Albisteak

KUNA-CO PROIEKTUAK EKIMENAREN BIDEZ BIZKAIAN GIZARTE-INPAKTUA IZANGO DUTEN 3 PROIEKTU BULTZATZEN DITU BBK KUNAK

BBK Kuna: GJHen ─Garapen Jasangarrirako Helburuen─ Etxeak hiru proiektu hautatu ditu KUNA-CO PROIEKTUAK deialdiaren bidez.  Ekimen honekin, Euskadin oro har eta Bizkaian bereziki 2030 Agendari lotutako erronkei irtenbideak bilatzea helburu duten eta, aldi berean, Bizkaian aldaketa eragingo duten Berrikuntza Proiektuak bultzatu gura ditu erakundeak.

Proiektu horiek BBK Kuna Institutuak, Daniel Innerarity buru duen eta lurraldean erreferente diren ahotsek osatzen duten Think Tank-ak, identifikatutako erronkei erantzuten diete; izan ere, BBK Kunatik, Institutu horrek lehenesten ditu datozen urteetan landu beharreko etorkizuneko erronkak.

Deialdiak baterako lana sustatzen du, eta, beraz, deialdi honen xede diren proiektuen buru beren lankidetza eragile anitzeko partzuergo baten bidez antolatzen duten erakundeak daude. Proiektu guztiek irabazi-asmo bako erakunde bat, proiektua koordinatuko duena, izaten dute.

Hautaturiko hiru proiektuen aurkezpena gaur goizean izan da BBK Kunan, eta bertan izan dira: Nora Sarasola BBK-ko zuzendaria; Daniel Innerarity BBK Institutuko lehendakaria; Karmele Acedo, SSI Taldeak gidatutako Proiektuaren ordezkari gisa; Jaime Zufia AZTIko Prozesu Eraginkor eta Iraunkorren koordinatzailea, AZTIk aurkeztutako proiektuaren ordezkari gisa; eta Maria Lambarri, Deusto Social Lab-eko proiektu estrategikoen koordinatzailea, HUME ikerketa-taldea koordinatzen eta gidatzen duen proiektuaren ordezkari gisa.

.Ikerketa-ekintza

Ikerketa-ekintzako Kuna metodologiaren helburua da proiektuek teoria testatu edo probatzea ekintzan duten eraginkortasunaren arabera, ezagutza baliozkoa eta eragingarria sortzea bilatuz. Ikerketaren helburua ez da errealitatea aztertzea, aldatzea baizik. Hautatutako gaiari buruzko ikerketa barne hartzen dute proiektuek, eta gainera aplikazio praktikoa, ekintza ukigarria eta transferigarria izango duen emaitza ziurtatzen dute. Deialdiaren onuradun suertatzen den ikerketa-ekintzako proiektu bakoitzak 50.000 eurorainoko diru-laguntza jasoko du.

Proiektuek BBK Kuna komunitatearekin, BBK Kunako gainerako proiektuekin, konektatzeko bokazioa izango dute, emaitzak hobetzeko lankidetzak ezarriz, eta BBK Kunaren instalazioetan garatu ahal izango dira.

2022 DEIALDIAN AUKERATUTAKO PROIEKTUAK

  1. MIGRAZIOA ETA OPAROTASUNA: GARAPEN EKONOMIKO ETA SOZIAL INKLUSIBOA.

Zaintza-sektorean lan egiten duten atzerritar jatorriko pertsonen enplegagarritasuna eta bizi-kalitatea hobetzea du helburu ERTZEAN proiektuak, mendekotasuna eta desgaitasuna duten pertsonak etxean eta/edo gizarte-erakundeetan zaintzeko sektorean orientazio, laguntza eta prestakuntzarako zerbitzu bat diseinatuz eta emanez.

