Urrian izango den “BBK Bootcamp” programazio-ikastaroaren bigarren edizioan izena emateko epea irailaren 23ra arte luzatu du BBK-k. Prestakuntza teknikoa, sozio-emozionala eta enplegurako prestakuntza dira ikastaro honen zutabeak, egungo software-enpresen aldetik asko eskaturiko gaitasunak dira eta.
12 astetan, .NET plataforma erabiliz webgunean oinarrituriko software-sistema dinamikoak garatzeko gaitasun profesionalak lortze aldera, prestakuntza azeleratua jasoko dute parte-hartzaileek. Lehenengo edizioko emaitzak oso onak izan dira, parte-hartzaileen % 74k lanpostua lortu baitu: ikasle bekadunak, iraupen luzeko langabeak…
“BBK Bootcamp”aren prezioa 3.000 €koa da, eta BBK-k beka-programa bat eskaintzen du, matrikularen % 50 eta % 100 artean estaltzeko modukoak, betiere eskatzaileak Bizkaian bizi badira eta langabezia egoeran baldin badaude.
BBK-k bizkaitarren prestakuntzarekin eta enpleguarekin duen konpromisoa erakusten du programa honek, lan-merkatura sartzeko aukera-berdintasunaz gain.