Albisteak

BBK-K 850.000 EURO ERABILIKO DITU LEHEN SEKTOREARI LAGUNTZEKO

BBK-K 2022an guztira 850.000 euro bideratuko ditu Bizkaiko baserritarrei laguntzeko. Horretarako, alde batetik, zuzenean saltzeko bi kanalen bidez salduko dira produktuak: nekazaritza eta abeltzaintzako azokak eta e-commerce BBK Azoka; eta, bestetik, lehen sektoreari lotutako proiektuak bultzatuko dira. Esan dezakegu zein beste proiektu babestuko dugun?

Urte honetan zehar, aurrez aurreko azokak berreskuratu ahal izango direla ematen duen honetan, BBK 80 azoka baino gehiagotan egongo da lurraldeko 65 udalerritan baino gehiagotan egingo direlarik. Horrela, besteak beste, Mungia, Abadiño, Zalla, Markina, Gernika, Zamudio edo Bilboko San Tomas bezalako azoka enblematikoez gozatzeko aukera izango dute bizkaitarrek. Gainera, pandemian sekulako hazkundea izan ostean, zuzeneko salmentarako BBK Azoka online plataforma bultzatzen jarraituko du BBK-k; gaur egun kalitate bikaineko bertoko 500 produktu inguru jartzen ditu bere 3.000 bezero baino gehiagoren eskura.

Gaur goizean, Igorreko Askibil gaztandegira egin duten bisitan, Nora Sarasolak, BBKren Gizarte Ekintzako zuzendariak, eta Ainhoa Elortegik, erakundeko ingurumen eta iraunkortasun arduradunak, Bizkaiko lehen sektoreari laguntzeko BBK-k egin asmo dituen ekintzak eta proiektuak aurkeztu dituzte, sektorea erabakigarria baita lurraldearen lehiakortasun iraunkor edo jasangarrirako. Gaztandegi honen jabeek, Andonik eta Zuriñek, Murtzia-Granadako arraza garbiko ahuntzen artaldea jagoten dute, eta horien esneaz hainbat gazta-barietate egiten dituzte (ondua, ore bigun eta freskoa) gero Bizkaiko azoketan eta BBK Azokaren bidez merkaturatzen dituztenak.

BBK-k lehen sektorearekin duen konpromisoa ez da berria, 1977an hasi baitzen Bizkaiko nekazaritza eta abeltzaintzako azoken antolaketan laguntzen. Lehenengo urte hartan 12 azoka egin ziren eta 45 urte geroago 80tik gora egiten dira. COVID-19ak ezarritako murrizketen ondorioz bi urtez egin barik egon ostean, baserritarrak herri eta hirietako plazetara itzuliko dira, beren produktuak zuzenean saltzeko kanal bat berreskuratuz, sektorearentzat garrantzi handia baitu.

Zuzeneko salmenta-kanalek, edo merkaturatze-bide laburrek, ekoizleen ustiategien iraunkortasun ekonomikoa hobetzen laguntzen dute, eta, beraz, nekazaritza-jarduerari eusten diote, eta, horrekin batera, Bizkaiko Lurralde Historikoko natura- eta paisaia-aberastasuna kontserbatzen, garapen jasangarria lortzen eta klima-aldaketaren aurka borrokatzen laguntzen dute. Gainera, Bizkaiko lehen sektoreak kalitatezko elikagaiak eta bertoko produktuak, freskoak, osasungarriak, trazagarriak, jasangarriak eta ingurumen-aztarna txikikoak eskaintzen ditu. Beraz, lurraldearen lehiakortasun iraunkorrerako sektore estrategikoa da, eta horren eginkizuna indartu egingo da epe ertainera, hala nola Garapen Jasangarrirako 2030 Agenda eta Europako Itun Berdea lako ekimenen bidez.