BBK-k Europan aitzindaria izango den proiektu bat abiarazi du indarkeria matxistaren aurka eskola-ingurunean

BBK 20 abendua, 2018

BBK prest dago bere ekarpentxoa egin eta indarkeria matxistaren aurka borrokatzeko 2019an; horretarako, Europan aitzindaria den hezkuntza-egitasmo bat prestatu du, 12 eta 16 urte arteko nerabe bizkaitarrekin genero-indarkeriaren aurkako prebentzioan eta sentsibilizazioan lan edo behar egiteko, helburu argi batekin: berdintasunezko harremanak, begirunetsuak eta toleranteak, lortzea. Eremu honetan, nahiz eta premia edo beharrizan larria detektatu, proposamen-gabezia handia dago. Horregatik, BBK beharrean ibili da tabuak hautsiko dituen beste programa bat eskaintzeko, arlo honetan dauden irizpiderik aurreratuenekin. Proiektua Eguberri hauetan abiatuko da publizitate-kanpaina indartsu batekin, eta “centennial”ak gogoeta egitera eta ezarritako topiko asko apurtzera gonbidatuko ditu.

Oro har, proiektuak kontzeptuak argitu gura ditu tratu txarrei buruz, baita abusuzko harremanak detektatzen eta identifikatzen irakatsi, genero-indarkeria prebenitzeko jarraibideak eman, biktima direnei laguntzeko beharrezko argibide guztiak eman edo nerabe bakoitzaren harremanak ezagutzen lagundu. Taldean, genero-indarkeriari buruzko adituen laguntzaz, Z belaunaldia delakoa osatzen dutenek, teknologia berriak erabiltzera ohituta, sexu-estereotipoak eta rolak landuko dituzte, eta indarkeria-motak (psikikoa, sexuala eta fisikoa).

Halaber, benetako adibideak erabiliz, ager daitezkeen genero-indarkeriaren mota ezberdinetan eragingo du proiektuak, baita sexu-harremanak izateko moduetan ere. Topaketak zenbait egunetakoak izatea espero da, eta genero-indarkeriari buruzko datuak eta adierazleak emango dira eta, hartzaile izango den kolektiboa kontuan harturik ezin bestela izan, bertaratuak “sexting”ari buruz gogoeta egitera gonbidatuko dituzte; anglizismo honek, telefono mugikorren bidez, mezu sexual, erotiko edo pornografikoak bidaltzea esan gura du.

Labur esanda, afektibitate eta sexuari buruzko BBKren hezkuntza-proposamenean hainbat jarduera sartzen dira, bai bere zentroetan eta bai ikastetxeetan, portaera osasungarriak sustatzeko sexualitatearen arloan gure nerabeen artean. Kontua da haurren premia edo beharrizanei erantzungo dieten eskola-inguruneak eraikitzea, eta genero-gaiak kontuan izan ditzatela, ikaskuntza segurua, ez bortitza eta inklusiboa sustatuz.

PUBLIZITATE-KANPAINA

Programa publizitate-kanpaina indartsuarekin hasiko da eta indarkeria matxistaren aurka borrokatzeko “kit” bat izango du: app bat, kartel lentikularrak, publizitate-iragarkiak, ikus-entzunezkoa, sare sozialak…, batez ere mende honetan jaiotako jendeari zuzenduta dago eta, beraz, teknologia erraztasun handiz erabiltzen dute. Publiko hau % 100 ikus-entzunezkoen mundukoa da, serieak irensten ditu, Instagrameko “storie”ak, informazio-pilulak… eta mezua beraiei helarazteko, kode hurbilekoak eta ulergarriak erabiliko dira.

Kontaturiko istorioak “CRUSH” terminoa erabiltzen du “leit motiv” gisa, belaunaldi honek erabiltzen duen hitza da maitasun platoniko edo eskuraezinaz hitz egiteko. Kanpaina CRUSH horretan hasten da eta beste CRUSH batean amaitzen da, oraingoan aditza, ‘gaina hartu’ edo ‘zanpatu’ esan gura duena. CRUSHetik CRUSHera. Ederretik piztiara. Gizaki baten nortasunean pixkanakako aldaketa-prozesu negatiboa azaltzen duen metafora da.

Kanpainak zenbait formatu eta euskarri izango ditu: TBko spota, prentsa-iragarki bat, irrati-iragarki bat eta markesinetarako kartela, teknologia lentikularra erabiltzen duena. Kartel berak aurkako bi irudi erakusten ditu: printze gaztearena eta beraren aurpegirik ilunena. Eta eraldaketa horretan funtsezkoa da mugikorra, honelako jarreren transmisio-uhal bihurtu den tresna.

