EU ES
Crush To Crush
Crush To Crush
Ianire Estébanez Ianire
Estébanez
@ianireestebanez

Psikologo eta ziberaktibista naiz, Masterra dut Emakumeen aurkako Indarkeriaren esku-hartzeetan, eta aditua naiz gazteria arloko prebentzioan, sentsibilizazioan eta heziketan indarkeriak bistaratzen

Sarrera

Bikotekidearen edo bikotekide ohiaren aldetik emakume gazteen aurka egiten den indarkeriak hainbat forma ditu, baina ezin dezakegu esan gure inguruan nekez topatzen dugun gertakaria denik.

Bizkaiko nerabe eta gazte bikoteen barruan indarkeriari buruz egindako lehen ikerketa baten arabera, neska guztietatik % 25ek zailtasunak zituzten beren harremanetan jasaten zuten indarkeria psikologia identifikatzeko. Justifikatu, normalizatu eta are barkatu egiten zituzten kontrol, jelosia edo erasoekin loturiko jokabideak. Kontrola, alde horretatik, bikote barruko harremanean "arruntzat" har litekeen indarkeria bezala sumatzen zuten. (Cantera, Estébanez, Vázquez, 2009. Ikerketa hori Emakunde, Eusko Jaurlaritza eta BBK erakundeen laguntzarekin egin zen).

2015. urtean, Genero Indarkeriaren Gobernu Ordezkaritzak nerabeek eta gazteek genero-indarkeriaz duten Pertzepzioari buruz egindako azterketa batean ikus daiteke gazteen artetik % 97k baztertu egiten dutela indarkeria fisikoa eta % 93k baztertu egiten dutela ahozko indarkeria eta sexu-indarkeria. Dena den, kontrol-egoerari buruz galdetu zaienean, % 67k bakarrik gaitzesten dute. Horrela, nerabe eta gazteen bikote-harremanetan izaten den kontrola ikusezin bihurtzen da gure kulturak maitasun deritzon horren azpian... baina, berez, ezer gutxi du maitasunetik.

Era berean, Espainiar Estatuan emakumeen aurkako indarkeriari buruz egindako azken Makroinkestaren arabera, bikotekidea izan duten 25 urtetik beherako emakumeen % 21 genero-indarkeriaren biktima izan dira, eta emakume guztiak hartzen baditugu, berriz, % 9 dira. Hain zuzen ere, 16 eta 24 urte bitarteko neskek jasaten dute gehienbat kontrol-indarkeria psikologikoa.

2016an, Voces tras los datos erakundeak (IAM. Ruiz Repullo) egindako ikerketa baten arabera, neska-mutilen kontakizunean adin hauetako indarkeriak eskailera zikliko baten itxura izan dezake, eta indarkeriaren lehen agerpenak normalizatzen eta intentsitatez areagotzen joaten dira arian-arian. Eskailera zikliko honen eskailera-mailetan kontrol-indarkeria, isolamendua, xantaia eta errudun sentiaraztea leudeke, gero sexu-erasoak hasiko lirateke onarpen faltsu baten azpian, gutxiespenak, umilazioak eta irainak, beldurraraztea, eta horrela segi lezake hastapeneko eraso fisiko, mehatxu eta indarrezko sexu-eraso eta indarkeria larriko ekintzetara iritsi arte.

Ezinbestekoa da, horrenbestez, prebentzio-lan bat egitea, eskailera horretan gora ez egitea, indarkeriaren agerpenik gordinenak, indarkeria fisikoa edo erailketak gerta ez daitezen; baina gainera, gure gizartean normaltzat hartu eta halako garrantzirik eman ez arren, indarkeria psikologikoaren formek min handia eragiten dute benetan.

Bizkaiko Genero Indarkeriaren Behatokiaren arabera, 2017ko txostenean, bikotekideak edo bikotekide ohiak eragindako indarkeria dela eta Bizkaian arreta jaso duten emakumeen % 66,77k 18 eta 40 urte bitartean dituzte. 2017. urtean adingabeei zegozkien 53 biktimizazio erregistratu ziren, eta beraz, aurreko urtean baino % 61 gehiago izan ziren. Horietatik 42k 14 eta 17 urte bitartean bakarrik zeuzkaten.

Bada garaia argi eta garbi esateko indarkeriak, bere edozein formatan, dela kontrola, dela erasoa, dela manipulazioa edo fisikoa, ez duela inolako zerikusirik maitasunarekin.

Ianire Estébanez Ianire
Estébanez
@ianireestebanez

Psikologo eta ziberaktibista naiz, Masterra dut Emakumeen aurkako Indarkeriaren esku-hartzeetan, eta aditua naiz gazteria arloko prebentzioan, sentsibilizazioan eta heziketan indarkeriak bistaratzen

Crush To Crush

Proiektua

BBK-k Europan aitzindaria izango den proiektu bat abiarazi du indarkeria matxistaren aurka eskola-ingurunean.

