Albisteak

Ile urdindua, emakume helduaren ahalduntzearen ikur berria

Azken aldian, emakumeen bizi-etapa batek, zorionez, eraldaketa izugarria jasan du “onerako”:  helduaroak, alegia. Lehen, kasu askotan, urte horiek laneko ikusezintasunerako eta ikusezintasun pertsonalerako bide gisa bizi ziren, gaur egun emakume heldua eroso dabil. Eta zer esan eta zer egin asko du.

Emakume helduaren independentzia ekonomikoa, erretiro-adina atzeratzea, egoera fisiko eta mental ona eta feminismoaren gorakadak eragindako ahalduntzea dira estatusa aldatzen lagundu duten faktoreetako batzuk. Gaur egungo gizarteak onartzen du, azkenean, emakumeak helduaro aktibora irits daitezkeela, ideiekin, aukeraz betetako etapa berria bizitzen jarraitzeko gogoarekin. Ile urdindua, gero eta emakume gehiagok harrotasunez erakusten dutena, asmo-adierazpen oso baten metafora da.

Oraindik asko dago egiteko, baina ukaezina da bilakaera bat egon dela, aurrerapen bat emakume helduen ikusgarritasunean, borroka eraldatzaile baten buru diren eta talentuz betetako erreferente inspiratzaileekin. Gaitasun profesional eta pertsonal handia duten emakumeak dira, ibilbide luze batean hainbat lorpen lortu ostean, bizi-maila honetara oso aktibo iristen direnak, etorkizuneko gizartea eraikitzen jarraitzeko lagungarri diren proiektu bereziekin.

Adibide asko ditugu gure ingurune hurbilean. Toti Martínez de Lezea (Gasteiz, 1949) idazleak 50 liburu baino gehiago eman ditu argitara.  Zalantza barik, idazle gisa egin duen lan handiak, “Nur eta herensugearen tenplua” eleberria eta beste asko, pantaila handira ere iritsi direnak, erreferente handi bihurtu du pertsona askorentzat. Idazteko gaitasun handia izateaz gain, itzultzaile profesional, gidoilari edo aktore gisa egindako lanagatik nabarmentzen da. Gaur egun, helduaroaz gozatzen du proiektu profesional handiei uko egin barik.

Baina Toti ez da kasu bakarra. Teresa del Valle antropologoa (Donostia, 1937), emakumeen errealitatea ikertu eta zabaltzeko egindako lanagatik 2010ean Berdintasunaren aldeko Emakunde Saria jaso zuena, baita Giza Zientzia, Kultura, Arte eta Gizarte Zientzien arloetako Euskal Herriko curriculum nabarmenenagatik 2018ko Eusko Ikaskuntza Saria ere, beste erreferente argi bat da emakume helduen artean. Teresa, Geografia eta Historian lizentziatua eta Antropologian doktorea, UPV/EHUn Gizarte Antropologia irakatsi zuen lehen pertsona izan zen, baita unibertsitate berean Gizarte Antropologiako lehen katedraduna ere. Bere ikerketak Euskal Herrian, Mikronesian, Hawain, Mexikon eta Ipar Amerikan egin ditu. Gainera, Emakumearen Azterlanen Mintegiko zuzendaria izan da eta hainbat liburu idatzi ditu. Gaur egun, UPV/EHUko Gizarte Antropologiako katedradun emeritua eta Eusko Ikaskuntzako Gipuzkoako lehendakariordea da, Zientzia, Arte eta Letren Akademiako (JAKIUNDE) ohorezko bazkidea eta Innobasqueko aholku-batzordeko kidea. Alajaina!

Jarraitzen du zerrendak hezkuntza tradizionala, berdintasun gutxiagokoa, izan zuen belaunaldikoak diren baina, hala ere, kristalezko sabaiak hautsi dituzten emakumeen helduaro aktiboaren beste erreferente batzuekin, adibidez: Amaya Telleria Altuna enpresaria (Elgeta, XXX), 2013ko Euskal Enpresaburu Onenaren saria jasotakoa Euskal Enpresa eta Gizartea Fundazioaren eskutik; Txaro Arteaga kazetaria (Donostia, 1944), 1963tik Herri Irratian lan egin zuena eta 1988 eta 2005 artean Emakundeko zuzendaria izan zena;
Mª Carmen Gallastegi Zulaika (Bergara, 1945) ekonomialaria, Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Plangintzako sailburua eta Ikerbasqueko Batzorde Betearazleko lehendakaria, 2005eko Lucas Mallada Sari Nazionala eta 2006ko Ikerketako Euskadi Saria jasotakoa; edo Mari Puri Herrero artista (Bilbo, 1942), Marijaia Bilboko jai-pertsonaia ezagunaren sortzailea, Gasteizko Artium Arte Garaikideko Euskal Museoan bakarkako erakusketa ugari egin dituena, non baitago bere “Campa” margolana.

Guztiak dira, ibilbide profesional arrakastatsua lortzeaz gain, berdintasuna eta ahalegina bezalako balioak transmititzen lan egin duten emakumeak, beraien adinaz eta generoaz aparte. Gaur egun helduarora iristen diren eta pertsonalki eta profesionalki garatzen jarraitzen duten ehunka, milaka edo milioika emakumeren erreferenteak dira. Emakume aktiboak dira, beren egoera pertsonalarekin batera proiektu berriak konkistatzeko prest daude, esperientzia eta bizitasuna dute, eta ez dute gura beren bidea adinagatik soilik amaitzea. Ulertzeko eta pentsatzeko modu berri bat da, helduaroa birplanteatzen duena.

Eta gizarteak horiekin guztiekin duen zorra horien lana aitortzea da, bai bizitzan zehar egin dutena, bai gaur egun egiten jarraitzen dutena, emakumeek beren helduaroa modu aktiboan bizi nahi izateari balioa emanez, beren ahalmen edo gaitasuna erakutsiz eta oso bestelako historia bat atzean utziz. Gizarteak emakume helduekiko duen konpromiso horrek lagunduko du, zalantza barik, etorkizunean belaunaldi berriak ahalduntzen; izan ere, azkenean, “bizi-etapak” deiturikoak bizitzaren parte dira, eta ibilbide horrek ez luke inoiz mugarik izan behar bizi nahi duenarentzat. Beraz, 50 urtetik aurrera? Zabal ditzagun hegoak eta erakutsi harrotasunez ile urdinak.

Informazio gehiago BBK Sasoikon