BBK ART(e)gileak proiektu aitzindari bat da, BBK-k ANTespacio elkartearekin elkarlanean abian jarriko duena, kultura herritarrengana hurbiltzeko. Kultura-programa berritzaile honek, deialdi publikoaren bidez, dagoeneko ireki du izen-ematea Bizkaiko bost gizarte-guneren (prestakuntza-, hezkuntza-, osasun-, elkarte-, … arlokoen) arreta erakartzeko, horietan artistek beren sortze-prozesuan zentro bakoitzeko erabiltzaileekin batera jarduteko aukera izan dezaten. Interesa duten erakundeek ekainaren 25a baino lehen aurkez dezakete eskaera.

BBK ART(e)gileak ekimenaren helburua sorkuntza artistikorako testuinguruak sortzea da, Bizkaian dauden gizarte-zentroetako erabiltzaileekin berba eginez. Sortzaileen eta beraien laguntzaile espontaneoen artean trukea, sormena, esperimentazioa, irudimena eta berrikuntza sustatzea da

Zentroak hautatu ostean, udako hilabeteetan beste deialdi bat argitaratuko da, hautatutako 5 zentroetako edozeini lotutako proiektua aurkeztu ahal izan dezaten artistek. BBK, ANTespacio eta zentroetako ordezkariek osatutako epaimahai batek baloratuko ditu jasotako proposamenak eta irailean argitaratuko ditu aukeratutako proposamenak.

I edizioa

Egonaldi-programa honen lehen edizioa 2021eko urritik aurrera izango da. Hautatutako artistek, guztira bost (aukeratutako zentro bakoitzeko bana), hiru hilabeteko egonaldia egingo dute Bizkaiko gizarte-zentro batean, eta sormen-prozesu bat burutuko dute bertoko erabiltzaileen parte-hartzearekin, horiek ere beharrari ekingo diotelarik obraren zati aktibo bihurtuz.

Lehen edizio honetan, proposamenen gaia berdintasuna izango da: “Kultura berdintasunean, guztiontzat”. BBK ART(e)gileak ekimenak artisten eta gizarte-zentroen arteko lankidetza aktiboa bilatzen du, arreta prozesu eta pertsonengan jarririk eta genero-berdintasuna, irisgarritasuna eta publiko desberdinen integrazioa aintzat hartuta, gaur egungo proposamen artistikoak garatzeko.

ANTespaciok ekimen esperimentalak sortzen ditu gaur egungo kulturgintzaren barruan. Sortzen diren egungo eta tokiko testuingurua kontuan hartzen duten proiektu espezifikoen aukera berriak ikertzea du helburu, artea eta bitartekaritza gizarte-eraldaketarako ezinbesteko elementutzat dauzkalarik, eta ideia horiek bat datoz BBKren helburuekin.

IZENA EMATEA

Parte hartzeko, erantsitako inprimakia bete eta honako helbide honetara bidali beharko da: bbkartegileak@gmail.com