BBK LAGUN GUNEA, ELIKAGAIEN BANKU HOBEA

BBK-k, Bizkaiko Gurutze Gorriak eta Bizkaiko Elikagaien Bankuak elikagaiak banatzeko lehenengo zentro berritzailea sortu dute, Bizkaian baliabide gutxiko eta gizarte-bazterketako arriskuan daudenentzat.

BBK Lagun Gunea deituriko proiektuaren helburua da premian dauden pertsona eta familiei ematen zaizkien elikagaien banaketan kalitatea hobetzea.

Bizkaiko Elikagaien Bankutik datorren janaria batzeaz gain, zerbitzu gehiago ere ematen dira: etxeko ekonomia-tailerrak, banan-banako gizarte-laguntza eta gizarteratzeko beste jarduera batzuk, adibidez, hizkuntzak ikastea, kulturarteko programak edo umeentzako eta farmazia-gastuetarako laguntzak.

FAMILIENTZAKO ELIKAGAIEN BANAKETAN HOBEKUNTZAK

Bizkaiko elikagaien lehen banaketa-zentroa, supermerkatu-formatua duena, Santutxu auzoan dago, Bilbon, eredu pilotu gisa dago pentsatua, eta bere egunerokoan 900 familia edo gehiagoz arduratzen da, hau da, 1.900 eta 2.200 arteko pertsona-kopuruaz.

Elikagaiak banatzeko zentroaren kontzeptu berri honek “supermerkatura” joateko aukera ematen du, puntu-sistema bidez, familia-gune bakoitzak behar dituen elikagaiak eskuratzeko, era autonomoan eta banaketa-ilara luzean agerian egoteko premia barik. Gizarte-bazterketako arriskuan daudenei ematen zaien arreta duintzeko modua da, elikagaiak banatzeko zentroak, Bizkaiko Gurutze Gorriak kudeatuak, beraien eskura jartzen dituen baliabidez hornitzeko aukera ona ematen zaielarik.

Elikagaiak banatzeko zerbitzu berri honek esperientzia arrakastatsua du beste autonomia erkidego batzuetan.

BBK Lagun Gunea banaketa-zentro berriak elikagai-banaketaren arazoak –barreiatuak, gutxi koordinatuak eta irregularrak izatea– ezabatu gura ditu.

Zerbitzu berri honek familiekiko harremana erraztuko du, baita bilketarako zentrora etortzen diren pertsonen beharrizanen aurreikuspen eta ezagutza ona ere.

ZELAN FUNTZIONATZEN DU ELIKAGAIEN BILKETAK

Bizkaiko elikagaien banaketa-zentroak familiaren tamainaren arabera emandako puntu-sistema baten bidez funtzionatzen du. Puntu horiekin, erabiltzaileek erosketaren zerrenda egin dezakete eta elikagaiak jaso hilean birritan aurrez adosturiko bi hitzordutan.

Egitasmo berri hau esperientzia arrakastatsua izan da Nafarroan, Gironan edo Bartzelonan. Orain Bilbora iritsi da, Bizkaiko Gurutze Gorriak eta Elikagaien Bankuak daukaten banaketa-sistema hobetzeko, 30 erakunde baino gehiagoren laguntza duelarik baita beste boluntario batzuen konpromisoa ere.

BBK LAGUN GUNEA ELIKAGAIEN BANKUARI BURUZKO ARGIBIDEAK

BBK Lagun Guneak ordutegi finkoa du eta astean lau egun irekitzen da. Erabiltzaileek hilean bi hitzordu dituzte ezarrita eta produktuen oinarrizko saskia dute bermatuta, familia-unitateko kideentzat egokituriko kopuruekin.

Proiektuaren erakunde sustatzaileen apustua da orain arte zegoen elikagaien banaketa-sistema aldatzea eta BBK Lagun Gunearekin zerbitzu integrala, pertsonalizatua eskaintzea, erabiltzen duten familiekin harreman handiagoa izanez.

Azken helburua da Bizkaian elikagaiak banatzeko zentroen sare bat sortzea, elikadura-laguntza duina, eraginkorra eta integrala emango duena, jarduera bateratuz eta koordinatuz hainbat erakunderen artean.

Erlazionaturiko albisteak