  • Programa berria Gabon hauetan abiatuko da publizitate-kanpaina indartsuarekin eta indarkeria matxistaren aurka borrokatzeko “kit” bat izango du: app bat, kartel lentikularrak, publizitate-iragarkiak, ikus-entzunezkoa, irrati-iragarkiak, sare sozialak…
  • Hezkuntza-programa hitzaldi eta talde-lanekin osatuko da 2019an, eta 12 eta 16 urte arteko nerabe bizkaitarrei zuzenduta dago.
  • BBKren asmoa neskak ahalduntzea da eta mutilak heztea, kontuan izanda neskak direla genero-indarkeriaren biktima nagusiak, eta gainera oso goiz has daitezkeela kaltea jasaten.

(Bilbo, 2018ko abenduaren 19a). BBK prest dago bere ekarpentxoa egin eta indarkeria matxistaren aurka borrokatzeko 2019an; horretarako, Europan aitzindaria den hezkuntza-egitasmo bat prestatu du, 12 eta 16 urte arteko nerabe bizkaitarrekin genero-indarkeriaren aurkako prebentzioan eta sentsibilizazioan lan edo behar egiteko, helburu argi batekin: berdintasunezko harremanak, begirunetsuak eta toleranteak, lortzea. Eremu honetan, nahiz eta premia edo beharrizan larria detektatu, proposamen-gabezia handia dago. Horregatik, BBK beharrean ibili da tabuak hautsiko dituen beste programa bat eskaintzeko, arlo honetan dauden irizpiderik aurreratuenekin. Proiektua Eguberri hauetan abiatuko da publizitate-kanpaina indartsu batekin, eta “centennial”ak gogoeta egitera eta ezarritako topiko asko apurtzera gonbidatuko ditu.

Oro har, proiektuak kontzeptuak argitu gura ditu tratu txarrei buruz, baita abusuzko harremanak detektatzen eta identifikatzen irakatsi, genero-indarkeria prebenitzeko jarraibideak eman, biktima direnei laguntzeko beharrezko argibide guztiak eman edo nerabe bakoitzaren harremanak ezagutzen lagundu. Taldean, genero-indarkeriari buruzko adituen laguntzaz, Z belaunaldia delakoa osatzen dutenek, teknologia berriak erabiltzera ohituta, sexu-estereotipoak eta rolak landuko dituzte, eta indarkeria-motak (psikikoa, sexuala eta fisikoa).

Halaber, benetako adibideak erabiliz, ager daitezkeen genero-indarkeriaren mota ezberdinetan eragingo du proiektuak, baita sexu-harremanak izateko moduetan ere. Topaketak zenbait egunetakoak izatea espero da, eta genero-indarkeriari buruzko datuak eta adierazleak emango dira eta, hartzaile izango den kolektiboa kontuan harturik ezin bestela izan, bertaratuak “sexting”ari buruz gogoeta egitera gonbidatuko dituzte; anglizismo honek, telefono mugikorren bidez, mezu sexual, erotiko edo pornografikoak bidaltzea esan gura du.

Labur esanda, afektibitate eta sexuari buruzko BBKren hezkuntza-proposamenean hainbat jarduera sartzen dira, bai bere zentroetan eta bai ikastetxeetan, portaera osasungarriak sustatzeko sexualitatearen arloan gure nerabeen artean. Kontua da haurren premia edo beharrizanei erantzungo dieten eskola-inguruneak eraikitzea, eta genero-gaiak kontuan izan ditzatela, ikaskuntza segurua, ez bortitza eta inklusiboa sustatuz.

PUBLIKOAK: NERABEAK ETA HEZITZAILEAK

Proiektuak nerabezaroan, 12 eta 16 urte artean, dauden “centennial”en kolektiboan eragingo du, garrantzi handiko adin-tartea da hori, hor abiatzen baita bi generoen arteko prozesu afektibo-sexuala. BBKren asmoa neskak ahalduntzea da eta mutilak heztea, kontuan izanda neskak direla genero-indarkeriaren biktima nagusiak, eta gainera oso goiz has daitezkeela kaltea jasaten.

Nahiz eta xede-publikoa adin-tarte horretakoa izan (12-16 urte), planteamendu pedagogikoaren eragina bere zuzeneko hezitzaileengana hedatzea bilatzen du programak. Hauek afektibitatearen eta sexualitatearen arloan duten prestakuntza-rolaz kontzientzia harraraztea lortu gura da. Programak hezitzaileak prestatzea bilatuko du gai honetan prestakuntza egokia izan dezaten, eta planteaturiko dinamika interaktiboen erabilera eraginkorra egin dezaten. Azken batean, programa honek tresna didaktikoak, genero-gaietan prestakuntza-prozesu fidagarriak dinamizatzea ahalbidetuko dutenak, eman gura dizkie hezitzaileei.

Crush To Crush

APPa deskargatu


Google Play Store App Store

Kanpaina

BBK
Ir Arriba