Bilbo Handian zaintzen sektorean eta etxe-zerbitzuaren sektorean lan edo behar egiten duten atzerritar jatorri eta/edo etorkiko pertsonen errealitate soziolaboralaren azterketa sakona egitea aurreikusten du proiektuak. Analisiak aukera emango du premia edo beharrizan espezifikoak detektatzeko, bai pertsonei dagozkienak, eta bai zaintza-sistema osoari eta lan-merkatuari dagozkienak. Horrela, proiektuak hainbat adierazle planteatzen ditu, bai proiektuak sortu gura dituen gizarte-aldaketei buruzkoak, maila mikro eta indibidualean neur daitezkeenak, eta bai erdi-maila edo sistemikoari buruzkoak, ekonomiaren eta lan-merkatuaren ikuspegitik.

Proiektua Servicios Sociales Integrados S. Coop. edo SSI taldeak, Ignacio Ellacuría Gizarte Fundazioak, Ikuspegi Immigrazioaren Euskal Behatokiak eta Deustuko Unibertsitateak garatuko dute..

  1. TRANTSIZIO DIGITAL HUMANISTA.

Proiektu hau Deustuko Unibertsitateko HUME (Humanism and Management and Economics) taldeak garatzen du, Wikitokiren eta lau arlotako ─zibersegurtasun, datu pertsonalen babes, gobernu ireki eta gizarte zibileko─ eragileen laguntzarekin.

Bizkaian Trantsizio Teknologiko-Digitalaren (TTD) gobernantzan kontuak emateko mekanismoak identifikatzea eta ebaluatzea helburu duen ikerketa bat egingo da, Garapen Jasangarrirako Helburuei (GJH) begira.

Udalerriek, foru-aldundiek eta Eusko Jaurlaritzak datozen urteetarako agindutako “trantsizio handi”etako batean sakontzea eta horren pultsua neurtzea da helburua:  trantsizio teknologiko-digitala, energia- eta ingurumen-trantsizioarekin eta gizarte- eta osasun-trantsizioarekin batera (“Euskadiko Eraldaketa Digitalerako Estrategia 2025”). Teknologia digitalak enpresetan integratzea eta gizartean duten eragina sartzen da hor.

Proiektuaren bidez, dimentsio anitzeko txosten bat egiten saiatuko dira, trantsizio horren eragin edo inpaktua balioesteko, betiere kontuak ematea ardatz hartuta, herritarren parte-hartzea sustatuz, gizabanakoak prozesu teknologikoen erdigunean kokatuz eta gobernantza-harremanetan horizontaltasun handiagoa sortuz. Ekimena lurralde-eskala handiagoko azterlanekin eta gobernantzako beste sektore batzuekin osatu ahal izango da etorkizunean.

  1. GASTRONOMIA JASANGARRIA:

Proiektuaren helburu nagusia da Bizkaiko gastronomiaren sektorerako eta beraren balio-katerako eragiketa-eredu bat sortzea eta baliozkotzea, garapen jasangarriaren printzipioak txertatuko dituena eta jardueraren balorizazio- eta hobekuntza- eta sektorearen epe luzerako biziraupen-elementu gisa balioko duena. Sektore honen gizarte-eragina oso esanguratsua da, sektoreak garrantzi handia duelako Bizkaiko ekonomia- eta enpresa-sarean, eta, beraz, barne hartzen dituen lanpostuen kopuruan.

Gainera, beharrezkoa da sektore osoa lehiakide diren eskualdeen aurrean posizionatzea eta euskal gastronomiak garapen jasangarriari dagokionez duen posizionamendua hobetzea, Euskadin turismo arduratsua bultzatzeko.

Proiektu hau ereduaren erreplikagarritasunaren bidez duen trakzio-ahalmenagatik eta beste ingurune eta sektore batzuetan eragiteko duen gaitasunagatik nabarmentzen da.

AZTI Fundazioa da proiektuaren erakunde liderra, eta Basque Know How Fundazioak (BKHF) eta Gorka Izagirre Upategiak (BGI) ere parte hartzen dute.  BKHFren kasuan, gastronomiaren sektorea eta haren balio-katea bildu eta koordinatuko ditu. Bestalde, Gorka Izagirre upategia lehen sektorearekiko lokarria izango da, eta proiektuaren zerbitzura jarriko du bere ezagutza, baita proiektuaren zati horri ekiteko beharrezkoak diren bitartekoak ere.