Punto menú Created with Sketch.

Fundazioen sektorea funtsezkoa gizarte- eta ingurumen-erronkei aurre egiteko

BBK 14 maiatza, 2020

Filantropia eta fundazioen sektorea goraka doa maila globalean, eta funtsezko zeregina izango du gizarte- eta ingurumen-erronka handiak konpontzeko; izan ere, inbertitu egin dezake Administrazio Publikoak bere esku-hartzea murriztu duen sektoreetan. Hori da “Inpaktuaren neurketatik inpakturako ikaskuntzara: Europako fundazioen ikaskuntza-ibilbideak” azterlanak atera duen ondorioetako bat; azterlana Esade Entrepreneurship Institute (EEI) erakundeak egin du, BBKren eta Fundazioen Espainiako Elkartearen laguntzaz. Txostenak eragin edo inpaktuaren neurketa eta kudeaketa berrikusi ditu erreferentziazko Europako lau fundazioren (Reach For Change, Calouste Gulbenkian, Impetus eta Esmée Fairbairn) azterketatik abiatuta, eta agerian utzi du garrantzitsua dela horrelako erakundeek sortzen duten inpaktua zein den jakitea, maximizatzen ikasteko.

Egungo krisiaren argitan, Europako filantropia “arina” izan da erantzuten. Larrialdi-funts ugari ezarri dira. Sektore filantropikoaren barruan ere lankidetza areagotu egin da. Europako 180 finantzatzailek baino gehiagok gutun bateratu bat sinatu dute COVID-19ari zelan erantzungo dioten azaltzeko. Lisa Hehenberger Esade Entrepreneurship Instituteko (EEI) zuzendariak adierazi duenez, “astinaldi handia da hau, eragin handikoa sektore osoarentzat. Errotiko aldaketak, aurrekari bakoak, daude filantropiaren barruan, bereziki baliabideei eta ikuspegiari dagokienez. Begi-bistakoena kulturatik osasun-arretarako aldaketa izan liteke. Fundazio asko arlo berriak finantzatzen hasi dira, eta pandemiaren aurrean programa guztiak berriz ebaluatzen”.

Nora Sarasola BBK-ko Gizarte Ekintzako zuzendariaren ustez, “gero eta konpromiso handiagoa duen eta zorrotzagoa den gizarte baten aurrean gaude, kontsumo arduratsuaren alde egiten duena eta erakunde baten jarduerek bere ingurunean zelan eragiten duten jakitea eskatzen duena, eta, ondorioz, beharrezkoa da gizarteari egiten dion ekarpena ebaluatzea eta horren garrantzia azpimarratzea. Testuinguru horretan, inpaktua neurtzearen garrantzia erakundeen gizarte-balioa ulertu, neurtu eta komunikatzetik harago doa. Gainera, funtsezko elementua da enpresa eta erakundeen kudeaketa arduratsurako, gure inpaktua maximizatzea eta gure ingurunean sortzen dugun efektu eraldatzailea ezagutzea bilatzen dugu eta”.

Eginkizun katalizatzailea

Fundazioen sektorea garrantzitsua da maila ekonomikoan: Europa mailan soilik ia 60.000 milioi euro gastatu ziren 2015ean. Eta Ameriketako fundazioen kasuan, 75.860 milioi dolar izan ziren 2018an. 147.000 fundazio emaile baino gehiago daude Europako 24 herrialdeetan, Europako fundazioen eta emaileen elkarteen sareetan (Donors and Foundations Networks of Europe, DAFNE) ordezkatuta. Gai filantropikoetan egindako gastua gizarte- eta ingurumen-gaietan egindako gastu globalaren ehuneko txikiagoa bada ere, fundazioen sektoreak eginkizun katalizatzailea du: sektore publikoa integratzeko gai izan ez den berrikuntzak handiagotzen lagundu dezake, baita gastuan murrizketak edo jardueraren jaitsiera gertatu diren eremuetara baliabideak bideratzen ere.

Horregatik, txostenak adierazten du beharrezkoa dela Europako fundazioen sektoreari laguntzea inpaktuaren kudeaketa zertan datzan hobeto ezagutzen, eta alderdi ukiezinenen garrantzia kontuan hartzen eta horiek egoki kudeatzen (kultura, prozesuak eta gaitasunak, esaterako). Ildo horretan, AEFren eginkizuna funtsezkoa izango da ikerketaren gomendioak Espainiako fundazioei helarazteko.

Aldaketa eraldatzailea sinatutako txeke batetik harago

Fundazioak gazteen langabezia edo errefuxiatuen integrazioa bezalako esparru handietan jarduteko prestutasun handiagoa duten neurrian, lor dezaketen inpaktua beren proiektu edo banako laguntzen emaitza espezifikotik harago doa. Azterlanetik ondorioztatzen denez, gastu publikoaren uzkurdurarekin kontu-sail garrantzitsuetan, eta ingurumen- eta gizarte-helburuak (garapen jasangarriaren helburuak, esaterako) lortzeko apustua areagotzeko premiaren aurrean, inpaktuaren kudeaketa askoz ere garrantzitsuagoa bihurtzen da, ongintzako fundazioek izan dezaketen eginkizun bultzatzailea kontuan hartuta, gainerako eragile publiko eta pribatuena ez bezalakoa baita.

