Albisteak

INGURATU ZAITEZ NATURAGUNEZ HOBETO ZAHARTZEKO

Denbora gutxian, hirurogei urtetik gorako pertsonak Bizkaiko biztanleriaren % 40 izango dira, eta garrantzitsua da bizi-etapa hori ahalik eta ondoen biziko dela bermatzeko neurriak hartzea. Errealitate hori kontuan hartuta, beharrezkoa da “zahartze osasungarria” sustatzea, Osasunaren Mundu Erakundeak honela definitu duen kontzeptua: “Adinekoen ongizatea ahalbidetzen duen trebetasun funtzionala garatzeko eta mantentzeko prozesua”. Naturagunez inguratzea funtsezko osagaia da urteak modu aktiboago, osasungarriago eta zoriontsuagoan betetzeko. Zuhaitz bat besarkatzea ongizatearen bermea da.

Hain zuzen ere, azterlanek bermatzen dute naturaguneek funtsezko eginkizuna dutela adinekoen ongizaterako, eta are gehiago hiriguneetan, bertan biltzen baita biztanleriaren segmentu horren zatirik handiena. Ebidentzia zientifiko batzuek ziurtatzen dute berdegune handiagoa duten auzoetan bizitzea norberak nabaritutako osasun mental eta osasun fisikoaren hobekuntzarekin lotzen dela, bai eta obesitate-maila txikiago eta gaixotasun-arrisku txikiagoarekin ere. Beste ikerketa batzuek erakutsi dutenez, berdegune handiagoa duten auzoetan bizi diren adinekoek osasun orokor hobea, bizi-gogobetetasun handiagoa eta estres gutxiago izaten dute.  Gainera, berdegunearekiko esposizio handiagoa gaixotasun kardiobaskularrak (diabetesa, adibidez) izateko arrisku txikiago eta adineko biztanleriaren heriotza-tasa txikiagoarekin lotu da.  Alajaina!

Baina, gainera, hirigune naturalak pertsonei dakarkien beste onura bat gizarte-kohesioa da. Parkeetan, hirugarren adinekoen kolektibo horrek sozializatzeko joera du, eta horrek bizi garen garaiko gaitz bati aurre egiten laguntzen du: gura bako bakardadeari, alegia. Pandemia isila, herrialde industrializatuetan lau pertsonatik bati eragiten diona, eta osasun fisiko eta psikikoan eta hura pairatzen duten pertsonen bizi-kalitatean eragin negatiboa duena. Zehazki, Euskadin 106.000 adinekok pairatzen dute.  Arazo horri aurre egitea da, hain zuzen ere, BBKren “Bakardade ikusezina” kanpainaren helburuetako bat: Mercedes, Ruben Orozco artista mexikarraren eskultura hiperrealista, Bizkaiko hainbat herritan izango da datozen hilabeteetan gai honen inguruan gizartearen arreta pizteko. Era berean, BBK Sasoikoren lehentasunetako bat da, zahartze aktiboa eta parte-hartze soziala sustatzen duelarik; edo BBK Kunarena ere bai, gaiari buruzko gogoeta egin eta konponbideak aurkitzeko bideak aztertuz, 2030 Agendan zehaztutako Garapen Jasangarrirako Helburuen ildotik.

Eta, azkenik, eta ez horregatik garrantzi txikiagokoa: auzoan berdeguneak izateak jarduera fisiko gehiago egitera bultza dezake. Fisikoki aktibo egotea garrantzitsua da adinekoen osasunerako, eta naturaguneek oinez ibiltzera gonbidatzen dute, bakoitzak bere erritmoa markatuz, semaforoetan, zebrabideetan edo jende-pilaketetan gelditu behar barik. Eta zaratarik, kutsadura atmosferikorik eta berorik gabeko giroan egin daiteke, kirola egiteko ingurune idiliko bihurtuta.

“BBK-k pertsona nagusi edo adinekoak gonbidatzen ditu irten eta inguratzen gaituzten naturaguneez gozatzera, horiek aldarrikatu eta bizitzera, azken finean, natura osasuna baita”, azaldu Ixone Zubietak Sasoiko elkartetik. “Hiri jasangarriak, inklusiboak, seguruak eta erresilienteak” eraikitzearen garrantzia gehitu du, “etorkizuneko hiriak ingurumen-parametroen pean pentsatuta egon behar duelako eta adinekoekin adiskidetsua izan behar duelako, osasun publikoan duen zeregina funtsezkoa baita”, 11. GJHak proposatzen duenaren ildotik.

Zorionez, Bizkaiak naturagune paregabeak ditu, hiri barruan zein kanpoan. Bizkaiko natura-esparru paregabe horien barruan dago, adibidez, Urdaibaiko Biosferaren Erreserba, non, gainera, duela gutxi BBK-k Klima, ingurumen-hezkuntzari eskainitako gunea, ireki duen. Adin guztietako jendearentzako lekua da, belaunaldi artekoa, inguratzen gaituen naturaz ikasten eta gozatzen jarraitzeko egokia, ez baitago adin-mugarik berdeguneek ematen duten guztia aprobetxatzeko. Edo, zergatik ez parte hartu BBK Mendi Martxan? Ibilaldi gidatu hauek uztailean hasiko dira Txarlazoko igoerarekin, eta jende guztiarentzat egokiak diren ibilbideak proposatzen dituzte; gainera, ariketa fisikoa egiteko eta beste pertsona batzuekin tarte on bat  igarotzeko aukera paregabea dira. Azken finean, Bizkaiko naturaguneez gozatzeko aukerak eta proposamenak dira. Beraz, anima zaitez, jantzi zapatilak eta irten ibiltzera eta aire garbia arnastera, gorputza eta burua oxigenatzeko eta horrela hobeto zahartzeko.