Punto menú Created with Sketch.

Bioarteko lehen esperientzia, herritarren parte-hartzera irekia

BBK 26 martxoa, 2019

2019/03/26

Martxoaren 27an eta 30ean eta apirilaren 4 eta 12 artean Bilbon izango diren Bioarte BBK Open Science jardunaldiek bioartearen mugimendua aurkeztu gura diete herritarrei era aktiboan, baita arlo honen praktika sustatu ere. Jardunaldi hauen lehen edizioa aukera paregabea izango da Bizkaian arte garaikideko korronte berri honetan ekoizteko punta-puntako laborategi-teknikak hurbiletik ikasteko, bioteknologia erabiltzen delarik arte-sorkuntzarako baliabidetzat. BBK Open Science programaren barruan kokatzen den Bioarte jardueretarako izena ematen dutenek bakterioz margotu, gero arte-sorkuntza egiteko bizi mikroskopikoa behatu, edo smartphonerako mikroskopioak egingo dituzte, beste gauza harrigarri batzuen artean.

Bioarte jardueretan herritarrek izango dute protagonismo nagusia, ekitaldi, tailer eta jarduera askotarako (batzuk doakoak, beste batzuk ordainduak) aukera izango baitute, horrela iratzartzeko, ingurune ludiko batean, barnean daramaten artista eta zientzialaria. Biologia arte-ikuspegitik ezagutzeko aukera bat eman gura da, era esperimental, praktiko, atsegin, dibertigarri eta errazean.

Bertaratzen direnek aukera izango dute DIYbio mugimenduaren Espainiako estatuko artista eta ordezkari nagusietako batzuen ─adibidez, “Wet Lab Zaragoza” Komunitate Laborategiko zuzendari eta Etopía-n “Bioarte” Jardunaldien koordinatzailea den Cristina Hernándezen, edo bertoko diseinatzaile Itziar Unzurrunzagaren─ ekimenak eta egitasmoak ere ezagutzeko.

Bioarte 2019 jardunaldietan hiru jarduera-bloke izango dira Bizkaiko hiriburuko hainbat lekutan: Bilbao Arte, BBK Sarriko Zentro edo Dock kafetegian. Lehen blokean 12 orduko tailer bat izango da: “Bioartek ezkutuan duen zientzia” eta hor Bioarten aplikaturiko laborategi-teknikak gauzatuko dira. Bigarrena publiko guztientzako egokia den ekitaldia izango da, bioartea era teorikoan eta praktikoan ezagutaraziko duena. Azkenik, hirugarrenak, “Mikroskopia Estazio Herritarra” deiturikoak, herritarren zerbitzura jarriko ditu mikroskopia-ekipamenduak, profesionalak eta amateurrak, eta askotariko erakusgarriak, bizia arte-ikuspegitik behatu, ikusi eta irudikatzeko helburuaz.

Bioarte jardunaldietarako sarreren salneurria lantegiaren eta jardueraren araberakoa izango da. Jende guztiarentzako ekitaldiek prezio herrikoiak izango dituzte (2 eta 15 euro artekoak) edo doakoak izango dira. BBKren finantzaketari esker, ordaindu beharreko tailerrek % 80rainoko beherapena izango dute jardueraren benetako kostuaren gainean.

Tailerra: “Bioarteak ezkutuan duen zientzia” (martxoaren 27-29 artean Bilbao Arte-n)

Tailer hau Cristina Hernández Ruizek emango du, Wet Lab Zaragozaren koordinatzaileak. Bioarte proiektuak egin gura dituzten gazte profesional, artista, zientzialari, sortzaile eta ikasleentzat da.  Bioarte kontzeptuaren eta bere bilakaeraren errepasoa artearen eta bioteknologiaren artean dagoen zuzeneko harremanaren deskribapen praktikoarekin uztartuko du. Horretarako laborategi-lana, obrak ekoizteko beharrezkoa, egingo da biologia molekularrean, genetikan, mikrobiologian eta mikroskopian, jakintza zientifikoa beharrezko tekniken erabilerarako gaikuntzarekin uztartuta.

