2022ko BBK Mendi Martxan zuhaitz-landaketa bere karbono-aztarna konpentsatzeko
BBK Mendi Martxak proiektuaren edizio hau datorren igandean, abenduak 18, amaituko da, Gangoiti eta Pastorekorta arteko ibilaldi herrikoiarekin. Igoera osatzeko, Miguel Delibes Castro biologo eta naturalistak hitzaldia emango du, eta proiektuaren karbono-aztarna konpentsatzeko helburuaz Pagasarriaren magalean zuhaitz-landaketa ere egingo da. Landaketa honekin BBK Mendi Martxak 2022 proiektua karbono aldetik neutroa izatea lortuko da.
Gangoiti – Pastorekorta ibilaldi gidatuak 16,11 km izango ditu, eta 668 m-ko desnibela. Taldea 9:00etan irtengo da Bilboko Miribillako pilotalekutik. BBK Mendi Martxa guztiak bezala, irteera inklusiboa da, eta, beraz, zailtasun tekniko handirik gabeko mendi-bide eta bidezidorretan barrena izango da ibilaldia, edozein pertsonak segurtasunez egiteko modukoa. Parte-hartzaileek txakurrak ere eroan ditzakete. Ibilbidean zehar, mendizaleek zabor-bilketa egingo dute, ibili ahala ingurune garbiagoa eta zainduagoa uzteko.
Irteera egokia da jende guztiarentzat eta parte hartzea doakoa da, baina aldez aurretik izena eman behar da Bizkaiko Mendizale Federazioaren web-orriaren bidez: https://bmf-fvm.org/.
Aurtengo BBK Mendi Martxak proiektua uztailaren 25ean hasi zen Txarlazo-rako (927m) igoerarekin, Urduñan. Ganguren (Galdakao), Tallu (Mungia), Ubieta (Zalla) eta orain Gangoiti-Pastorekorta (Bilbo) izan dira oso harrera ona izan duen proposamen hau osatu dutenak. Irteera bakoitzean, batez beste, 644 pertsonak parte hartu dute, adin guztietakoak.
“BBKn pozik gaude proiektu honek izan duen harrerarekin, gure ingurunearen ezagutza eta zaintza bultzatzeko ilusioz abiarazi genuelarik; parte-hartzaileak eguneroko parajeak ezagutzen ari dira beste ikuspegi batetik, eta datozen belaunaldientzat horiek zaintzeak duen garrantziaz gehiago jabetzen ari dira” adierazi du Ainhoa Elortegi BBK-ko Ingurumen Arloko arduradunak.
Miguel Delibes Castroren hitzaldia eta ingurumen-erronka
BBK Mendi Martxak programako igoera guztiek ingurumen-erronka bat izan dute, baita hitzaldi bat ere, natura-ingurunea ikertu eta zaintzeko konpromisoaren arloan lehen mailakoak diren hizlarien eskutik.
Bilboren kasuan, BBK Mendi Martxak proiektuan Miguel Delibes Castro biologoa izango da, katamotz iberikoaren ikerketan eta babesean nazioarteko aditu gorena eta Ingurumenaren Sari Nazionala jasoa, beste sari askoren artean. Abenduaren 15ean, osteguna, 19:30ean, ‘La conservación de la naturaleza y el progreso’ (Naturaren kontserbazioa eta aurrerabidea) hitzaldia emango du BBK Salan. Sarrera libre izango da jarlekuak bete arte.
Gainera, abenduaren 17an, larunbata, zuhaitzak landatuko dira, proiektuak sortutako CO2 isuriak konpentsatzeko. Erronkari buruzko informazio gehiago eta izen-ematea Bizkaiko Mendizale Federazioaren webgunean: https://bmf-fvm.org/.
Bizkaiko Mendizale Federazioarekin elkarlanean garatutako ekimena da BBK Mendi Martxak, hiru ardatz ditu –prestatzea, jardutea eta ezagutzea–, eta bizkaitarrei lurraldea zaintzeko eta babesteko konpromisoa, premiazkoa eta saihestezina, helarazi gura die. Nazio Batuek 2030 Agendaren esparruan zehaztutako Garapen Jasangarrirako Helburuetako hainbatekin bat datorren ekimena da.