Albisteak

Kontatzen duten aitaitak eta amamak

  • Amama, Ukrainatik etorritako ume bat dago ikastolan. Berriro kontatuko didazu zu ere errefuxiatua izan zinenekoa?
  • Noski, maitea. 18 urte nituen eta gerra hasi zen. Maleta egin eta itsasontzi bat hartu nuen Frantziako Bretainiarantz. Bilbotik irten ginenetako asko han babestera gindoazen. Itsasontzian inork ez zuen berbarik egiten. Triste geunden dena atzean utzi behar genuelako eta etorkizunak zer ekarriko zigun ez genekielako. Denbora igaro eta jakin genuenean egoera baretu zela “gurean”, itzultzea erabaki nuen. Baina Katalunia aldetik egin nuen, eta nire lagun Marirekin, Abandokoarekin. Badakizu nori buruz ari naizen, ezta?
  • Noski, amama! Han ezagutu zenuen? Arraioa!

Inflazioa, migrazioa, gerra… Ukrainak zauriak eta bizipenak ireki ditu, Europan berriro ikustea espero ez genituenak. Eta Historia, letra larriz, errepikatzen denean, adineko edo nagusiek beren historia propioa eta ahotsa berreskuratzen dituzte. Memoria historiko bizia dira eta, bat-batean, hurbilekoen arreta bereganatzen dute.

Izan ere, zelanbaiteko enpatiarik ezaren eta adinkeria-dosi batzuen eraginez, ohikoa da aitaitak edo amamak bilobei, baita seme-alabei ere, hauek bizi izan ez duten zerbait kontatzen dienean, hauek pentsatzea: “Hemen da berriro bere istorioekin, bere batailatxoekin, … badirudi dena bizi izan duela, dena gertatu zaiola berari”. Googlek edo Wikipediak klik eginez gure zalantzak argitzen ditun garai honetan, gizarteak ez ditu adinekoak informazio-iturritzat hartzen eta baloratzen.

Hala ere, bada Internetek eman ezin digun ezagutza bat: giza eskalako historia, bizitako xehetasun horiek, esperientzia horiek, non ezkutatzen den benetako ikaskuntza.  Horregatik, gaurkotasuna aitaita eta amamek bizi izan zituzten egoerez beteta iristen denean, haien bizipenekiko, memoriarekiko eta ikasteko interesa sortzen da.

BBK Sasoikotik, Ixone Zubietak gogorarazi duenez, “gizarte gisa, oso garrantzitsua da guk adinekoen bizipenak baloratzea eta horiek belaunaldiz belaunaldi transmititzea, hori memoria historikoa baita. Gainera, biloba batentzat funtsezkoa da bere amama eta aitaitekin momentuak partekatzea, ekarpen handia egiten diotelako, besteak beste, maitasuna, sustraiak, ikuspuntua… ematen dizkiotelako”. Izan ere, adinekoek, beren bizitzako une askoz ere lasaiagoan daudenek, badakite modu eraikitzaile eta hurbilean ingurukoei laguntzen, beren esperientzia edo eskarmentutik abiatuta, beste pertsonari bere erabakiak askatasunez hartzen utziz, inposatu barik, errespetuan oinarrituta.

Zoritxarrez, badirudi zenbat eta gauza gehiago izan haiek kontatzeko, orduan eta pertsona gutxiago geratzen direla entzuteko. Ixone Zubietak adierazi duenez, “gura bako bakardade-egoera asko gertatzen dira, eta ez bakarrik familiarik gabeko pertsonen artean. Ohikoa da bakarrik bizi diren adinekoen kasua, eta haien seme-alabak eta bilobak ‘ahal dutenean’ igarotzen dira etxetik mediku-bisita, laburra, eginez, apur bat konpromisoz edo.  Adinekoak, ez kexatzeaz gain, desenkusatu ere egiten dituzte”. 

Egia esan, 100.000 pertsonak baino gehiagok bizi, jan eta amets bakardadean egiten dute Euskal Herrian (EAEn). XXI. mendeko pandemia dela diote. Gizarte-abandonuaren errealitate horri aurre egin beharra dago, bestela, arazo psikologikoak sortzen baitira, hala nola beldurra edo larrimina, eta narriadura fisiko edo mentala. “Fisikoki egon zaitezke oso ondo, baina, adinean aurreratuta, gorputza eta arima elikatzen dituena jarduera da, onuragarri izatea, helburuak izatea, agian lehen bezala erantzuten ez duen baina gauzak egiteko gogoa duen, ilusioak mugiarazten duen gorputzarekin ohetik jaikiarazten zaituen motibazioak izatea”.

Gura bako bakardade-egoerei aurre egitea eta adinekoen parte-hartze sozial aktiborako aukerak sortzea dira, besteak beste, BBK-k Sasoiko proiektuaren bidez aurre egin beharreko erronketako batzuk; lan-aroa amaitu dutenentzat edo laster amaituko dutenentzat da Sasoiko, edo familia-zaintzatik askeago dauden eta aktibo jarraitzea, gizarteari ekarpenak egitea eta autorrealizatzea bilatzen duten pertsonentzat.  Eskaintzen dituen jarduera ugariei esker, adinekoek aukera dute esperientzia berriak bizitzeko, bereak partekatzeko, ikasteko eta harreman berriak ezartzeko… “Bizkaia oparoa gura dugu, non pertsona guztiek batu egingo duten, denok dugulako ekarpenen bat egiteko, eta nagusi edo adinekoek askoz gehiago”.