Punto menú Created with Sketch.

BBK bakardade ikusezina

BBK 28 azaroa, 2019

BBK-k Bakardade Ikusezina aurkeztu du gaur; proiektu honen helburua gizartea sentsibilizatzea da, arreta gutxi jartzen baitzaio gura bako bakardadearen arazo larriari, adineko askok bizi eta pairatzen duten arren. Horretarako, erakundeak eskultura hiperrealista bat jarri du, Bakardadean hildako azken pertsona  izenekoa, Bilboko Areatza pasealekuan, eta Mercedesen irudi eta antzera egina dago, ia 89 urte dituen emakume honek arazo hau pairatzen baitu; honela, arreta jarri gura da, adinekoak bakardadean hiltzearen arazoan ez ezik, baita kasu askotan horren aurretik dagoen gizarte-abandonuan ere.

 

Mercedes Euskadin errealitate hau pairatzen duten 65 urtez gorako 106.000 pertsona baino gehiagoren arteko beste bat da, horietako 60.000 Bizkaian bizi direlarik. Estatistika Institutu Nazionalak (INE) 2018an argitaraturiko datuen arabera, azken 6 urteetan 65 urtez gorako pertsona bakarrek osaturiko etxebizitzak ia % 9,30 gehitu ziren, datu hau izanik orain arte erregistraturiko handiena. Sexuen araberako banaketari dagokionez, INEk adierazi du ia % 75,5 emakumeak direla, zehazki 79.500 pertsona, eta gizonezkoak 27.100.

Datu honek Espainiako estatuan gora egiten ari den joera berresten du, non denboraldi berean kopurua % 11,4 inguru gehitu baita; maila globalean ere, 60 urtez gorakoen % 16,6 bakarrik bizi dira, NBEren arabera. Europako Batasunean kopuru hau handiagoa da, hirugarren adineko europarren % 31,1 baitago egoera honetan. Washingtongo Institute for Health Metrics and Evaluation-ek (IHME) 2018an egindako azterketa baten arabera, egungo joerari eutsiz gero, Espainia izango da munduko herrialderik zahartuena 2050erako, Japonia bera baino ere gehiago.

Teknologia eta lankidetza bakardadearen aurka borrokatzeko

Ekitaldian, Xabier Sagredo Ormazak, BBK-ko lehendakariak, esan du BBK-k “100 urte baino gehiago daramatzala Bizkaiko gizartea garatzeko konpromisoarekin bere ekarpena egiten”, eta adineko jendea dela bere Gizarte Ekintzaren zutabeetako bat. Bakardade Ikusezinarekin, Sagredok azpimarratu du “errealitate ahaztu bati aurre egin gura diola BBK-k”, eta “bakardadearen arazoaz aurrez aurre berba egitera” ausartzen dela, “baita konponbide zehatzak ematera ere, aldaketa positiboa sortzeko guztioi eragiten digun errealitate honetaz”.

Bestalde, Nora Sarasolak, BBK Gizarte Ekintzako zuzendariak, azaldu du erakundeak hainbat ekimen jarriko dituela martxan, adibidez, pertsona bakartuak detektatzeko sare bat sortzea, 80 urtez gorakoei buruzko behatoki bat, arreta pertsonalizatu eta laguntza emateko zerbitzuak, baita bakardadearen prebentziorako eskola bat ere.

Horien artean, nabarmentzekoa da BBK BEHARI egitasmoa, Agintzari elkartearekin batera garatua, sistema teknologiko baten garapenean oinarritua, GIS teknologiari eta big-data elementuei esker, adinekoen datu-base geografikoa eratu eta Udal Gizarte Zerbitzuen eskura jarriko duena.  Bestalde, ERRO ETA ADAR proiektuak, Etorkintza Fundazioarekin lankidetzan, “belaunaldien arteko lotura berriak sortu gura ditu Zorrotzako heldu/nagusien eta gazteen artean, baliagarritasun eta autonomia sentimendua sustatuz, ohitura osasungarriak bultzatuz eta elkarrekiko ezagutza trukatuz bi belaunaldien artean, honela adinaren estereotipoak baztertzeko”, Sarasolak azaldu duenez.