Tailerra: “Loreak Sortzen” (martxoaren 30ean)

Publiko guztientzako egokia den tailer edo lantegia da, eta bertan arte-sorkuntza botanika, historia natural, ingurumen-zientzia eta florigrafiarekin konbinatuko da. Jarduera praktiko batekin hasiko da, lore-disekzioarekin, oinarrizko botanika-disekziorako kita eta handiagotzeko lentea erabiliz. Hurrengo sekzioan parte-hartzaileek askatasunez berriz konbinatu eta antolatuko dituzte disekzionaturiko loreen zatiak, loreak berrirudikatzeko eta fotografiatu egingo den konposizio aske bat sortzeko.

Tailerra: “Bakterioz margotzea” (martxoaren 30ean)

Parte-hartzaileek bakteriozko margolanak egingo dituzte, kolore edo fluoreszentziazko pigmentuak sortzen dituzten bakterio (pintura) bioseguruekin hazkuntza-likidoa erantsiz. Zotzak, pintzelak eta beste tresna batzuk erabiliko dira hazkuntza-plaketan (mihisean) bakterioak inokulatzeko. Lanak ikusgai izango dira 24 ordura bakterio-koloniak hazi ostean.

Mikroskopia Estazio Herritarra (apirilaren 4tik 12ra)

Estazio honen helburua da herritarren eskura jartzea mikroskopia-ekipamenduak, profesionalak, hezkuntzakoak eta DIY (autofabrikatuak), bizi mikroskopikoa, bere egiturak eta prozesuak behatzeko, bizian inplizitu dagoen edertasuna hauteman eta irudikatzeko helburuaz. Laginen bistaratzea, irudi-atzematea eta argazki- eta bideo-ekoizpena egingo da, kamera, ordenagailu eta proiektoreei akoplaturiko mikroskopioak eta lupa estereoskopikoak erabiliz. Estazioa zabalik izango da goizez taldeentzat: eskola-ume, hezitzaile, ikasle, artista, zientzialari profesional edo amateur, edo beste komunitate eta talde batzuentzat, erabilgarri dauden tresnez eta materialez baliatuta unibertso mikroskopikoa behatu eta arte-ekoizpenean parte hartu  gura dutenentzat. Arratsaldez jende guztiarentzat izango da zabalik estazioa. Larunbat eta igandeetan mikroskopia eta bioarte tailerrak emango dira.

Tailerra: “Laser-mikroskopioak egitea” (apirilaren 6an)

Tailer edo lantegi honetan DIY (Do It Yourself) laser-mikroskopio bat egingo da, ur-tanta batean dagoen bizia ezagutzeko erabiliko duguna. Egitura bat sortuko dugu bizi mikroskopikoa duen ur-lagin baten gainera laser-argi sorta zuzentzeko, eta horrek aukera emango digu gure zelulak edo laginean dauden organismo bizidunak paretan proiektatuta ikusteko.

Tailerra: “Begiez ikusezina den mundua” (apirilaren 6an)

Tailer honetan hainbat ekosistematako egiturak eta biztanle mikroskopikoak behatu, aztertu eta ezagutuko ditugu: goroldioak, likenak eta abar. Tardigradoen (uretako hartzen), planetako animaliarik liluragarrien eta erresistenteenen, ehiza mikroskopikoa egingo dugu.

Tailerra: “Smartphonerako mikroskopioak egitea” (apirilaren 7an)

Tailer honetan DIY mikroskopio bat egingo da, eta telefono mugikor bati akoplatuta, bizi mikroskopikoa bistaratu eta argazki eta bideo harrigarriak egitea ahalbidetuko digu.

Tailerra: “Gyotaku arrainen aztarna” (apirilaren 12a)

“Gyotakua” grabatu-teknika bat da, 1800. urte inguruan Japonian sortua. Ezagun bihurtu zen arrantzaleen artean, kartel gisa erabiltzen zutelarik azoketan, espezieak eta beraien tamaina erakusteko helburuaz. Organismoek grabatu-xaflarena egiten dute, eta paper edo oihal gaineko presioak irudia bera transferitzea ahalbidetzen du.

Egungo albiste gehiago
Euskadin 65 urtez gorako 106.000 pertsona baino gehiago bizi dira bakardadean; 2 milioi baino gehiago Estatu osoan, INEren datuen arabera
Pagasarrira Igoeraren XXIX. ediziorako izen-ematea ingurumenaren aldeko keinu xume bat bihurtuko da
Gure ekitaldi guztiak