Gardentasuna2021-02-16T18:22:06+02:00
Gardentasuna BBKren ustez, bere mezu eta jokabideetan argi eta garbiak izateko betebeharra da gardentasuna, anbiguotasunak eta ekibokoak saihestuz, interes-talde guztiei baliagarri izango zaien informazioa eskuratzeko aukera emateko.
Historia
Caja Bilbao eta Caja de Ahorros Vizcaína

Gaur egungo BBKren hazia 1907an sortu zen, Caja de Bilbao (Bilboko Kutxa) jaio zenean, eta hamahiru urte geroago, 1920an, Bizkaiko Aurrezki Kutxa. Bi erakunde horiek bide paraleloak egin zituzten, harik eta 1990ean elkartzea erabaki zuten arte BBK (Bilbao Bizkaia Kutxa) izenarekin.

Bizkaiko lehen aurrezki-kutxa publikoaren (Bilboko Udal Aurrezki Kutxa) helburua herri-klaseen aurrezkia erakartzea zen, baita ongintza- eta gizarte-laguntza ematea ere, XIX. mendeari gehiago zegokiona; XX. mendearen lehen hamarkadatik bere egitekoa aldatuz joan zen gizarte-laguntza eta gizarte-aurreikuspeneko era berrietarantz, hala nola Aurreikuspeneko Institutu Nazionalarekiko lankidetzara eta etxe merkeen sustapenera.

Bestalde, Bizkaiko Kutxaren hasierako helburua, 1920an, Zahartzaroko Aseguruaren ezarpenari erantzutea izan zen. Baina, horrez gain, Aldundia bera finantzatzeko ere balio izan zuen Kutxak, Diputazioak, sustatzaile eta sortzaile gisa, haren kapitalak erabiltzen baitzituen bere ongintza-politika zabaltzeko.
1976ko finantza-mapan 88 aurrezki-kutxa zeuden. Bakoitza bere jatorrizko lurraldera mugatuta eta finantza-jardueran murrizketekin, erakunde horiek ia ezin zuten ohiko bankarekin lehiatu. Urtebete geroago soilik, sektorearen lehen eraldaketari ekin zitzaion, kutxen lehen liberalizazioarekin; hamarkada bat geroago osatu zen hura beste lege-aldaketa batzuekin, kutxek beren erkidegotik kanpo lehiatzeko aukera zutelarik. Ordutik aurrera, aurrezki-kutxek aurrekaririk gabeko hedapen-aro bat bizi izan zuten, finantza-krisi handiak bat-batean eten zuena.

Bilbao Bizkaia Kutxa

Bilbao Bizkaia Kutxa 1990eko otsailaren 16an eratu zen, Bilboko Aurrezki Kutxa Munizipalak eta Bizkaiko Aurrezki Kutxa Probintzialak bat egin zutenean. Tarte honetan, Bizkaiak gehien aintzatetsi duen alderdietako bat bere Gizarte Ekintza izan da; izan ere, bizkaitarren bizitzako hainbat esparru hartu ditu: kultura, osasuna, kirol-jarduerak, enplegua sustatzeko jarduerak, nekazaritza eta abeltzaintzako sektoreari laguntzeko jarduerak, etab.

Ekonomiaren ikuspuntutik, negozio-kudeaketa zuhurra eta serioa egin izan du.

Aldi berean, Bizkaiko eragile nagusietako bat izan da. Landa-eremuak edo gizarte-talde behartsuak bultzatu ditu finantza aldetik, lurraldearen garapenerako funtsezko azpiegituren sorrera bultzatu du (Erakustazoka, BEC, Unibertsitateak, etab.) eta interes estrategikoko enpresei lagundu die (Iberdrola, Petronor, Euskaltel, etab.).

Laburbilduz, finantza aldetik lehiakorra eta eraginkorra izateko gai izateaz gain, Bizkaiko gizarteari lagundu eta bertoko hazkundea bultzatu duen kutxa izan da BBK.

Kutxabank

Bi hamarkada geroago, 2010ean, Caja Sur jatorrizko BBKn sartu zen eta, 2012an, beste euskal kutxekin, Vital eta Kutxarekin, batu zen Kutxabank sortzeko.

BBK-k bere banku-jarduera guztia eta industria-partaidetzak aldatu zituen Kutxabank erakunde berrira, eta horren truke erakunde berrian zegokion partaidetza-ehunekoa lortu zuen: % 57.

BBK banku fundazioa

Urtebete geroago, banku-sektorean izandako arau-aldaketa berri baten ondorioz, BBK banku-fundazio bihurtzeko erabakia hartu zen. Eta horrela, 2014ko ekainean BBK Banku Fundazioa sortu zen ofizialki.

Hasieratik berrikuntza aplikatzearen alde egin zuen BBK-k. Fundazio berri bat birsortu behar zen, etorkizunera begiratuko zuena. BBK-k erakundearen beraren jatorrian zegoen hirukiaren funtsa ─banku-negozioa, gizarte-ekintza eta industria-partaidetzak babestea─ berreskuratu zuen, BBKren historian bere garapen eta aurrerabidean funtsezkoa izandako formula.

Bere giza baliabideak eta baliabide materialak egoera berrira egokitu, gobernu korporatiboaren politika zorrotzenak hartu eta maila goreneko gobernantza-sistema ezarri zuen.

Araudi berriak zekarren beste eskakizun bat arriskua, eta beraz inbertsioa, dibertsifikatzea zen. Horretarako, BBK-k egonkortze-funts bat sortu zuen, inbertsio nagusiarekiko mendekotasuna gero eta txikiagoa izatea ahalbidetzen duena, horrela autonomia handiagoa lortuz eta bere Gizarte Ekintzaren iraunkortasuna bermatuz.