BBK Urdaibai Zentroa
BBK Urdaibai Zentroa den eraikina itsasoan bizitza luzea egindako arrantzaleen premia edo beharrizanak asetzeko sortu zen. Baina 1924an Bilboko Udal Aurrezki Kutxak Ramon de la Sota ontzigileari erosi zionean, Ricardo Bastida arkitekto ospetsuak haurrentzako kolonia bihurtzeko enkargua jaso zuen: Begoñako Andra Mari Haur Kolonia.

Historia

Hala, 1925eko abuztuaren 13an, itsas otso zaharren ordez, Bizkaiko 80 adingabe sartu ziren bertara, eta hiru hilabeteko egonaldia hasi zuten etxera osasuntsuago eta indartsuago itzultzeko helburuaz.

Garai zail edo gaitzak ziren, haurren desnutrizioa oso zabaldua zegoen eta izurri zuria, tuberkulosia ere deitua, hondamen izugarria zen klase behartsuenen artean. Errealitate gogor horri emandako erantzuna izan zen Kolonia, umeak indarberritu eta sendotzeko babeslekua.

Askok hemen ezagutu zuten egunero dutxatzearen plazera, ahoko higienea eta eguzki-bainuak. Azken hauei garrantzi handia ematen zitzaien, hainbesterainokoa ezen, tokiko klimatologia goibela ikusita, 1928an hondartza artifizial bat eraiki baitzen, kuartzozko lanparak, izpi ultramoreak igortzen zituztenak, zituen gela bat.

Ondo jateak, naturarekiko harremanak eta (erreal eta asmaturiko) eguzkipean egoteak mirariak lortzen zituen. Koloniako artxiboko fitxetan begiratuz gero, ia 10 kilo gizendu ziren umeen kasuak aurki daitezke, eta horrek garbi adierazten du haien eguneroko bizimodu gaitza handik kanpo.

Baina Kolonia ez zen erietxe gisa sortu. Ezta eskola edo babes-etxe legez ere. Hiru hilero, haur talde berri bat jabetzen zen etxeaz, eta denboraldi horretan bertan zegoen guztia eurena zen. Beren etxe bihurtzen zuten.

Etxe hartan, besteak beste, Robustiano jauna (haur-tropen irakasle eta komandantea), Ahizpa Carmen (Kolonian 55 urte eman zituen erizaina) eta Mendieta doktore kartsua arduratu ziren hain beharrezkoa den giza berotasuna emateaz.

Zorionez, hamarkaden poderioz, aldatu egin ziren Bizkaiko gizartea eta beraren beharrizanak.  Haurren desnutrizioa iraganeko gauza bihurtu zen, neska-mutiko bizkaitarrek ez zuten beren osasuna sendotu beharrik; beraz, 1982an, Koloniak beste etapa bati ekin zion Sukarrietako Eskola Saiakuntzako Zentroa sortu zenean ingurumen-hezkuntzarako.

Neska-mutikoei naturara hurbiltzen lagunduko zien ingurune fisiko eta pedagogikoa eskaintzea zen helburu nagusia, eta horrela ingurumenaren aldeko sentsibilizazioa, kontzientziazioa, ezagutza, jarrera-aldaketa eta banako nahiz taldeko ekintza garatzea. Kolonia Urdaibairen bihotzean, UNESCOk Biosferaren Erreserba izendatutako natura-gune ederrean, egoteak balio erantsi nabarmena zuen.

Jada finkatuta orientazio berria, 1983an Udalekuak programa ere jarri zen martxan, prestakuntza, kirol eta aisialdiko jardueren bidez bizikidetza-balioetan sakontzeko helburuarekin, betiere natura izanik ardatz nagusi.

Bizkaiko ikastetxeei zuzendutako hezkuntza-programen emaitza onek erakusten dute jarraitu beharreko bidea, ikasleek, BBK Urdaibai zentroan dauden bitartean, beren ingurumen-proiektua garatzen dute eta. Bide hori, aurrera egin ahala, hainbat bidezidorretan banatzen da, gizarte modernoaren beharrizanei eta erronkei erantzuteko. Adibidez, BBK Jagon, 2015. urtean hasitako egitasmoa, etorkizuneko helduei eskola-jazarpenari eta ziberbullying-ari aurre egiteko tresnak emateko helburua duena.

Urte horretan bertan, mundu mailan klima-aldaketaren aurka borrokatzeko Parisko Akordioa onartu zen, baita Nazio Batuen Garapen Jasangarrirako Helburuak (GJH) ere, garapenaren ekonomia-, gizarte- eta ingurumen-dimentsioak barne hartuta. Testuinguru horretan, Koloniak beste etapa bati ekin zion mende honetako erronka eta premia handienetako batera egokitzeko:  klima-aldaketaren eta jasangarritasunaren aurkako borrokara.

Gaur egun

Izen berri batekin, BBK Urdaibai Zentroa (2018), eta proiektu berri batekin, BBK Klima, 2020an ekin zion bere ibilbideari, mundu osoko hainbat erakundek larrialdi klimatikoa bete-betean aldarrikatzen zuten unean.

BBK Klima lokaletik globalera eta globaletik lokalera egindako ekarpenetik sortu zen, eta GJHen inguruko kontzientziazioa du ardatz eta helburu nagusi, argudio-logika bat eta aisialdi aktiboaren eta hezitzailearen proiektu bat sortuz. Proiektua klima-aldaketaren eta GJHen ezagutza zientifikoan oinarritzen da, eta ezagutza hori publiko orokorrari modu erakargarri eta eraginkorrean transmititzeko asmoa du. Proiektuak, gainera, UBEren garapen jasangarriari lagunduko dio, eta BBK Urdaibai zentroan egiten diren gainerako jarduerekin bat egiten du.

Testuinguru horretan, 2020an, aurrez egin ohi ziren aisialdiko jarduerak birbideratu egin ziren, ingurumenarekin (eta, bereziki, klima-aldaketarekin) zerikusia duten GJHak BBK Udalekuak programan egiten diren tailerren ardatz egituratzaile bihurtzeko, ingurumenaren garrantzia azpimarratuz, klima-aldaketa eta horren ondorioak gai nagusitzat hartuta.

Urrun dagoen 1925eko abuztuaren 13 hartatik, milaka haurrek gozatu dute leku berezi honetaz. Eta etorkizunean beste milaka batzuk izango dira. Garbi esan zuen Julian Zugazagoitiak, Koloniaren bizipenak jaso zituen liburu-egunkarian: “Sukarrietan bizitzea gure zahartzarorako oroitzapenak egitea da. Garrantzitsua da oroitzapenak kalitate handikoak izatea, gure zahartzaroa zoriontsua izan dadin”.