Albisteak

“BBK OFF FESTIVAL” ARTE ESZENIKOETAN PROPOSAMEN ARRISKATUEN BILA DABIL APIRILEAN EMATEKO

Iaz izandako arrakastaren ondoren, BBK OFF Festival-en bigarren edizioa izango da BBK Salan, izaera alternatiboko pieza eszenikoak sustatzea eta erakustea izanik bere helburu nagusia. Aretoak apirilaren lehen astea gordeko du (1etik 3ra eta 7tik 10era) proposamen ausartak agertokian jartzeko gure artisten talentua bultzatze aldera. Jaialdia topagune bat izango da, sortzaileen artean azken sormen-joerei buruzko ideien trukea eta hausnarketa sustatzeko.

Espiritu ausart eta berritzaile horrekin, eta hirian erakusketa-gune hau sendotze aldera, zazpi eguneko jaialdi alternatibo hau antolatu du berriro BBK Salak; aretoan eman ahal diren antzerki-pieza, performance, antzerki-dantza, zirku, musika-antzerki, poesia, “spoken word” eta abar erakusteko gune bat izango da.

Aurten, gainera, BBK OFFek bere ekintza-esparrua zabalduko du Espainiako estatura irekitzeko, eta, berrikuntza legez, nazioarteko hainbat pieza gonbidatu izango ditu programazio ofizialetik kanpo, Europako Perform Europe programari esker. “Billenium” eta “To those born later” dira BBK OFFen ikusi ahal izango diren “Performing Futures” proiektuko bi piezak, eta proiektu hori aipaturiko programa europarrak hautatu du, “International Theatre Days in Belgrade” eta “PLACCC Festival” (Bilbao-Belgrado-Budapest) delakoekin batera.

Argibide gehiago: www.bbk.eus