Durangoko Azoka

Durangoko lehen Euskal Liburu eta Disko Azoka 1965ean egin zen, Gerediaga Elkarteak antolatuta, Euskal Herriko literaturgintza ezagutarazteko asmoz. Gaur egun, kultura zaleentzako urteroko ezinbesteko hitzordu bihurtu da Durangoko Azoka.

2019an, Durangoko Azokaren 54. edizioa egin zen; guztira, 264 erakusketari izan ziren, eta 405 nobedade aurkeztu ziren: 273 liburu, 91 disko, 16 aldizkari, 5 ikus-entzuneko eta askotariko 20 produktu. Gainera, autoekoizpenaren plazan 14 sortzailek parte hartu zuten (disko, liburu eta ikus-entzunezkoen sortzaileak).

Kultura, guztion eskura

Berdintasun handiagoko Bizkaia lortzeko ahaleginean, Durangoko Azokak eta BBK-k bi urte daramatzate elkarlanean “Kultura, guztion eskura” programaren bidez azoka inklusiboagoa eta irisgarriagoa lortzeko.

Proiektu honek Azoka bisitatzen duten guztiek euskal kulturaz ezelako oztopo barik gozatu ahal izatea lortu gura du. Bestalde, kultura-esparrutik inklusibitatea lantzen duten esperientziak ezagutzera emateko helburua ere badu programak.

Horretarako, 2017az geroztik, BBK-k hainbat jarduera antolatzen ditu Durangoko Liburu Azokara joaten diren eta gaitasun ezberdinak dituzten guztientzat: bisita gidatuak Azokak alor horretan dituen gabezien diagnostikoa egiten duten talde txikiekin, bisitarien ekarpenak eta iritziak jasoz; Euskadin dauden kultura-esperientzien aurkezpenak, etab.