Albisteak

kontzertu isil bat Bilboko BBK Salako erakusleihoan

Bulego taldeak aho bete hortz utzi gaitu oraingoan ere, musika jendearengana helarazteko beste formatu bat aurkeztuko baitu; hain zuzen ere, Bilbon orain arte sekula ikusi gabeko proposamena izango da: kontzertu isil bat BBK Salaren beiratetik, Kale Nagusiaren bihotzean. Euskal pop boskoteak Erdian Oraina lehenengo albuma oso-osorik joko du aretoko erakusleihoaren barruko aldetik, oinezkoek ikusteko moduan. Ikusi bai, baina musika ez da kaletik entzungo, jendearen telefono mugikorretik baizik; izan ere, erakusleihoan QR kode bat jarriko dute eta kode hori eskaneatuta emanaldia entzuteko aukera izango baita. Kodeak esteka batera eramango gaitu, albumaren pre-save bat egin ahal izango dugu eta, hortik, emanaldia Youtube Live plataforman jarraitzeko aukera izango dugu.

Azaroaren 27an, larunbatean, 12:30ean Bilboko BBK Salaren erakusleihora hurbiltzen direnek soilik izango dute Bulegoren diskoa primizian entzuteko aukera kontzertu isil horretan, Erdian Oraina lana ez baita abenduaren 3ra arte kaleratuko. Bulego taldearen aurrekaririk gabeko ideia hau elkarlanari esker gauzatu ahal izango da; hain zuzen ere, BBK Sala, Oso Polita disko-etxea, Panda Artist Management agentzia eta musika-taldeko kideak aritu dira elkarlanean.

Bulego 2019. urtean sortu zen Azkoitian; pop argia eta dantzagarria eginez, euskal musikaren panoraman eskemak urratzeko asmo sendoa adierazi dute kideek hasiera-hasieratik, beren proposamenean musika, estetika eta ikus-entzuleekin konektatzeko modu berriak uztartuta. Besteak beste, Bueltan da!!! singlea aurkezteko bideo-dei jendetsua egin zuten zaleekin, eta kontzertu isil hau ere ez da erraz ahazteko moduko ekimena izango.

Urtebete baino ez du behar izan Bulego taldeak ibilbide meteorikoa egiteko. Gaztea irratiko zerrendan behin baino gehiagotan egon da 1. postuan Pizten ari da eta Bueltan da!!! abestiekin, eta azken abesti hori, hain justu, 2021eko udako abesti ere izendatu zuten musikan espezializatutako irrati horretan. Taldekideak ez dira geldirik egotekoak, eta hirugarren aurrerapen-singlea kaleratu berri dute, Bagoaz. Konfinamendua hasi aurreko astean eman zuten zuzeneko lehen kontzertua, baina horrek ez zituen geldiarazi, eta pandemia-garaian aire zabalean kontzertu bat antolatu eta egin zuen lehen taldea izan zen Bulego. Adinekoen egoitzetan barrena tour bat ere egin zuten bai egoiliarrei, bai egoitzetako langileei elkartasuna adierazteko, eta uda ostean Madrilen egin zuten debuta; horren ondoren, duela bi aste eskas, Bilbao BBK Live jaialdiaren Udazkena edizio berezian aritu ziren. Eta jo ta ke jarraitzen dute, gauza berriak asmatzen; izan ere, Erdian Oraina diskoaren birari hasiera emateko kontzertu berezi bat diseinatu baitute, 360º esperientzia ikus-entzuleentzat: taldekideak aretoaren erdialdean kokatutako agertoki baten gainean egongo dira, alde guztietatik jendez inguratuta, datorren abenduaren 26an, Donostiako Tabakaleran. Gatozen orainaldira, unea bizitzea aldarrikatzen duen taldea den aldetik; honela, bada, larunbat honetan, azaroak 27, Bulego taldeak diskoa aurkeztuko du, esklusiban, doako kontzertu isil batean, BBK Salara mugikorra eta entzungailuak hartuta hurbiltzen direnentzat soilik. Esperientzia paregabeaz gozatzeko aukera ezin hobea, pop estiloan erreferentzia berri bihurtu den euskal taldearekin.

www.salabbk.eus