bidaia da; linbo batera bidaia da, non aurkitzen diren “normalak” diren itxurak egiten, lekurik ez duten mundu neuronormatibo horretan sartzeko ahalegintzen.

Kalean oinez noanean eta nire inguruko jende honi guztiari begiratzen diodanean, batzuetan galdetzen diot neure buruari zenbatek, nik bezalaxe, ez ote duten egon gura hemen. Nik bezalaxe, zenbatek ez duten bizi nahi.  Galdetzen dut neure artean ea batzuetan bizitza astun gertatzen ote zaien, baina paradoxikoki gero beldurra ematen dit hiltzeak. 

Egia da hemen bakarrik ote nagoen galdetzen diodala neure buruari. 

Hau sentitzen duen bakarra ote naizen.

Badakizu zer den sufritzea baino okerragoa? 

Badakizu zer den izorratuta egotea baino okerragoa? Izorratuta egotea eta zergatik ez jakitea. 

Ez dut gogoratzen noiz hasi zen dena…  Ez dut gogoratzen zein egunetan igaro nintzen soinu ona egitetik “klik” egitera.

Horrela, Egiliorrek pertsona hipersentikor baten, ELLEren, sentiera azaltzen du BORDERLANDen.  Hain sentibera da gizaki hori, ezen edozein gatazkaren aurrean hiltzen ari dela ez sentitzeko borrokatzen baita, eta, aldi berean, ikusleari erakusten dio denok ditugula ELLEren ezaugarriak, baina baita nortasunaren nahasmendua duten pertsonen, bipolarren, antisozialen, mendekotasuna dutenen… ezaugarriak ere. Eta horrela, era arruntean, batzuetan era odoltsuan eta beste batzuetan dibertigarrian ere bai, BORDERLANDek gure ispilu horren aurrean jartzen gaitu.

ELLE: Badago jendea burua ondo dabilkiona. Inbidia ematen dit. Niri beste era batera funtzionatzen dit… 

Batzuetan berak eraso egiten dit eta gauzak esaten dizkit.

Ez nau bakean uzten. 

Eraso egiten dit.

Batzuetan torlojuarena egiten du eta biratzen hasten da ero batek bezala kasu egin diezaiodan. Ez diot jaramonik egiten eta jarraitu egiten du.

Lortzen duen arte.

Iltzatu egiten zait.

Pentsamendu alua. 

Buru madarikatua.

Zelan sentitzen garen kontatzeko unea da. Denok oso antzekoak garela erakusteko unea.

ELLE gorpuzteko, Egiliorrek Ruth Gonzalez sopranoarengana jo du, eta Igor Escuderoren musika-konposizioari, Carlos Calvo Tapiak (pianoa) eta Irene Celestinok (txeloa) interpretatuari, emango dio ahotsa Gonzalezek.

Egiliorrek berak diseinatutako eszenografiak El Señor del Bombin-en argiztapen-diseinua izango du eta jantziak Betitxe Saituak egingo ditu.

Lantalde hori izan da opera garaikide, konprometitu eta ausart honen egilea, eta maiatzaren amaieran ikusi eta entzun ahal izango dugu.

Datak: maiatzaren 20, 21 eta 22a.

SARRERAK