Hirugarren sektorearen behatokia

Hirugarren Sektorearen Behatokia informazio eta dokumentazio, ikerketa aplikatu eta promoziorako zentroa da, Bizkaiko hirugarren sektoreko erakundeak sustatzeko, berrikuntza bultzatzeko eta irabazi asmorik gabeko erakundeak indartzeko lan egiten duena. Horrela, gizarte parte-hartzaileagoa eraikitzen eta demokrazian sakontzen laguntzen du. Behatokiaren jarduera praktikara, erakunde eta sareen egoera ezagutzera, etengabeko hobekuntzara eta sektorea sendotzera bideratua dago.

Behatokiaren helburua Bizkaian hirugarren sektorea sendotzen laguntzea da, informazio-kudeaketaren, ikerketa aplikatuaren eta sustapeneko jardueren bidez, sektorea bera –bere egoera, bere ekarpena– ezagutzera emanez. Horretarako, ezagutza sozializatzeko konpromisoa bere gain hartu du, zabalkunde edo dibulgazioko ahalegina eginez. Gardentasun-ariketa honek Behatokia eragile partikular baten zerbitzurako tresna ez bihurtzea bermatzen du.

Hainbat eragilek parte hartzen duten proiektua da eta aldi berean guztiengandik independientea da, sektorearen barruan trukea eta lankidetza bultzatuz ikaskuntza-komunitatea osatzen du, sektorea oinarri hauetatik antolatzen laguntzen duena.