Fundazioek beren inpaktua irmo edo ausartago kudeatu beharra nabarmendu dute filantropia katalitiko eta estrategikoaren joerek. Txeke bat sinatzeaz harago, emaileek aldaketa eraldatzailea sustatzeko hartzen duten ikuspegi gisa deskribatzen da filantropia katalitikoa. Filantropia estrategikoak fundazioen konpromisoa lehenetsi du helburu argi batzuen alde, baita datuek bultzatutako estrategiak, kontu gehiago ematea eta bere ebaluazioetan zorroztasuna ere. Joera filantropiko horiek areagotu egin dute datuetan oinarritutako erabakiak hartzeko beharra, baita ikaskuntza estrategikoa hausnarketaren eta inpaktua kudeatzeko metodoen lehen lerroan egotearen beharra ere.

Inpaktua kudeatzeko ibilbide-orria

Ikerketak ibilbide-orri bat garatu du inpaktuaren kudeaketari buruz hausnartu beharko lituzketen gai guztiak aztertzen laguntzeko fundazioei:

1. Inpaktuaren kudeaketa-ikuspegia diseinatzea:

Inpaktuaren kudeaketaren ‘zer’, ‘non’, ‘noiz’ eta ‘zelan’ hartzen ditu. Beharrezkoa da zehaztea zein tresna erabiltzen diren, zelan batzen diren inpaktuaren datuak, norenak eta zelan baliozkotzen diren, eta zelan sar daitezkeen prozesu horretan eragileak eta interes-taldeak. Fundazio asko lehen gaian geratzen dira, hau da, inpaktuaren kudeaketaren ikuspegiaren diseinuan, eta ez diete behar besteko arretarik jartzen diseinu horrek bere ahalmen osoa hedatu ahal izateko behar diren gaitasunei eta inguruneei. Ibilbide-orriak beste faktore bideratzaile “ukiezinago” (soft) horien garrantzia azpimarratzen du, inpaktua kudeatzeko irtenbide teknokratiko baten ohiko agertokia, ez barruan ez kanpoan aurrera egitea lortzen ez duena, saihesten laguntzeko fundazioei.

2. Inpaktua kudeatu ahal izateko baliabidez hornitzea eta antolatzea:

Helburua da inpaktuaren kudeaketarekin lotutako jarduerak gauzatzeko behar adina aurrekontu erakundeak jartzen duela ziurtatzea, eta antolaketa-esparru egokia sortzea fundazio osoari dagokion jarduera izan dadin, silo edo zuloak apurtuz.

3. Inpaktuaren kudeaketa kulturaren bidez sustatzea:

Fundazioek ahalegindu behar dute kudeaketa-ikuspegi hori antolaketa-kulturan barneratzen dela ziurtatzeko, arauak betetzean eta komunikazioetan oinarritutako pentsamolde batetik ikaskuntza eta hausnarketa zintzoa lehenetsiko dituen pentsamolde batera igarotzeko. Horretarako, zuzendaritzak eta patronatu-kideek prozesua gidatzea, erakundearen barruan inpaktu-mentalitate bat zabaltzea eta onuradunekin partekatutako ikaskuntza-ikuspegi batera igarotzea proposatzen da.

 4. Inpaktua kudeatzeko barne- eta kanpo-gaitasuna sortzea:

Ezaupide- eta gaitasun-arrakala garrantzitsua dago fundazioko langileen artean inpaktuaren kudeaketari dagokionez, bereziki laguntzen hartzaileen gaitasunak garatzeko moduari dagokionez. Inpaktu globalaren kudeatzaile batek, fundazio osoan, lagundu egin dezake inpaktuarekin lotutako zeregin espezifikoez arduratzen diren langile edo beharginak orientatzen.  Aztertutako kasuek erakusten duten legez, fundazioek baliabideak eta tresnak sortu dituzte programetako langileentzat, baita prestakuntza-saio lagungarriak ere. Hala ere, onartu dute langileen artean aldakortasun handia dagoela arlo horretan dituzten gaitasunei dagokienez.  Horretarako, laguntzen hartzaileak gaitzea proposatzen da: Laguntzen hartzaile gehienek gaur egun ez dituzte baliabide (finantzario eta ez-finantzario) egokiak haien eragin edo inpaktua arrakastaz kudeatzeko. Elkarrizketatutako fundazioak hainbat ikuspegi probatzen ari dira laguntzen hartzaileei laguntzeko, dela laguntzen inpaktuaz beraiekin modu intentsiboan lan eginez, dela ebaluazioetarako eta inpaktuaren kudeaketaren arloan barne-gaikuntzarako finantza-laguntza eskainiz.

5. Lankidetzan aritzea, ezaupideak partekatzea eta gardenak izatea:

Etorkizunerako itxaropentsuak diren gauzak ikusten dira, adibidez elkartzen ari diren fundazioak datuak biltzeko, onuradunen txosten-karga murrizteko eta haien ideiak eta ikaskuntzak modu irekian partekatzeko. Teknologiaren eta datuen iraultzak aukera interesgarriak eman ditzake fundazioek sektore osoan inpaktuaren kudeaketa hobetzen laguntzeko.

 

Egungo albiste gehiago
BBK-k 16.000 deskontu-bonu aktibatuko ditu "Kreoenti Kultura" plataforman sartzen diren aretoetan
Jaialdiak online edizio berezia eskainiko du aurten, Kobetamenditik emango diren kontzertuekin: El Columpio Asesino, Dora, Amorante, Yawners, Elle Belga eta John Talabot eta Katza-ren DJ setak  
Hondartza denontzat ekimenak La Arena, Ereaga, Plentzia, Laidatxu, Isuntza eta Arrigorrin emango die laguntza mendekotasuna duten pertsonei abuztuaren 31ra arte
Gure ekitaldi guztiak