Baina, gainera, kanpainaren sortzaileek gizarte-esperimentu bat egin gura izan dute. Casting batera dei egin zuten komedia erromantiko bat filmatzeko, zuzendari gazte baten lehen proiektua. Dozenaka antzezle gaztek, gizonezko eta emakumezkoek, erantzun zioten deiari. Hautatuek proba bat egin behar zuten eta zenbait eszena garatzeko eskatu zitzaien. Lehenengoa, harreman baten hasiera; bigarrena… eta hor castingaren zuzendaria soka tenkatuz joan zen, erabat onartezinak ziren egoerak “normaltzat” proposatuz. Hor eszenatokiko erreakzio bat-batekoak sartzen dira… eta kamerino batean kamera ezkutuak zeuden beraien erreakzioak grabatzeko. Gero, kamera agerian zela, beren sentipenak kontatu zituzten.

Castingari sinesgarritasuna emateko, euskal antzezle gazteak (Aritz Mendiola, Iholdi Beristain edo Iker Villa) erabili dira arreta erakartzeko, beste proiektu batzuen artean gure publikoari hurbilekoak egiten zaizkion serietan (Goazen…) parte harturikoak. Proiektuan parte hartu duenetako bat Ianire Estébanez psikologoa eta sare sozialetako aktibista da, hausnarketarako elementu eta Programarako material gisa erabiliko den bideoaren dibulgatzaile gisa.

App batek osatuko du kita. Harremanaren neurria ematen duen test batekin hasita, programa garatu ahala hazteko pentsaturik dagoena.

PUBLIKOAK: NERABEAK ETA HEZITZAILEAK

Proiektuak nerabezaroan, 12 eta 16 urte artean, dauden “centennial”en kolektiboan eragingo du, garrantzi handiko adin-tartea da hori, hor abiatzen baita bi generoen arteko prozesu afektibo-sexuala. BBKren asmoa neskak ahalduntzea da eta mutilak heztea, kontuan izanda neskak direla genero-indarkeriaren biktima nagusiak, eta gainera oso goiz has daitezkeela kaltea jasaten.

Nahiz eta xede-publikoa adin-tarte horretakoa izan (12-16 urte), planteamendu pedagogikoaren eragina bere zuzeneko hezitzaileengana hedatzea bilatzen du programak. Hauek afektibitatearen eta sexualitatearen arloan duten prestakuntza-rolaz kontzientzia harraraztea lortu gura da. Programak hezitzaileak prestatzea bilatuko du gai honetan prestakuntza egokia izan dezaten, eta planteaturiko dinamika interaktiboen erabilera eraginkorra egin dezaten. Azken batean, programa honek tresna didaktikoak, genero-gaietan prestakuntza-prozesu fidagarriak dinamizatzea ahalbidetuko dutenak, eman gura dizkie hezitzaileei.

INDARKERIA MATXISTAREN TESTUINGURUA BIZKAIAN

Azken datuen arabera, 2017an Bizkaian emakumeen aurka izandako biktimizazioetako hirutik bat (% 34,75) 31 urtez beheko neska nerabe eta gazteek jasan zuten. Datu hau, polizia-eremutik ateratakoa, Bizkaiko Emakumeen aurkako Indarkeriaren Behatokiaren 2017ko Kopuru Txostenean jasota dago, eta joan zen azaroan ezagutarazi zuen Bizkaiko Foru Aldundiak.

Bizkaiko emakumeek oro har jasandako biktimizazioen kopuruari dagokionez, 2017an gora egin zutela adierazten dute datuek. 140 gehiago izan ziren: aurreko ekitaldian 2.061 eta 2017an 2.201. Hogeita hamaika (31) urtez beherako emakumeen kasuan, biktimizazio-kopuruaren igoera 79koa izan zen: 2016an 686 eta iaz, berri, 765.

Egungo albiste gehiago

Bizkaiko dozena-erdi bat hareatzatan aurten ere zerbitzu bereziak izango dira aisialdi-gune hauetara joan eta bertan gozatzeko aukera izan dezaten mugitzeko arazoak dituztenek
BBK Jazz Sarien edizio berria, BBK Jazz 2019ko Erakustaldia dela eta
BBKren laguntza-programa honek gutxienez 200.000 eurorekin finantzatuko ditu negozio-proiektu sozialki arduratsuak, berrikuntza-karga edo oinarri teknologiko garrantzitsua dutenak
Gure ekitaldi guztiak