Albisteak

EuskarAbenturako 128 parte-hartzaileak Klima Abentura-ra iritsi dira espedizioaren azken txanpan

EuskarAbenturaren 2022. edizioan parte hartu duten 16 eta 17 urte bitarteko 128 gazteak BBK Klima Abentura esperientzia-parkera iritsi dira gaur arratsaldean, eta bertan igaro dute arratsaldea, uztailaren 1etik Euskal Herria zeharkatzera eroan dituen espedizioaren azken txanpan.

Heldu direnean Nora Sarasolak, BBK-ko Gizarte Ekintzako zuzendariak, azaldu dien legez, “Klima Abenturak kontzientziatu, sentsibilizatu eta bizimodu jasangarriak sustatu gura ditu. Klima-aldaketaren aurka jarduera global bat modu ludikoan bultzatzeko jarduerak eskaintzen dituen lehen esperientzia-parkea eta ingurumen-hezkuntzako zentroa da.

EuskarAbenturako neska-mutilak esperientzia-parkera iritsi dira, familia urdinak lagunduta, Euskal Herri gehiena Donejakue Bidearen hiru aldaeretan barrena zeharkatu ostean: Frantziako bidea Mauletik Lizarrarantz, barnealdeko euskal bidea Gesaltzatik Iruñeraino (kontrako norabidean) eta euskal kostaldeko bidea Baionatik Getxoraino. Azken horrek ekarri ditu gaur Urdaibaiko Biosferaren bihotzera, eta hilaren 31n Getxora espedizioaren amaierara eroango ditu. Guztira, 31 etapatan 700 kilometro baino gehiago egingo dituzte.

Bestalde, EuskarAbenturako arduradunek, Ane De La Presa eta Irune De La Maza-k, eskerrak eman dizkiote BBKri proiektuari emandako babesagatik, “besteak beste BBKren babesari esker gauzatu baita EuskarAbentura; eta urtez urte, espedizioa aurrera ateratzeko aukera ematen du horrek”.

BBK Klima Abentura publiko orokorrarentzat jarrera-aldaketarako sarbide gisa aurkezten da, eta gaur arratsaldean, EuskarAbenturako parte-hartzaileek zuzen-zuzenean gozatu dute bizimodu jasangarriak sustatzea helburu duen murgiltze-esperientziaz, eta, gainera, klima-trantsizioan lider diren eragileen berrikuntza eta topaketarako nodo gisa balio du.

Hainbat taldetan banatuta, gazteek parkeak dituen hiru erronkei aurre egin diete arratsalde honetan: ura (urak bizitzaren zikloan duen garrantzia azpimarratzen da, eta berarekin energia berriztagarriak sortzeko aukera), energia-mugikortasuna (parte-hartzaileek energia berriztagarriei, energia-xahuketa saihesteari eta hiri-garraioaren garrantzia baloratzeari garrantzia ematea bilatzen da) eta janaria (elikagaien, horien ekoizpenaren eta ekosisteman duten eraginaren ingurukoa da). Guztira, BBK Klima Abenturako 14 jarduerez gozatu ahal izan dute:  scape room, arboretum, tirolina, domo 360º, intsektu-hotela, anfiteatroa, bizikleta elektrikoak, energia berriztagarrien hainbat instalazio, etab. Eta erronka bat gainditu duten bakoitzean, DIWOen (planeta zaintzen duten izaki ñimiñoen) komunitatea handitzea lortu dute.

Amaitzean, Sarasolak gogorarazi die esperientzia-parketik haratago doan proiektua dela BBK Klima, eta klimaren aldetik neutroa den ekonomia lortzeko gaur arratsaldean hasi duten lana garapen jasangarrirako helburuak lortzearekin bat datorrela ─besteak beste, 4. helburua (kalitatezko hezkuntza), 6.a (ur garbia), 7.a (energia), 12.a (ekoizpen eta kontsumo arduratsua), 13.a (klima), 14.a (itsaspeko bizitza) eta 15.a (lehorreko ekosistemen bizitza)─ eta lan horrek norberaren etxean jarraituko duela Zirkular Etxea martxan jartzen denean. Plataforma horrek ingurumenarekin konprometituta dauden eta beren etxeak jasangarriagoak izateko ezagutza partekatzeko prest dauden familien sare bat sortu gura du, beraien bitartez ohitura jasangarri berriak hartzea sustatzeko, etxeetan abian jar daitezkeen estrategia txikien bidez.