Albisteak

BBK Ziortzako Kontzertuen XXX. edizioarekin

Aurten, 2018ko irailean, berriro izango da antzinako, elizako eta barrokoko musika-ziklo hau hainbat kontzerturekin Ziortzako gune historikoan. Aurtengo edizioari hasiera Asier Polo bilbotar biolontxelo-jotzaileak emango dio, eta gainera musika barrokoaren munduko pertsona ospetsuak izango ditugu.

BBKren, Bizkaiko Foru Aldundiaren, Gondra Barandiaran Fundazioaren, Ziortza-Bolibarko Udalaren eta Ziortzako Kontzertuak Kultur Elkartearen eskutik, zikloa hogeita hamargarren urteurrenera iritsiko da musika tradizionalarekin konprometituriko programarekin.

Programa irailaren 15ean hasiko da Asier Polo biolontxelo-jotzailearekin. Gero Txanbela zortzikotearen emanaldia izango dugu. Hilaren 16an Forma Antiqva talde barrokoa eta Eugenia Boix sopranoa izango dira.

Hurrengo asteburuan, hilaren 22an, Lionel Rogg organo-jotzaile eta konpositore suitzarraren txanda, Miriam Cepeda organo-jotzaile bilbotarraren laguntza izango duelarik. Eta hilaren 23an, zikloa amaitzeko, Propitia Sydera orkestra barrokoa Herbeheretako Wilbert Hazelzet txirula-jotzaile edo flautistarekin eta Pedro Gandia Martin biolinista bilbotarrarekin.

Argibide gehiago Ziortzako Kontzertuei buruz

Aurreko urteetan legez, BBK-k autobus-zerbitzua antolatu du Bilbotik Ziortzako Kolejiatara joateko. 16:00etan irtengo da Elkano kaleko 5etik (Txabarri jauregiaren aurretik). Izena ematea posta elektronikoz (ziortzakokontzertuak@gmail.com) eta telefonoz (656 780 872) egin daiteke.