Mercedes, errealitate zabal baten adierazgarri

Mercedes, kanpainaren protagonista, aspalditxotik bizi da gura bako bakardadean eta, normalean, astean duen gizarte-harreman bakarra Caritaseko boluntario batek egiten dion bisita izaten da, eta noizean behin ilobaren baten bisita. Bera da gura bako bakardadean dauden pertsona guztien ordezkaria, bizitza aktiboa izan ostean, zahardadeak eragotzi egiten baitio beregain kalera irtetea, horretarako autosufiziente izatea.

“Bakardadea den eta gauzarik beldurgarriena da, sekula imajinatzen ez duzun zerbait. Hainbeste ordu etxean bakarrik, azkenerako bakardadeak irentsi egiten zaitu” esan du Mercedesek Bakardade ikusezinaren aurkezpenean berba egin duenean.  “Lehen neure bizitza neukan, baina orain ez daukat ezer, ez daukat bizitzarik. Lagunak eta adiskideak gero eta gehiago hilda daude, senitartekoak ere bai, eta hori ikaragarria da. Bizi bitartean hilda egongo bazina lez da”, esan du.

“Beldur pertsonal” bati aurre egiteko

Ruben Orozco, Guadalajaran (Mexiko) jaiotako eskultore hiperrealista ospetsua, aukeratu dute eskultura egiteko. Lana, Bakardadean hildako azken pertsona izenekoa, Mercedesen erreplika da benetako tamainan, eta bere keinuaren eta eskuartean duen erlojuaren bidez, “denboraren ezinbesteko joana” adierazten du, Orozcok berak esan duenez. “Ez dut imajinatu gura bizitza denbora luzean beste pertsona batekin berba egin, ukitu edo ikusi barik. Horregatik egin dut lan hau, beldur pertsonal bati aurre egiteko”.

Orozcok hiru hilabete baino gehiago eman ditu Mercedesen xehetasun bakoitza erreplikatzeko. Bere sormena erretxina, silikona, zur edo giza ilearen bidez adierazten du. “Pertsona baten eskultura egiteko bere arima ikusi behar zaio. Arte hiperrealista pertsona batekiko konexiotik hurbilen dagoen artea da. Ikusi, sentitu eta ia berarekin konektatzea da, nahiz eta eskultura bat izan”, azaldu du.

Sortzeko prozesuan, Rubenek betikotzen duen pertsona bakoitzaren 500 argazki inguru aztertzen ditu, ez bakarrik xehetasunik txikiena jasotzeko, baita bakoitzaren espiritua eta nortasuna adierazteko gai izateko ere. Bere lanen artean nabarmentzekoak dira Frantzisko aita saindua, Frida Kahlo, Grace Kelly edo David Bowie. Normalean, bere lanak sekula ez dira eskala naturalean, eta eskala txikiak edo oso handiak lantzen ditu. Lan hau beste erronka bat izan da bere artearentzat.

XXI. mendeko epidemia

MOEaren arabera, historian lehen aldiz, jende gehienak 60 urte edo gehiagoko bizi-itxaropena du. 60 urte edo gehiagokoak 962 milioi ziren 2017an, 1980an baino bi aldiz gehiago, orduan adineko 382 milioi pertsona baitzeuden mundu osoan. 2050erako, adin tarte honetako biztanleak munduan 2.000 milioi izango direla kalkulatzen da, 2015ean baino 900 milioi gehiago. Bizi-itxaropena luzatzeak aukera on edo abaguneak eskaintzen ditu, baina arazoak ere badakartza berekin.

Brigham Young Universityren (Utah) arabera, bakardadeak % 50 gehitzen du heriotza goiztiarraren arriskua, eta azterketa zientifikoen arabera, tabakoak, alkoholak edo obesitateak baino jende gehiago hiltzen du. Erresuma Batua izan da neurriak hartu dituen  lehen herrialdea, Bakardadearen Ministerioa sortu baitzuen 2018an, Equity Release Council-en arabera, herrialde hartan 9 milioi pertsonak (biztanleriaren % 13,7k) bizi duten arriskuari aurre egiteko.

Egungo albiste gehiago
Pagasarrira Igoeraren XXIX. ediziorako izen-ematea ingurumenaren aldeko keinu xume bat bihurtuko da
19/10/28 Gaur BBK EKIN aurkeztu dugu, ekintzailetza bultzatzeko programa berria Bizkaian startupak sortzeko helburuarekin. Gizarte-konpromisoarekin garapena eta enplegua sortuko dituzten enpresak eraikitzen laguntzea da BBK EKINen helburua.
Gure ekitaldi guztiak