Albisteak

BBK SALAK YERMA, BERE LEHEN ANTZERKI-EKOIZPENA, PROGRAMATU DU IRAILERAKO

Lorcaren Yerma klasikoaren bertsioa BBK Salaren ekoizpen propioko lehen lana izango da, eta hori Bilboko aretoaren aldetik kalitatezko antzerki, euskara, berdintasun eta sormenaren aldeko berrespen kulturalean beste urrats bat izango da. Gainera, proiektu honekin BBK Salak sorkuntza-gune gisa agertu gura du bere burua, erakusketa-gune izateaz gain. Gaur hasiko dira berriz lan honen entsegu edo proba-saioak; BBK Sala antzerki-sorkuntzaren bide zailean murgilduko da Maria Goiricelaya euskal eszenako zuzendari indartsuenetako baten eskutik. Antzezlana irailean emango da lehen aldiz euskaraz (24tik 26ra), eta astebete geroago, urrian, gaztelaniaz (1etik 3ra).

Goiricelayak, Onintze Ituñorekin batera BBK Salako antzerki eta dantzaren zuzendaritza artistiko berria osatzen duenak, zuzenduko du ekoizpen hau, eta sektorean bertoko enplegua bultzatzeaz gain, dramaturgia edo antzerkigintza berrien sorkuntza sustatuko du, eta Lorcaren obra egokitu bat euskaraz eroango du lehen aldiz Bilboko aretoko oholtzara. Horrela, aretoak bere bidea hasiko du ekoizpen-lerro propio eta independenterantz, eta horrek Bizkaiko kultura-eszenan erreferente gisa finkatuko du.

Zuzendari bilbotarrak oso Yerma pertsonala idatzi du berraztertzea merezi duten hainbat gai jorratzeko, eta horiek, gaur egungo egoeran kokatuta, Lorcak bere jatorrizko Yerma-n planteatzen zituen arazoen espektroa biderkatzen dute. Horrela, bertsio gordin honek amatasun, aitatasun eta erantzunkidetasunaren kontzeptua berrikusten du, eta arazoaren alderdi etiko, filosofiko eta psikologikoetan jartzen du arreta.  Era berean, gizartearen presioa eta eztabaida azpimarratzen ditu, eta arlo publikora ateratzen du emakume askok lotsagatik ezkutatzen duten hausnarketa sakon bat. Gainera, zuzendariak tabu sozial batzuk aldarrikatu ditu bertsio honetan, hala nola, jaiotza inguruko dolua edo sare sozialek autoestimuan edo autoirudian duten eragina.

Patxo Telleriaren laguntza izan du Goiricelayak eta testua euskarara egokitu dio hark. Ane Pikaza, Aitor Borobia, Loli Astoreka, Leire Orbe eta Unai Izquierdo aktoreak Daniel F. Carrascok jantzita mugituko dira David Alkortak diseinatutako agertoki edo jokalekuan.

BBK Salaren lehen ekoizpen honetan nabarmentzeko beste elementu bat musika da.  Zabala izan da Yerma garaikide honetarako jatorrizko konposizioa egiteaz arduratu dena. Proposamen honek giro-musika elektronikoan oinarritutako bere proiektu berritik edaten du. Soinu-guneaz Ibon Agirre arduratuko da. Gainera, funtsezkoa izango da David Alkortaren argiztapena eta Estudio Gheadak diseinatutako ikus-entzunezkoak eta lan plastikoa.

salabbk.bbk.eus