ARGIA FUNDAZIOA

element/arrow-grey copy 16 Created with Sketch. Osasun mentala
element/arrow-grey copy 3 Created with Sketch. Getxo

BBK-k, ezintasunen bat dutenen gizarte-ongizatea sustatzearen aldeko apustuan, Argia Fundazioarekin lan egiten du Bizkaian gaixotasun mentalak dituztenei sendabideak, errehabilitazioa eta gizarteratzea eman edo errazteko.

Proiektuaren ardatza gaixotasun mentalak dituztenak osatzea da, eta kalitatezko laguntza integrala ematea, helburu pertsonalizatuen bidez, zenbait ariketa terapeutiko eta jarduera okupazionalen inguruan antolatuta, beraien bizi-estiloa hobetzeko.

Gaur egun, Argiak hainbat zerbitzu ditu: Eguneko Ospitalea Getxon kokatua, Zurimendi eta Begoñalde egoitzak Galdamesen, Babespeko Pisuak, guztira 24 pisu, Bilbon, Barakaldon, Erandion eta Getxon kokatuak, eta Argia Klub Soziala.

Argiako zerbitzuen arreta jaso gura dutenek baldintza hauek bete behar dituzte:

  • Nahasmendu mental larria diagnostikaturik izatea
  • % 33koa baino ezintasun-maila handiagoa
  • Mendekotasun-balorazioa egina izatea
  • 18 eta 60 urte artean izatea eta Osakidetzako Osasun Mentalaren Sareko profesionalen batek bideratua izatea itunpeko postua lortzeko

ARGIA FUNDAZIOAREN EGUNEKO OSPITALEA

Eguneko Ospitaleak diziplinarteko arreta-zerbitzu integrala eskaintzen du; programa pertsonalizatuak ditu eta arreta-gune berean jarduera okupazionalen eskaintza zabala eta laborterapia eskaintzen ditu.

Eguneko ospitaleak astelehenetik ostiralera ematen ditu bere zerbitzuak, 9:30etik 17:45era, asteburuetan eta oporretan ere jarduerak egiteko aukerarekin.

ZURIMENDI ETA BEGOÑALDE EGOITZAK 

Argia Fundazioaren egoitzek banan-banako tratua eskaintzen diete gaixotasun mentala dutenei eta gainbegiratuta dauzkate egunean 24 orduz.

Egoitzetan emandako tratamenduaren helburua gaixotasun mentala dutenen osasun mental eta fisikoa hobetzea da, bizi-proiektua egitea, gatazka sozio-familiarrak gutxitzea, eguneroko bizitzarako trebetasunak ikastea, eta etengabeko laguntza ematea egoera pertsonalak gobernatzeko.

ARGIA FUNDAZIOAREN BABESPEKO PISUAK

Argia Fundazioaren babespeko pisuak Bilbo, Barakaldo, Erandio eta Areetan daude, eta bakoitzean 4-6 pertsona bizi dira elkarrekin.

Pisuetan lan egiten duten profesionalen taldean arduradunak, koordinatzaileak, hezitzaileak, etxeko laguntzaileak eta mantentze-lanetakoak daude, eta pisuetan bizi direnekiko harreman terapeutikoa enpatian, begirunean, malgutasunean, asertibitatean eta erabakitasunean oinarritzen dute.

Egoiliarrek Plan pertsonalizatua dute, eta horrekin Argiak gabeziak aitortzen dizkie eta bizi-kalitatea hobetzeko beharrezko erremintak bilatzen dizkie. Horretarako, hainbat trebetasun lantzen dira:

  • Eguneroko bizitzako trebetasunak: auto-zainketak, autonomia pertsonala, …
  • Estres-egoerak gobernatzea (autokontrola, gaitasun pertsonalik eza, …)
  • Pertsonarteko harremanak
  • Komunitatean txertatzea
  • Funtzionamendu kognitiboa
  • Aisialdia eta denbora librea

ARGIA KLUB SOZIALA

Argia Klub Soziala Argia Fundazioaren zerbitzu bat da, Bizkaiko gizartera irekia, inklusiboa eta parte hartzekoa. Algortan (Getxo) dago, batasun- eta elkartasun-gunea da, profesionalek dinamizatua, non gaixotasun mentala dutenek beren aisialdiaz goza dezaketen eta beren gaitasunak eta gizarte-harremanak indartu, alde batera lagata diagnostikoak, etiketak eta estigmak.

Klubak bere kideen bizi-kalitatea hobetu gura du ongizateari eta gogobetetze pertsonalari loturiko jardueretan parte hartuz, jarduerak egitera bultzatuz, pasibotasunerako eta bakartzeko joerari aurre eginez.

Argia Klub Sozialaren esku-hartze eredua hiru jarduera-ildotan oinarritzen da: banakako esku-hartzea, taldeko esku-hartzea eta esku-hartze komunitarioa.

ARGIA FUNDAZIOAREN KOKAPENA

Trinidad Kalea 11, 48993 Getxo

Argia Fundazioa