Albisteak

Fair Saturday Forumaren seigarren edizioak nazioarteko lider kultural eta sozialak bilduko ditu berriro Bilbotik

Datorren maiatzaren 2tik 31ra bitartean, Fair Saturday fundazioak eta BBK-k, Bizkaiko Foru Aldundiarekin eta Bilboko Udalarekin lankidetzan, kulturari eta gizarte-berrikuntzari buruzko hitzaldi bat eskainiko dute egunero, FSForum – Culture and Social Innovation delakoaren esparruan.
Oraindik ere bizitzen ari garen ziurgabetasun-garai hauetan, eta gizateria gisa oraindik ere aurrean ditugun erronkak kontuan hartuta, zer egiteko izan behar dute kulturak eta gizarte-berrikuntzak etorkizun hobea eraikitzeko? FSForumak – 2017an Bilbon jaiotako nazioarteko hausnarketa-guneak – Kulturaren bidez gizartea eraldatu duten kasu nabarmenak bilduko ditu, bai digitalki, bai Bilbotik bertatik, maiatzean zehar.

Zehazki, Fair Saturday Forumaren seigarren edizioan, 25 lider kultural eta sozial izango dira 13 herrialdetatik etorriak, eta beren gogoetak partekatuko dituzte, pertsonen, hirien eta kulturen arteko harremanak inspiratzeko eta estutzeko. Egunero, maiatzean zehar, hamar minutu inguruko online hitzaldi inspiratzaile bat emango da www.fsforum.online kanalaren bidez, eta Urazurrutia 3ko BBK Kuna eraikinean astero hitzaldi bat entzuteko aukera ere izango da.

Maiatzaren 2an, astelehenean, 11:00etan, inaugurazio-ekitaldia egingo da BBK Salan, Fair Saturday fundazioko zuzendari Jordi Albareda, BBK-ko zuzendari nagusi Gorka Martí­nez, Euskara, Kultura eta Kiroleko foru diputatu Lorea Bilbao eta Bilboko Udaleko Ekonomia Sustapeneko zinegotzi Xabier Ochandiano bertan direla. Ekitaldian zehar digitalki konektatuko da munduko hainbat tokitako hizlariekin. Besteak beste, Antonio Garrigues Walker jaunak Alex Borovensky elkarrizketatuko du, ProEnglish Theatreko zuzendari artistikoa, ukrainar erresistentziaren ikurra kulturaren bidez; Sepehr Sharifzadeh, Irango Nowrouze Honar Theater Agencyren sortzailea; eta Victoria Romann, Alemaniako Arquitects of Music-eko presidentea.

Jordi Albareda Fair Saturday fundazioko zuzendariaren hitzetan, Gaur egungo une asaldagarrietan oso garrantzitsua da entzuteko eta elkar ulertzeko espazioak sortzea, pertsona eta proiektu inspiratzaileei ahotsa emanez, errealitate hobeak pentsarazi eta eraikitzeko. Gorka Martinez BBK-ko zuzendari nagusiaren arabera, Gure eginbeharra kultura bultzatzea da, orain inoiz baino gehiago. Beste urrats bat ematea lortu behar dugu, gizartearen beharrei aurrea hartuz, kultura eta berrikuntza askatasuna, gizarte-kohesioa eta berdintasuna bermatzeko bitarteko direla.

Fororako sarbidea librea izango da http://www.fsforum.online helbidean izena emanda, eta eguneko hitzaldi bat ikusi ahal izango da.