Albisteak

40 ENPRESAK PARTE HARTU DUTE ETE-ETAN GARAPEN JASANGARRIKO HELBURUAK (GJH) SUSTATZEKO

Bederatzi erakundek parte hartu dute, GJHak txertatzea sustatzeko asmoz, BBK Kunak ─Bizkaiko erronken konponbideen faktoriak─ Cebekek eta Bizkaiko Foru Aldundiak martxoaren 2an abian jarri zuten eta jada amaitu den programan. Dagoeneko 40 enpresak parte hartu dute gure tailerretan.

GJHetan Ekintzarako Hamarkadan gaude. Datozen urteetan, GJHak lortzeko ahaleginean jarriko dute arreta gobernuek, baina horrek ez du esan gura lan edo beharra eurek bakarrik egin behar dutenik. Sektore pribatua, erakundeak, gizarte zibila eta, jakina, ETEak lagungarri izan daitezke GJHak bizkorrago lortzeko. Hala ere, batzuetan ez da hain erraza nondik hasi jakitea, 17 Helburu baitaude eta bakoitzak bere helmuga eta adierazleak baititu.

Jasangarritasunean egindako inbertsio honen itzulkinak askotarikoak dira enpresarentzat; izan ere, GJHak bultzatzeak eraginkortasun handiagoa, kostuen murrizketa, talentua erakartzea eta atxikitzea, eta bezeroen interesa eta fidelizazioa ekar ditzake, besteak beste. Ondo kudeatutako enpresa batek iraunkorra izan behar du ekonomikoki, baina baita sozialki eta ingurumenari dagokionez ere.

BBK Kunaren, Cebeken eta Bizkaiko Foru Aldundiaren programa bateratuan parte hartu duten 40 enpresa txiki eta ertainek prestakuntza eta aholkularitza jaso dute GJHak beren plan estrategikoetan sartzeko. Prestakuntza horri esker, erakunde horiek benetako ezarpen-proiektuak, GJHak beren plan estrategikoetan txertatzeko jarraibideak ezartzeko baliagarriak, garatzeko gai izango dira.

Tailer honen bidez, gainera, Gizarte Erantzukizun Korporatiboko ekintza berriak identifikatu ahal izan dira, parte hartzen duten gainerako enpresekin egindako talde-lanaren inspirazioaren emaitza gisa.