Punto menú Created with Sketch.

Pagasarrira igoera

BBK 11 abendua, 2019

Pagasarrira Igoeraren XXIX. ediziorako izen-ematea ingurumenaren aldeko keinu xume bat bihurtuko da. BBK-k 20.000 zuhaitz baino gehiago landatu ditu Bizkaian, Bilboko gailur klasiko honetara antolatzen duen ohiko ibilaldiari esker; izan ere, hirugarren urtez jarraian, ibilaldirako izena emateak zuhaitz bat landatzea izango du ondorio.

Naturaren zaintzan laguntzeko irrika hau ez da keinu hutsa izango, BBK-k “zero plastiko” kanpainarekin bat egitea erabaki baitu. Horretarako, BBK-k katiluak oparituko ditu gailurrean hamaiketakoaren banaketan plastikozko ontziak kentzeko.

Pagasarrira Igoera, kirol-jarduera ludiko osasungarriak sustatzeaz gain, Bizkaian ingurumena zaintzeko BBK-k martxan jarritako ekintzen (itsasertza eta ibaiak garbitzeko kanpaina, bertoko espezien hazi-batze eta landatze) artean beste pieza bat izango da.

671 metroko tontorrera igotzeak aukera emango die parte-hartzaileei paraje paregabean ohiko hamaiketakoaz gozatzeko: tortilla-ogitartekoak eta txorizoa sagardotan egosia, ardo, salda eta urarekin. Une egokia familiaz edo lagunarteaz gozatzeko, ibilaldia, bi ordu ingurukoa, egokia baita adin eta ia sasoi-egoera guztietarako.

Bilboko mendirik esanguratsuenaren xarmaz gozatzeko Gabon aurreko hitzordu saihestezin hau 09:00etan abiatuko da BBK Salatik (Lopez Haroko Kale Nagusia, 19-21) abenduaren 15ean, igandean. Parte hartu gura dutenek 3 euro ordaindu behar dituzte izena emateko, abenduaren 10etik aurrera BBK Salan, edo Kutxabanken orotariko kutxazainetan, edo egun berean irteeran bertan.

Mendi honi loturiko deialdiak 1912an hasi ziren, “Pagasarri Kopa” lako hitzordu ospetsuekin, bertan 2.500 lagun elkartu zirelarik 1913an. Gaur egun, Bilboko mendiak milaka mendizale elkartzen ditu asteburu oro, eta abenduaren 15a, igandea, ez da salbuespena izango.

 

ARGAZKI-LEHIAKETA

Nobedade lez, BBK-k argazki-lehiaketa antolatuko du edizio honetan. Parte hartzeko, argazki bat bidali beharko da Instagram bidez #bbkpagasarri hashtag edo traolarekin. Parte hartzen dutenak 5 esperientzia jasangarrietako bat irabazteko zozketan sartuko dira.

 

AURRETIKO EKITALDIAK

Abenduaren 2an hasiko gara. Astelehen horretan, 19:30ean, BBK Salan Zientzia, Paisaia eta Etorkizuna solasaldia izango da. César Coca kazetari eta irakasleak moderatu eta dinamizatuko du Joaquín Araújoren ─bere garaian Félix Rodríguez de la Fuenteren laguntzaile estua, idazle, gidoilari eta errealizadorea, NBEren Global 500 Saria jasotakoa…─ eta Jerónimo Lópezen arteko topaketa; azken hau 70 eta 80eko alpinista oso ezaguna da, Madrilgo Unibertsitate Autonomoan Geologiako katedraduna, Ikerketa Antartikoen Nazioarteko Batzordeko ohorezko kidea, Espainiako Geografiaren Errege Elkartearen Sari Nazionala, Lankidetzari emandako Asturiasko Printzea Saria jasoa eta abar. Sarrera libre izango da jarlekuak bete arte.

Egun batzuk geroago, Pagasarrirako bideari jarraituko diogu… Undabasotik igaroz, Urdaibaiko ingurunean. Han, boluntarioen behar edo lanari esker, ehunka haritz, urki, laritz edo alertze, gorosti… landatuko ditugu, bai abenduaren 6an, ostiralean, eta bai 7an, larunbatean. Bere mementoan emango diegu parte hartzeko aukera gura dutenei.

Gero, abenduaren 6tik 15era, Mendi Film Festival izango da, eta ziur asko BBK Sala mukuru beteko da aste luze horretan, Pagasarrira egindako 29. ibilaldiarekin burutuko delarik. Ezin aipatu barik laga beste data bat eta beste gonbidatu ospetsu bat: Juan Luis Arsuaga, biologian doktorea, paleontologian katedraduna eta Atapuercako ikerketa-proiektuan zuzendaritza-kidea, horregatik jaso zuelarik Ikerketa Zientifiko eta Teknikoko Asturiasko Printzea Saria. Juan Luisek “El Tótem del Toro” hitzaldia emango du “Mendi” jardueren barruan larunbatean, abenduaren 14an, 12:30ean, BBK Salan. 15ean, berriz, gurekin egingo du “ziur asko bere 201. igoera izango dena Pagasarrira”.

 

 

 

Egungo albiste gehiago
Euskadin 65 urtez gorako 106.000 pertsona baino gehiago bizi dira bakardadean; 2 milioi baino gehiago Estatu osoan, INEren datuen arabera
19/10/28 Gaur BBK EKIN aurkeztu dugu, ekintzailetza bultzatzeko programa berria Bizkaian startupak sortzeko helburuarekin. Gizarte-konpromisoarekin garapena eta enplegua sortuko dituzten enpresak eraikitzen laguntzea da BBK EKINen helburua.
Gure ekitaldi guztiak