Albisteak

BBK KUNA, CEBEK ETA BIZKAIKO FORU-ALDUNDIAK ETE-ETAN GARAPEN JASANGARRIKO HELBURUAK (GJH) SUSTATZEKO PROGRAMA ABIARAZI DUTE

BBK Kuna, Bizkaiko erronken konponbide faktoria, Cebek, eta Bizkaiko Foru Aldundia datorren martxoaren 2an hasiko den programa bat bultzatzen ari dira, ETEek Garapen Jasangarriko Helburuak (GJH) onar ditzaten sustatzeko.

GJHetan Ekintzarako Hamarkadan gaude. Datozen urteetan, GJHak lortzeko ahaleginean jarriko dute arreta gobernuek, baina horrek ez du esan gura lan edo beharra eurek bakarrik egin behar dutenik. Sektore pribatuak, erakundeek, gizarte zibilak eta, jakina, ETEek GJHen lorpena bizkortzen lagun dezakete. Hala ere, batzuetan ez da hain erraza nondik hasi jakitea, 17 Helburu baitaude eta bakoitzak bere helmuga eta adierazleak baititu.

Jasangarritasunean egindako inbertsioaren itzulkinak askotarikoak dira enpresarentzat; izan ere, GJHak bultzatzeak eraginkortasun handiagoa, kostuen murrizketa, talentua erakartzea eta atxikitzea, eta bezeroen interesa eta fidelizazioa ekar ditzake, besteak beste. Ondo kudeatutako enpresa batek iraunkorra izan behar du ekonomikoki, baina baita sozialki eta ingurumenari dagokionez ere.

Osasun-egoera dela-eta online egingo den ikastaro honetan 40 ETEk parte hartuko dute guztira, eta prestakuntza eta aholkularitza eskainiko zaie, beren plan estrategikoetan GJHak sar ditzaten.

Prestakuntza-jardueratik harago, tailer hauen helburua benetako ezarpen-proiektuak garatzen laguntzea da, GJHak beren plan estrategikoetan sartzeko jarraibideak ezartze aldera lagungarri izango zaizkien proiektuak.

Ikastaroaren bidez, gainera, Gizarte Erantzukizun Korporatiboko ekintza berriak identifikatu ahal izango dira, parte hartzen duten gainerako enpresekin egindako talde-lanaren inspirazioaren ondorioz, horretarako berariazko sailik izan barik.

BBK KUNA