Albisteak

Zaharregia ikasteko? Hori inoiz ez!

Datorren irailean hasiko da ikasturte berria EAEn. Txikienek lehen aldiz zapalduko dute ikasgela bat, 12 urteko haurrek bigarren hezkuntzarako jauzi handia egingo dute eta unibertsitateetako korridoreak gaztez beteko dira, ondo aukeratu ote duten galdetuz agian beren buruari. Eskola-aldia hastearekin batera, familien kontziliazioaren gaia izenburuetara itzuliko da, eta amamez eta aitaitez berba egingo da berriro, ekuazio horretan funtsezko pieza dira eta.

Baina ezin al da izan adineko edo nagusiak ikasgeletara itzuli eta apunteak hartzeko garaia ere?

Zahartzeari eta adinekoei buruzko uste faltsuak ugari eta askotarikoak dira. Horietako bat da adin batetik aurrera pertsona bat jada zaharregia dela ikasteko.

UPV/EHUko Esperientzia Gelek –20 urte baino gehiago dira BBK-k laguntzen dituela, eta dagoeneko 2.000 ikasle baino gehiago igaro dira horietatik–, adinekoei egokitutako eLearning plataformek, eta udalek eta beste erakunde batzuek, adibidez BBK Sasoikok, programazio zabal-zabala eskaintzen dute honako hauentzat: urteak betetzen ari diren baina beren jakingura eta ikasten jarraitzeko gogoa sendo mantentzen dituztenentzat, beren jarrerarekin erakutsiz sekula ez garela zaharregiak estudiatzen eta ikasten jarraitzeko.

“Egia da adimen-ahalmen batzuek denboraren joana nozitzen dutela, hala nola oroimenak, arreta biltzeko gaitasunak edo adimen-arintasunak; hala ere, horien gainetik motibazioa eta interesa daude, eta horiek konpentsatu egiten dute aipatutako ahalmen-murrizketa”, adierazi du BBK Sasoikoko arduradunak. Gogorarazi du, gainera, bizitza osoko ikaskuntza gura bako bakardadearen aurka borrokatzeko estrategia ere badela, adinekoei aukera ematen baitie gizarte-harreman berriak ezartzeko eta mantentzeko, unibertsitateko edo ikastaro bat egiteko ikasgelak diren elkargune horretatik abiatuta.

Zahartzaroan ikastea funtsezko faktorea izaten da zahartze aktiboa bultzatu gura duten estrategietan, pertsonen osasuna eta ongizatea hobetzeko urteak betetzen diren neurrian. Era berean, Nazio Batuen 2030 Agendan jasotako Garapen Jasangarrirako Helburuen barruan dago. Agenda horren laugarren helburuan, hezkuntza inklusiboa, ekitatiboa eta kalitatezkoa bermatzeko lan egin behar dela adierazten da, eta bizitza osoan ikasteko aukerak sustatu behar direla guztientzat.

“Bizitza osoan zehar gorputza mugitzea komeni den bezala, gogamena aktibatzea ere onuragarria da; jarduera fisikorik ezak gaixotasunak eta zurruntasunak eragiten ditu, gure gorputzak hondatzen dituztenak, eta gauza bera gertatzen da adimen-gaitasunekin. Uste dut pandemian ikusi dugula, pertsona asko jabetu dira ‘zahartu’ egin direla edo beren gurasoak zahartzen ikusi dituztela konfinamendu- eta murrizketa-aldietan”, adierazi du Ixone Zubietak.

Garuna eta gizarte-harremanak lantzeaz gain, erretiroaren ondoren ikasgeletara itzultzeak aukera ematen die adineko pertsona askori barruan duten arantzatxoa kentzeko: “Izan ere, gaztetan nik ezin izan nuen ikasi lanean hasi behar izan nuen eta”, edo betidanik interesatu zaizkigun gaietan sakontzeko, orain arte horietan sakontzeko astirik izan ez dugulako: dela atzerriko hizkuntzak ikastea, dela historia, pintura, brikolajea, informatika, buztingintza edo Giza Zientziak EHUko Esperientziaren Geletan, non aurten 180 adineko baino gehiago lizentziatu diren.

Gainera, presa barik egiten dute, bizitzako beste etapa batzuetan, titulu bat lortzeko edo karrera profesionalean mailaz igotzeko irakasgaiak gainditu behar direnean ikasketek ezar dezaketen presiorik gabe. Ikasteko eta ezagutzaz edo jakintzaz gozatzeko interes hutsagatik.