Ikasi mugikorraz argazkiak egiten eta gordetzen eta ez dituzu argazki-albumak faltan botako

Video Killed the Radio Star’ oihukatzen zuten The Buggles-ek 1979an. 2022an gaude, eta inork ez die epitafioa abestu argazki-kamerei, baina, egia esan, oro har telefono mugikorrek ordeztu dituzte; horrek herritar guztiak argazkilari bihurtu gaitu –maila apal edo xumean bada ere– eta gauza ‘zaharkituen’ kaxoira baztertu ditu argazki-albumak.

Gaur egun, telefono mugikorra eskuan, eguneroko bizitzako une guztien argazkiak egin daitezke, eta galeriarako hobetu, iragazkiei esker. Hamaika une berezi –eta beste hainbeste une hutsal– klik batekin atzematen dira, sare sozialetan partekatzen dira eta berehala azpiratzen ditu hurrengoak.

Baina zelan moldatzen dira adineko pertsonak eta haien mugikorrak telefonoetan gordetzen den irudi-banku itzela kudeatzerakoan? Ba al dakite lehenengo kliketik haratago moldatzen? Lagunekin eta familiarekin partekatutako zenbat une galtzen ote dira azkenean zulo beltz digitalean?

Adineko pertsonek beren smartphoneari ematen dioten erabilera eten digitalaren beste alde bat da. 65 eta 74 urte arteko pertsonen % 96,6k erabiltzen du telefono mugikorra, baina deiak eta mezuak bidali eta jasotzera mugatzen da egiten duten erabilera. “Ezjakintasunak beldurrak sortzen ditu eta, horren ondorioz, adinekoek ez diote zuku guztia ateratzen telefonoari: konektatuta egoteko, eguneroko bizitzako gestioetarako eta oroitzapen berriak gordetzeko”, azaldu du Ixone Zubietak, BBK-ko Pertsonen arloko arduradunak. “Mugikorra gizarteratzeko oso tresna eraginkorra izan daiteke, eta, horretarako, adinekoak ahaldundu egin behar dira oinarrizko tresna digitalen erabileran”.

BBK Sasoikok adinekoen eten digitalarekin amaitzea du helburu, eta horretarako, ikasturtean zehar, tailerrak antolatuko ditu Bilboko Erronda kaleko erdigunean. ‘Eginez ikasteko’ metodologia aplikatuz, han WhatsAppa erabiltzen ikasteko saioak antolatzen dira, edo Google Maps-en ez galtzeko, Osakidetzaren webgunetik airoso irteteko, baita mugikorrean gordetzen dituzten argazkiak kudeatzeko (memoria askatu, hodeian gorde, inprimatu…) saioak ere.

Lehengo eta egungo argazkigintza

Hain zuzen ere, argazkigintza digitalaren nondik norakoak argitzea izango da BBK Sasoiko urtarrilerako prestatzen ari den ‘Lehengo eta egungo argazkigintza’ ikastaroaren helburua. Prestakuntza 2 orduko 7 saiotan emango da, eta modu sortzaile, didaktiko eta atseginean argazkigintza digitalaren sekretuetan murgiltzeko aukera izango dute parte-hartzaileek, aldi berean Bilboko memoria eta hiriari lotutako beren oroitzapenak berreskuratuz.

“Telefono mugikorrari beldurra kentzeko beste modu bat izango da, eta erakargarria; sormenezko proiektu baten bidez, txinpartak atera diezazkiokegun tresna batera hurbilduko gara, belaunaldi gazteenek egiten duten bezala. Eta hori guztia, gainera, gizarte-harreman berri eta onak sortuz kezkak partekatzen dituen talde batek babestuta”, BBK Sasoiko Ixone Zubietak azaldu duenez.

Ikastaroan zehar, parte-hartzaileek argazkigintzari eta tresna informatikoei buruzko prestakuntza jasoko dute, eta ikasitakoa finkatzeko Bilbo hiriaren eta horrek izan dituen aldaketen argazkiak egingo dituzte. Proiektuaren barruan Facebookeko Bilbao, ay, cómo has cambiao –hiriaren antzinako irudiak batzen dituen– orri ezaguneko hainbat irudi hautatuko dira, eta, ondoren, telefono mugikorraz, Bilboko toki horien ─hots, eraikin, plaza, kale, itsasadar, industria-gune eta abarren─ argazkiak hartuko dira, azken hamarkadetan eraldaketa izugarria jasan baitute, sasoikotarren komunitatea horren lekuko izan delarik. Ondoren, beren lana plataforma digital batera igoko dute, eta jendeak ikusteko moduan egongo da.

Prestakuntza-ekintza hau beste data batzuetan Lurraldeko beste eskualde batzuetara eroatea espero du BBK Sasoikok.