Punto menú Created with Sketch.

BBK Sasoiko Kluba, adinekoen bakardadea arintzeko gune berria

BBK 9 uztaila, 2020

‘BBK Sasoiko klubak’ sortu ditu BBK-k, eta proiektu berri honen bidez adinekoen zentro guztiak eguneratuko ditu Bizkaian horrelako pertsonen bakardadea gainditzeko. Hainbat hilabetez konfinatuta egon ostean, gura duten pertsona guztiek leku modernoagoak eta egokituagoak izatea lortu gura du BBK-k, segurtasun osoarekin eta erabiltzaileen errealizazio pertsonala bultzatuko duten jarduera berriekin.

Koronabirusaren etorrerak ezarritako aldi baterako itxierari esker, 65 urtetik gorako pertsonen egungo beharrizanetara egokitutako beste zentro-eredu bat sortu du BBK-k.

BBK Sasoiko Klubek hiru berrikuntza nagusi izango dituzte:  zentro bakoitza teknologia berriekin inplementatuko da, zentro bakoitzaren eskaintza optimizatu eta zabaldu ahal izateko; adineko pertsonen gura bako bakardade-egoerak hautematea, laguntzea eta prebenitzea lehenetsiko dira; eta gizatalde horren segurtasuna lehenetsiko duten zentroak eratuko dira.

Bakardadeari aurrea hartzea eta aurre egitea

BBK-k azken urteotan lantzen diharduen ildoetako bat adinekoen bakardadea da.  BBK zentroak dira haiekiko lehen harreman-lerroa, eta, horregatik, banku-fundazioak erabiltzailearekin dagoen hurbiltasunezko harremana baliatu gura du gure biztanlerian adin handienekoen beharrizanak hautemateko. Lantalde batek behar egingo luke zentro bakoitzean, gura bako bakardade-egoeren prebentzioari buruzko informazioa eta aholkuak emanez, horixe baita gizarte-zerbitzuak dagoeneko detektatzen ari diren arazoetako bat, etorkizunean areagotu egingo dena, eta horrela, komunitatean parte hartuz, adineko pertsona horien gizarte-bakartzea saihestuko dute. Gainera, aipatutako talde horrek laguntza behar izan dezaketen pertsona ahul edo kalteberak detektatzen eta orientatzen ere lan egingo luke, gerta daiteke-eta horiek zentroetara etortzeko zailtasunak izatea.

Teknologia berriak

Zerbitzuei dagokienez, BBK-k aldaketa iraultzaile bat egitea proposatu du, alderdi dinamikoen, parte-hartzaileen, ludikoen eta kulturalena indartzeko, eta erakundeekin eta auzo bakoitzeko eragileekin konektatutako eredu berri baterantz eboluzionatzeko.  Zentro berrietako bakoitzak ukipen-pantaila handiak izango ditu gela bakoitzean, eta, horrela, erabiltzaileek beste leku batzuetatik eskaintzen diren jarduerak egin ahal izango dituzte, bai taldean eta bai, kasu batzuetan, banaka ere.  Zentro bakoitzak eten digitala desagerrarazteko ahalegina egingo du, eta erabiltzaileei sarbidea erraztuko zaie.

Gainera, punta-puntako teknologia duen estudio nagusi bat sortuko da, leku guztietara aldi berean emititzeko aukera emango du, edo eduki berriak sortzeko, haietan antolatutako jardueretan aurrez grabatuta ere erabil daitezkeenak. Helburua leku dinamikoagoak eta ez hain estatikoak eraikitzea da, beren egoera fisikoagatik harreman- eta topaketa-leku pasiboagoa behar duten pertsonak ahaztu barik.  

Era berean, lan edo beharra amaitu ostean helduaroa jarraitzen duten pertsonen parte-hartzea sustatzeko eta haien esperimentazioa, berrikuntza eta belaunaldien arteko harremanak ahalbidetzeko lan egingo da.  Azken batean, biztanleriaren sektore horren banakako eta taldeko trebetasunak indartzea litzateke helburua.

Azterlana

Aldaketa horiek abian jartzeko, BBK-k diziplina anitzeko talde bat sortu du, bertoko beharginen, Deustuko Unibertsitateko langileen eta hirugarren sektoreko profesionalen parte-hartzearekin; horiek hainbat aldagai eta beharrizan aztertzen ari dira, eta nazioartean arrakasta duten beste kudeaketa-eredu batzuen jardunbide egokiak aurkitu gura dituzte.

Azterlana gizarteak parte hartzeko bide berriak ezartzen saiatuko da, adinekoei beren interesez itaun eginez eztabaida-taldeen bidez.

Lankidetza-eredua

Hausnarketa horretatik ateratzen den adinekoen zentro-ereduak benetan malgua izan behar du, beste erakunde eta entitate batzuekin kudeaketa partekatua ahalbidetzeko modukoa, elkarte-sarearen topaleku ere izan daitekeelarik.  Lankidetza-eredu hori Bizkaiko hirugarren sektoreko eragileen esperientziaz ere elikatuko da, eta, zelan ez, baita haien erabiltzaileen euren ideiez ere.  

Sektoreko teknikarien eta erakundeen prestakuntza bultzatu gura du BBK-k, leku horiek irekiagoak eta aktiboagoak izan daitezen, egungo eskariari erantzuteko gai.

Koronabirus etapa

BBK, gainera, egungo lekuak egokitzen ari da, erabiltzaileen segurtasuna bermatzeko eta lehenesteko osasun-agintariek ezartzen dituzten irizpideen arabera. Dagoeneko lekuak birdefinitzen ari dira, urruntze-neurriak bermatzeko, edukiera mugatzeko eta desinfekzio- eta garbiketa-lanak indartzeko. Horrez gain, BBK-k beste babes-neurri batzuk ezarriko ditu: sarreran lainoztatze edo langarreztatze desinfektatzailea, gel hidroalkoholikoaren banagailuak, alfonbra desinfektatzaileak, … Langile edo behargin guztiei prestakuntza emango zaie, material lagungarriak instalatuko dira, hala nola infografiak edo neurri espezifikoak: atea automatikoki irekitzea, mahaiak behar bezala bereiztea, ukimenezko elementu komunak (txorrotak, xaboi-ontziak, lehorgailuak, …) ordeztea eta abar.

 

Egungo albiste gehiago
BBK-k 16.000 deskontu-bonu aktibatuko ditu "Kreoenti Kultura" plataforman sartzen diren aretoetan
Jaialdiak online edizio berezia eskainiko du aurten, Kobetamenditik emango diren kontzertuekin: El Columpio Asesino, Dora, Amorante, Yawners, Elle Belga eta John Talabot eta Katza-ren DJ setak  
Hondartza denontzat ekimenak La Arena, Ereaga, Plentzia, Laidatxu, Isuntza eta Arrigorrin emango die laguntza mendekotasuna duten pertsonei abuztuaren 31ra arte
Gure ekitaldi guztiak