Albisteak

BBK-k eskultura “bizi” bat jarri du Bilboko itsasadarrean hurrengo belaunaldien etorkizunaz berba egiteko

Zubizuri parean murgildutako aurpegi handi harrigarri bat agertu zen atzo goizean Bilboko itsasadarrean. Aurpegi hura Bihar eskultura zen, eta itsasgoren eta itsasbeheren menpe dagoen neskato baten burua irudikatzen du. Bisitariei eta egungo belaunaldiari adi-adi begira dagoen eskulturak eztabaida handia sortu zuen atzo Bilboko oinezkoen artean.

Gaur BBK-k iragarri du gizartea kontzientziatzeko ekintza baten lehen inpaktua dela, irailaren 30ean jarraituko duela, eta lehiakortasun jasangarrirako ereduak hartzeak duen garrantzia agerian uzteko balio duela. Kontzeptu hori eredu sozioekonomiko global gisa ulertu behar da, ongizate-estatua babestea ekonomia hutsaren aurretik jartzeko beharrizanetik sortua, gure bizitzako eremu guztietan (pertsonalean, lanean, ingurumenean, …) eta rol guztietan (kontsumitzaile, enpresa, erakunde eta abarretan) erabaki-hartzeen koherentzian oinarrituta.

Itsasadarreko mareen arabera ur gainera ateratzen den eskultura bizia

Bihar soin handia Rubén Orozcok, Mexikoko artista hiperrealistak, Gura bako Bakardadean Hildako azken pertsona obra egin zuenak, sortutako eskultura “bizia” da eta “BIHAR: geroa aukeratu” fikziozko film laburra ─film labur baten teaser baten bidez aurkezteko arreta-deia ere bada, protagonista sorkuntza lan hau inspiratu zuen neskatoa bera delarik.

Bilboko itsasadarreko mareagora eta mareabeheren bidez irudikaturiko denboraren etenbako bilakaera islatzeko pentsatuta dago Bihar obra. Baina, batez ere, etorkizuneko belaunaldi oso baten adierazpenarekin konprometitutako eskultura da. Hartuko ditugun erabakiekiko ikusmin-adierazpen bat, horiek determinatuko dutelarik hondoratuta biziko garen ala burua aterata. Proiekturako garatu den webgunetik etorkizunaaukeratu.bbk.eus Bilboko itsasadarreko mareen mapa kontsultatu ahal izango da, jakiteko eskultura zer ordutan egongo den ikusgai.

Film laburra hurrengo urratsa da estrategian, eta prospektibista eta aditu futuristen eskutik sortutako istorio baten bidez, biharko gizartearen agertoki posible bat nabarmentzen saiatzen da, gure eguneroko bizitzan lehiakortasun jasangarrirako ereduen alde egiten ez badugu.

Bihar obra erretxinaz eta beira-zuntzez egina dago, eta pinturaren ordez erretxina zeharrargiz margotua; 120 kilo inguruko pisua du, 2,50 metro da sakon, 1,92 metro zabal eta 1,69 metro altu; hau da, bere adineko, 10 urteko, neskato baten burua baino 11 aldiz handiagoa da. Obra 3 hilabete baino gutxiagoan sortu da, eta 3,5 metroko sakonera eta 3 tonako pisua duen hormigoi eta burdinazko egitura batean dago instalatuta.

Xabier Sagredo Ormaza BBK-ko lehendakariaren berbetan: “BBK-k 100 urte baino gehiago daramatza Bizkaiko gizartearen garapenarekin konprometituta eta horretarako ekarpenak egiten, eta uste dugu etorkizun edo geroa alde batera uztea ez dela aukera bat. Horregatik, hurrengo belaunaldiekiko dugun erantzukizun-sentimendutik eta hori gizarte osora zabaltzetik sortu da proiektu hau. Eskultura honen bidez, jendea identifikatuta sentitzea lortu gura dugu, eta gogoeta egin dezala ea hartzen dugun erabaki bakoitzarekin hondoratzea ala ur gainean mantentzea aukeratzen dugun”.

Bestalde, Ruben Orozcok zera esan du: “BBK-k erronka planteatu zuenean, maitemindu egin nintzen ideiarekin. Inoiz ez nuen pentsatu eskultura bizi bat sortzea. Obra honek jendeari gogoeta egiten laguntzea, eta Gura bako Bakardadeko Bakardadean hildako azken pertsona obrarekin lortu genuen inpaktu bera lortzea baino ez dut espero”.