Albisteak

Flamenco BBK martxoan itzuliko da, sekula baino garaikideago, Marco Flores eta ‘rayuela’rekin

Martxoaren 11n, Marco Flores flamenko-dantzari eta koreografoak ‘Rayuela’ ikuskizuna eskainiko du BBK Salan. Horrela, Bizkaiko kultura-programaziora itzuliko da FLAMENCO BBK, 2020an zikloa etenda geratu ostean. FLAMENCO BBKren XVI. edizioak jondo artearen lau ikuskizun eskainiko ditu, behin eta berriz bere burua berrasmatzen duen genero baten aurpegirik garaikideena erakusteko jendeari, talentu berriei laguntzeko helburuarekin.

Ikuskizun guztiak 20:00etan hasiko dira. Sarrerak leihatilan, Kutxabank kutxazainetan edo www.salabbk.bbk.eus webgunetik eros daitezke, %15eko deskontuarekin Kutxabank txartelak erabilita.

Francisco Lópezen zuzendaritzapean eta Olga Periceten aholkularitza koreografikoarekin, Marco Floresen ‘Rayuela’ lanak David Lagos eta Alfredo Lagos elkartuko ditu bost sekuentziako dramaturgia-egituran, atzera begiratu eta 20 urteko ibilbidearen balantzea egiteko. Jerezeko Jaialdian lehen aldiz emana, ikuskizun honek amaiera eman behar zion 2020ko FLAMENCO BBK edizioari.

Martxoaren 25ean, ostirala, flamenko artea birjaio, hazi eta uneoro berrasmatzeko gai dena, bere dimentsio osoan adieraziko da ‘Flamenco: espacio Creativo’ ikuskizunean. Estévez & Paños-ek Alfonso Losarentzat zuzendutako ikuskizuna da, Concha Jareño eta Sandra Carrasco artista gonbidatuekin, Francisco Vinuesaren musika-zuzendaritzapean eta Antonio Camposen cantearekin.

Apirilaren 22an, ostirala, ‘Savia Nueva’, Monge & Martí­nek FLAMENCO BBK-rentzat ekoitzia, estreinatuko da. Bertan, Ígueda Saavedra, Juan Tomás de la Molí­a eta Irene Rueda flamenko-dantzariak oholtza gainean elkartuko dira, dantza, kantua (cante) eta musika-laguntzak (toque) ardatz izango dituen proposamen bat garatzeko, balio gazteen teknika, indar eta bat-batekotasun guztiarekin.

Maiatzaren 6an, ostirala, Ezequiel Benitez kantariak, Paco Leonen gitarra lagun duela, amaiera emango dio FLAMENCO BBKri, eta hitzordu berezi honetan bere aita, Alfredo Bení­tez Valle, bizitzaren eta cantearen maisua eta ziklo honen hastapenetan funtsezkoa izan zen pertsona gogoratuko du.

FLAMENCO BBK-ko agertokietatik, bere ibilbidean zehar, jondo artearen izen handiak igaro dira, hala nola Enrique Morente, Tomatito, Pepe Habichuela, Rafael Riqueni, Israel Galván, Miguel Poveda, Fernando Terremoto, besteak beste, eta generoa berritu duten artista gazteak, hala nola Rocio Molina, Manuel Liñan, Olga Pericet, Jesús Carmona eta Patricia Guerrero.