LH industrialeko ikasketak nesken artean sustatzeko kanpaina berria

BBK 14 maiatza, 2019

Zergatik ez dute neskek euskal Lanbide Heziketa industriala aukeratzen, jakinik ikasketa horiek egiten dituztenen ia % 100ek ikasitakoarekin bat datorren lanpostua aurkitzen dutela sei hilabeteko epean? Euskal Autonomia Erkidegoan LH industrialeko zikloa egitea aukeratzen duten nesken ehunekoa oso txikia da, nekez iritsi da % 6ra azken hamar urteotan. HETELentzat (Lanbide Heziketako Abantean Ikastetxeen Elkartearentzat) buruhauste den horrek euskal administrazio publikoen eta gizarte eragileen arreta bereganatu du azken aldian, eta euskal Lanbide Heziketan dagoen titulazio femeninoen eta maskulinoen arteko polarizazioari aurre egin nahi diote. Gero eta neska gehiagok aukeratzen ditu LHko ikasketak, baina aipatutako polarizazioak bere horretan dirau.

Egoera kezkagarria da, baina alderdi ahulak zehaztea da irtenbideak bilatzeko lehenengo urratsa. Zenbait dinamikaren bidez HETELek egin dituen azterketek erakutsi dutenez, neskek ez dute industrian diharduten emakumeen erreferentziarik, eta, halaber, ez dituzte ezagutzen euskal industrian dauden lanbideak. Horiek dira neskek etorkizun profesionala aukeratzeko orduan dituzten oztopo nagusiak eta horrelako titulazioak ez hautatzeko arrazoiak.

Horixe da, hain zuzen, gaur aurkeztu duten “Aitzindariak LH” “Zure bide propioa eraiki. Lanbide Heziketa aukeratu” kanpainaren abiapuntua. Elkarteak BBKren laguntza eta Euskaltelen lankidetza du ekimen horri aurrera eramateko. «Europa osoan gertatzen ari den arazoa da. Alemanian, esaterako, ehunekoa antzekoa da, nesken % 5ek bakarrik aukeratzen dute LH industriala, eta horietatik % 90ek familian aurrekariak dituztelako egiten dute hautu hori. Ezin ditugu familiak aldatu, baina bai erreferentziak sortu», adierazi du Julen Elgeta HETELeko lehendakariak aurkezpenean.

Hurbileko erreferentzien bidez, gazteei, eta batez ere neskei, LHko zenbait titulazio teknologikok dituzten irtenbide profesionalen berri emateko helburuarekin jarri dute martxan kanpaina. Industriako lanpostu jakin batzuk ezagutarazi nahi dizkiete neskei, eta baita haien kide diren mutilei ere, industriaren sektorea gazteei hurbildu, lanbide horiek ezagutzera eman, hori guztia gaur egun nagusi den joera aldarazteko, industria zikloetako matrikulazioak areagotzeko eta industria inklusiboagoa izan dadin.

Bideoak eta baliabideak ikasgeletan lantzeko

Kanpainan hamar bideo plazaratuko dituzte, eta horietako bakoitzean neska batek bere eguneroko lana azalduko du, gaur egun lanpostua duen enpresatik. Bideoen osagarri, iragarkia egin dute. Horretan, bakoitza bere eremuan aitzindari izan diren lau emakumek euren ibilbidea azalduko dute, nolatan aukeratu zuten bide berri hori, beldurrik gabe. Gainera, ikasgelan lantzeko baliabideak eta kartelak kaleratu dituzte, laneko fitxak, egutegiak eta abar. Nolanahi ere, Euskadiko DBHko, LHko ziklo feminizatuetako edo batxilergoko ikasgeletatik haratago, materialak enpresetan, familietan eta gizartean ere eragina izan dezan lortu nahi da. Horretarako, gune publikoetan kartelak jarriko dituzte eta webgunea eta bestelako zabalpen bide batzuk erabiliko dira. Materiala hemen dago eskuragarri.

Protagonistetako bi gaurko prentsaurrekoan izan dira. Haiek eta gainerakoek euren lanbideen berri emango dute bideoetan: delineatzailea, roboten programatzailea, unitate mugikorren ingeniaria, laborategiko analista, kalitateko teknikaria, laborategiko teknikaria, moldeen eta azpimultzoen muntatzailea, ikertzaile teknikoa, diseinatzaile eta metrologoa, fabrikazio mekanikoko produkzio programatzailea…

 

 

Egungo albiste gehiago

BBK-k egin du beka-deialdia bere laugarren BBK BOOTCAMP campuserako; prestakuntza-sistema trinko hau AEBetatik Euskadira ekarria da, errekorrezko denboran aditu programatzaileak prestatzeko
Zer programatzeko gai dira BBK Bootcampera etortzen diren ikasleak? Erantzuna gaur eman da Icaza Colaborando-n BBK Bootcamp DEMO DAY 
Mikroskopia Estazio Herritarrak apirilaren 4tik 12ra irekiko ditu ateak eta aukera paregabea eskainiko die herritar guztiei bizi mikroskopikoa behatu, aztertu eta irudikatzeko arte-sorkuntzan.
Gure ekitaldi guztiak