GANGUREN, NATURA INGURUNEA EZAGUTU ETA ZAINTZEKO BBK MENDI MARTXAK EKIMENAREN HURRENGO IGOERA
Joan den uztailean Txarlazoko igoera egin ostean, BBK Mendi Martxak ekimenak datorren igandean, irailak 11, bere jarduera-programari ekingo dio berriro, Ganguren mendiko igoerarekin. Proposamena Odile Rodríguez de la Fuentek irailaren 15ean emango duen hitzaldiarekin osotuko da.
Gangureneko igoera 12 km-ko eta 450 m-ko desnibeleko ibilbide gidatua da. Taldea 9:00etan aterako da Ganguren Mendi Taldearen egoitzatik (Gipuzkoa kalea 11, Somera), eta gailurrera 12:30 inguruan iristea aurreikusten da. Martxa inklusiboa da, eta, beraz, zailtasun tekniko handirik gabeko pista eta bidezidorretan barrena da ibilbidea, edozein pertsonak segurtasunez egiteko modukoa. Parte-hartzaileek txakurrak ere eroan ditzakete.
Ibilbidean zehar, mendizaleak bidea garbituz joan daitezke. Irteera egokia da jende guztiarentzat eta parte hartzea doakoa da, baina aldez aurretik izena eman behar da federazioaren web-orriaren bidez: https://bmf-fvm.org/.
Odile Rodríguez-en hitzaldia
BBK Mendi Martxak ekimenaren igoera guztiek hitzaldi bat dute lagun, natura-ingurunea ikertu eta zaintzeko konpromisoaren arloan lehen mailako hizlarien eskutik. Galdakaoko kasuan, ingurumenaren zaintzarako kontzientziazioan diharduen Odile Rodríguez de la Fuente zientzia-dibulgatzailea izango da BBK Mendi Martxak ekimenean. Datorren ostegunean, irailak 15, Galdakaoko Torrezabal Kultur Aretoan “Aldaketa Klima” hitzaldia eskainiko du.
Bizkaiko Mendizale Federazioarekin elkarlanean garatutako ekimena da BBK Mendi Martxak, hiru ardatz ditu –prestatzea, jardutea eta ezagutzea–, eta bizkaitarrei lurraldea zaintzeko eta babesteko konpromisoa, premiazkoa eta saihestezina, helarazi gura die. Nazio Batuek 2030 Agendaren esparruan zehaztutako Garapen Jasangarrirako Helburuetako batzuekin bat datorren ekimena da.
BBK Mendi Martxak ekimenak urriaren 9an jarraituko du Tallura igoerarekin (344m), Mungian; urriaren 16an Ubietara (632 m), Zallan; eta abenduaren 18an amaituko da Gangoiti-Pastorekorta zirkuituarekin, Urte Berriko ohiko igoerari aurrea hartuta.