Albisteak

Nik online banka erabiltzen irakatsiko dizut, zuk munduak zelan funtzionatzen duen erakutsiko didazu

Pertsona askok haurtzarotik gordetzen dituzten oroitzapen maitagarrienen artean aitaitekin eta amamekin lotutakoak daude. Lotura magiko hori, familia batzuetan bizitzan zehar mantentzen da elkarrekiko maitasun- eta ikaskuntza-harreman etengabean, beste batzuetan apurtu egiten da. Eta horren ondorio izan daitezke, mutur batean, gura bako bakardade-egoerak; eta, bestean, familia-memoria komun bat galtzea.

Bestalde, Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) berriki egindako txosten baten arabera, munduko bi pertsonatik batek nagusiekiko adinkeriazko jarrerak –adinagatik diskriminatzaileak– ditu. Horrek osasun fisiko eta mental okerragoa, isolamendu sozial eta bakardade handiagoa, finantza-ziurgabetasun handiagoa, bizi-kalitatearen murrizketa eragiten ditu, baita heriotza goiztiarra izateko arrisku handiagoa ere. Jakina, gazteak ere adinkeriaren biktimak dira, aurreiritziek bizitza osoan zehar eragiten baitigute kausa bategatik edo besteagatik.

Hain zuzen ere, apirilaren 29an ospatuko den Belaunaldien arteko Elkartasun eta Lankidetzaren Europako Egunaren helburua da harreman horiek familiatik haratago ere eman daitezen guneak eta jarduerak bultzatzeko beharraz sentsibilizatzea.

Hainbat belaunalditako pertsonen arteko harremana estrategia irabazleetako bat da, ez bakarrik taldeen arteko aurreiritziak eta estereotipoak murrizteko; gazteek eta adinekoek bizipenak, balioak, esperientziak eta trebetasunak partekatzeak ondorio positiboak ditu bai haientzat, bai gizartearentzat; izan ere, batek gehi batek, gizarte-harremanen arloan, bi baino gehiago batzen ditu beti. Horregatik, Sasoikotik bultzatu gura dugun gaia da, funtsezko ongizate-faktorea baita guztiontzat, azaldu du Ixone Zubietak. Izan ere, belaunaldien arteko ikaskuntza beti da elkarrekikoa: gaur egun, gizarte teknologizatu batean, gazteek lagundu dezakete, adibidez, eten digital ospetsuarekin, baita bakardadeak arintzen ere; baina adinekoen, bizi-esperientzia oso bat transmititzeko gai direnen, ekarpena gazteena bezain garrantzitsua da.

Sasoiko BBKren ekimena da, urteak betetzen ari diren pertsonei beste begi batzuekin begiratzeko; estereotipoetatik urrun dagoen begirada, ‘60 urte berrietan’ edo ‘70 urte berrietan’ sartzen direnen kezkak eta interesak identifikatzeko gai dena. Hala ere, nahiz eta gaur egun erretiroa hartu ondorengo urteak ez diren berdin bizitzen, badago zerbait aldatzen ez dena: beste belaunaldi batzuetako jendearekin, familiakoak direnekin edo ez direnekin, harremanak izateko beharra.

Horregatik, harreman horiek sustatzeko, urtero hainbat jarduera bultzatzen ditu BBK-k, bai gizarte-eragileak sentsibilizatzeko prestakuntza-programak –2021ean Sasoikorekin 800 pertsona baino gehiago prestatu ziren gai horretan–, bai belaunaldien arteko harremanak praktikan jartzeko bizipen-jarduerak.

Adibidez, apiril honetan bertan, Aste Santuko eskola-oporretan, Sasoikok osasun-krisiaren ondorioz atzeratutako proiektu bat aktibatzea lortu du: BBK Sasoiko Belaunaldien arteko Campusa. Aitaitek eta amamek beren bilobekin droneei, robotikari, elikadurari edo serigrafiari buruzko tailerrak partekatu dituztela ikustea esperientzia ederra izan da, eta parte-hartzaileak zein antolatzaileak gehiagoren gogoz geratu gara.

Hirugarren lan-ildoa zahartze aktiboaren eta belaunaldien arteko harremanen esparruan ikerketa eta ezagutzaren transferentzia sustatzea da. Horretarako, Sasoikok Lanbide Heziketako ziklo amaierako eta unibertsitateko gradu-amaierako lanen Lehiaketaren bigarren edizioa abiarazi du. Gure helburua da belaunaldi gazteenek interesa izatea, edozein jakintza-arlotatik, zahartze aktiboaren eta belaunaldien arteko harremanen alderdiei buruz.

Historian lehen aldiz, mendebaldeko gizarteetan hiru belaunaldiren arteko bizikidetza ez ezik, lauren artekoa ere ematen ari da. Ohikoa da haurrek aitona-amona guztiak, adinean oso aurrera egin arte, ezagutzea. Baita birraitona eta birramonak birbilobekin batera bizitzea ere. Goza dezagun!