Albisteak

Adinekoak ahalduntzea tratu txarrei aurre egiteko

Adineko edo nagusien tratu txarren arazoa gizarte-mailako eta osasun publikoko arazo bat da, hainbat aurpegi izan ditzake eta, oro har, ez da behar adina jakinarazten. Gai tabua izaten jarraitzen du, normalean gutxietsi egiten da eta mundu osoko gizarteek ez dute kontuan hartzen. Euskadin ere baden gaitz honen tamaina ezagutzen ez den arren, bere garrantzi sozial eta morala eztabaidaezina da. BBK-k, jende nagusi edo adinekoen beharrizanekin duen konpromisoaren barruan, haiek ahalduntzearen alde egiten du, beraien integrazioa bermatzeko eta diskriminazioari eta tratu txarrei aurre egiteko estrategia gisa.

OMEk honela definitzen du adinekoen aurkako tratu txarra: “Adinekoari kaltea edo sufrimendua eragiten dion ekintza bakarra edo errepikatua, edo hori saihesteko neurri egokirik ez izatea, konfiantzan oinarritutako harremanean gertatzen dena”. Indarkeria horrek giza eskubideak urratzen ditu, eta formari dagokionez izan daiteke tratu txar fisiko, psikiko, emozional edo sexuala, arrazoi ekonomiko edo materialengatik zertutakoa, abandonua, arretarik eza edo duintasunaren galera larria eta errespeturik eza. Gaitz horren aurka sentsibilizatzeko eta borrokatzeko, 2011. urtean ekainaren 15a izendatu zen Zahartzaroko Abusu eta Tratu Txarren Kontzientzia Hartzeko Munduko Egun gisa.

Erakundeak 2017an egindako azterlan baten arabera, 2016an 60 urte edo gehiagoko pertsonen % 15,7k abusu-motaren bat jasan zuen; kopuru hori, ziurrenik, gutxietsia dago, adinekoen aurkako 24 tratu txarretatik bakarra jakinarazten baita, neurri batean kaltetuak beldur izaten direlako beren senide eta lagunei edo agintariei informazioa emateko. Adinekoen finantza-esplotazioa eta abusua ohiko arazoa da. Lapurretak, faltsifikazioak, jabegoen edo notario-ahalordeen erabilera okerra, funtsez baliatzeko aukera ukatzea… mundu osoan adinekoen % 5-10ek esperimenta dezaketen finantza-esplotazioaren erakusle dira.

NBEk ohartarazi du 2050. urterako 60 urtetik gorakoen munduko populazioa 2.000 milioira iritsiko dela, eta adinekoen abusuen biktimen proportzioak bere horretan jarraitzen badu, 320 milioi biktima izango direla urte horretan. Euskadin, 2010ean, Eusko Jaurlaritzak azterlan bat egin zuen Euskadin tratu txarrek duten eraginari eta ezaugarriei buruz. Azterlan haren ondorioz, adinekoen % 0,9rengan izan zen tratu txarren susmoa, eta ehuneko hori % 1,5era igoko litzateke elkarrizketatzaileen pertzepzioaren arabera.

Testuinguru horretan, zein da BBKren Gizarte Ekintza bezalako eragileen zeregina, urteak daramatzalarik Bizkaiko adinekoen beharrizanetatik hurbil edo gertu? Zalantza barik, adinekoen aurkako tratu txarrak tamaina handiko erronka dira, eta faktore anitzeko erantzuna, gizarte-izaerako erakunde baten eskumenetatik harago doana,  behar dute. “Dena den, toki horretatik ere posible da prebentzio-jarduerak eta -programak abiaraztea, haien ahalduntzea bultzatzeko lan edo behar eginez; izan ere, haiek indartsu sentitzen direnean, tresnak izaten dituzte egoera jakin batzuk ez onartzeko edo, behar izanez gero, laguntza eskatzeko”, azaldu du Ixone Zubietak, BBK-ko Pertsonen Arloko arduradunak.

Arreta hor jarrita, BBK Sasoikok adinekoei zuzendutako ekintza guztiak eguneratu ditu, jarduera- eta partaidetza-ekosistema bat sortuz, estereotipoetatik urrun, 60 edo 70 urteetara iristen direnen kezka eta interesei erantzungo diena. Proposaturiko jarduera ugariei esker, adinekoek aukera dute esperientzia berriak bizitzeko, nork bereak besteekin partekatzeko, ikasteko eta harreman berriak ezartzeko… “Gure proposamena birplanteatu egin dugu, besteak beste, arrakala digitala, bizipenen eta emozioen kudeaketa edo gura bako bakardade-egoerei aurre egitea kontuan hartuta; azken batean, adinekoen ongizatea eta ahalduntzea helburu duen programa-multzo bat da, haien ahalduntzea baita tresnarik eraginkorrenetako bat, ez bakarrik haien integrazioa ziurtatzeko, baita beraien diskriminazioari eta tratu txarrei aurre egiteko ere”, azaldu du  Ixone Zubietak.

BBK Sasoiko programatik, BBKren Gizarte Ekintzak arreta berezia eskaintzen die adinekoei, kolektibo honi buruzko estereotipo negatiboei aurre egiten laguntzen du, eta kolektiboaren beharrizanei erantzuten die, zahartze aktiboa, parte-hartze soziala eta bizialdi osoko ikaskuntza bultzatzen baititu. Ekimen honen bidez, BBK-k pertsona guztiak gizarteratzeko lan egiten du, haien adina edozein dela ere, 2030 Agendaren Garapen Jasangarrirako Helburuetan jasotako aldarrikapen bat.