Urtarrilak 22, 2026

Etxekooking, BBK Kunak elikaduraren etorkizunaz hausnartzeko egindako ibilbidearen gailurra

BBK Kunan 2025. urtea gure garaiko erronka handienetako baten inguruan herritarrekin batera hausnartzera bideratu dugu: elikadura. Nola jaten dugun eta horrek gure osasunean, lurraldean eta harremanetan duen eragina funtsezko galdera da Bizkaian etorkizun jasangarriagoa eta kohesionatuagoa eraikitzeko.

Ibilbide honen gailur gisa Etxekooking sortu da. BBK Kunak bultzatutako mugimendu honek gure etxeak eraldaketarako gune bihurtzen ditu. ‘Etorkizuneko Biztanleak’ ekimenaren barruan, proiektu honek herritarren entzute aktiboa eta Braulio Gómez Deustuko Unibertsitateko Politika Zientziako irakasleak zuzendutako ‘Sukaldearen Etorkizuna’ azterlanaren ondorioak ditu oinarri. 2025ean zehar egindako lanari esker, Bizkaiko sukaldearen, elikaduraren eta ongizatearen inguruko asmo partekatuak eta joera argiak identifikatu ahal izan ditugu.

Etxeko sukaldea balio kultural eta sozial gisa

Prozesu honen emaitzek argi erakusten dute gehiengoek etxeko sukaldearen balioa berreskuratu nahi duela. Biztanleen % 61 baino gehiagok uste du etxean sukaldatzea garrantzitsua dela euskal kultura gastronomikoa babesteko, gure nortasunaren eta tradizioaren funtsezko parte baita. Kezka hori bereziki nabarmena da belaunaldi gazteenen artean, osasunari, jasangarritasunari eta elikadurak ingurunean duen eraginari buruzko kontzientzia handiagoa erakusten baitute.

Etxekooking, BBK Kunatik sukaldera itzultzeko gonbidapena

BBK Kunan, sukaldera harrotasunez itzultzeko gonbidapen gisa ulertzen dugu Etxekooking. Sukaldatzearen plazera berriz aurkitzeko eta etxeko sukaldea pertsonak eta lurraldea zaintzeko ekintza modura bizitzeko deia da. Mugimendu honen bidez, etxean egindako sukaldearen balioa nabarmendu nahi dugu, gure kultura gastronomikoa indartzeko, antzinako ezagutzak eta errezetak bizirik mantentzeko eta ohitura osasuntsuagoak eta jasangarriagoak sustatzeko tresna nagusi gisa

Etxekookingen babesean, elikadura kontzienteagoa sustatzen duten ekimenak bultzatzen eta hartzen ditugu, hurbileko osagaiak aukeratzetik elikagaiak prestatu eta partekatzeko moduraino. Horrela, etxe bakoitza ingurunean eragin positiboa izateko, tokiko ekoizleei laguntzeko eta komunitate loturak sendotzeko gune bihurtzen da.

Belaunaldien arteko errezetategia, ondare partekatua

Mugimendu honen baitan, BBK Kunatik belaunaldien arteko errezetategi bat bultzatu dugu. Gazteak, adinekoak eta sukaldariak helburu komun baten inguruan elkartu ditugu errezeta tradizionalak gaur egungo bizitzara egokitzeko. Emaitza zazpi errezeta dira, prozesu errezagoekin eta denbora laburragoan egiteko modukoak, euskal ondare gastronomikoa babesteko eta etxeko sukaldea egunerokoan bizirik mantentzea errazteko.

Etorkizuna egunerokotasunetik aktibatzea

Etxekookingek BBK Kunan berrikuntza soziala nola ulertzen dugun erakusten du: egunerokotasunetik sortzen den eta modu kolektiboan eraikitzen den zerbait bezala. 2025. urteari amaiera ematen dion proiektu honek gure konpromisoa sendotzen du Bizkaiko herritarrekin, familiekin, ikastetxeekin, tokiko ekoizleekin eta enpresekin batera lankidetzarako eta ko-sorkuntzarako guneak sortzen jarraitzeko.

Elikaduraren etorkizuna ez baita bakarka eraikitzen. Gure etxeetako sukaldeetatik gure osasuna hobetu dezakegu, planeta zaindu eta Bizkaia kohesionatuagoa, jasangarriagoa eta etorkizuneko erronkei aurre egiteko prestatuagoa indartu.