DURANGALDEAK ETA LEA-ARTIBAIK JOKATUKO DUTE BIHAR BERTSOLARI GAZTEEN BBK SARIKETAREN 30. EDIZIOAREN FINALA

Durangaldeako eta Lea-Artibaiko taldeek finalerako txartela lortu dute Bertsolari Gazteen BBK Sariketaren 30. Edizioan, eta finala bihar jokatuko da BBK Salan, 18:00etatik aurrera. Berriro ere Bizkaiko Bertsozale Elkartearekin eta Bizkaiko Ikastolen Elkartearekin elkarlanean antolatutako txapelketa joan den azaroaren 7an hasi zen, Bizkaiko hainbat eskualdetako berrogeita hamar bertsolari gaztek baino gehiagok elkarren aurka jokatuz.

Seina bertsolarik osaturiko (kasu batzuetan beste pertsonaren bat gehiago ere egon da) zortzi taldek parte hartu dute –bakoitza Bizkaiko eskualde baten ordezkari–, bi multzotan banatuta: bata 18 urtetik beherakoek osatua, eta bestea 19 eta 25 urte bitarteko gazteek.

Lau sailkatze-saio eta bi finalaurrekoen ostean, Durangaldeako eta Lea-Artibaiko taldeak nagusitu dira eta bihar elkarren aurka lehiatuko dira aurtengo Bertsolari Gazteen BBK Sariketa irabazteko. Hala ere, nabarmentzekoa da talde-izaera indartzeko eta euren arteko harremanak bultzatzeko asmoz, BBK Sariketako sari nagusia taldeko plan bat izango dela.

Finalistek garaikurrak jasoko dituzte, baina sari nagusia asteburuko plana izango da txapelketan parte hartzen duten gazte guztientzat. Gainera, aurten kanturik onena ere sarituko da irabazleari garaikur bat emanez. Juanjo Respaldizak, Beñat Romerok eta Miriam Juaristik osatutako epaimahaiak emango du jakitera bihar aurtengo edizioko talde irabazlea. 

BBK-k kulturari, eta bereziki Euskal Herriko kultura eta hizkuntzaren tradiziozko adierazpenak bultzatzeko diren ekimen guztiei, laguntzeko egiten duen ahaleginean sartzen da Txapelketaren antolaketa hau. Aurten hiru hamarkada bete dira sariketa honen lehen edizioa egin zenetik, eta BBKrentzat oso pozgarria da ekitaldi hau bultzatzen jarraitzea, lehenengo egun hartan bezala, “Euskal Herrian errotuen dagoen euskarazko ahozko kulturaren adierazpideetako bat sustatzen jarraitzeko” konpromisoari eusten baitio, Koldo Bilbao BBK-ko Kultura-arduradunak adierazi duen legez.

Urteurreneko festa

Bertsolari Gazteen BBK Sariketaren 30. edizioko final handia bihar 18:00etatik aurrera izango da BBK Salan. Sarrera dohainik izango da, eta 30. urteurrena dela eta, festa ere antolatu da. Bertan argazki zaharrak proiektatuko dira, topa egin eta bertso-saio libreak entzungo dira, eta sariketan parte hartu izan duten pertsonak batuko dira, baita 30 urteotan Bizkaiko eskualdeak ordezkatuz lehiaketan parte hartu duten lehen mailako bertsolariak ere. Bertan izango dira Ibon Iza, Onintza Enbeita, Igor Elortza, Asier Alcedo, Oihana Bartra, Nerea Ibarzabal, Etxahun Lekue eta Jone Uria, saio honetan gai-jartzaileak izango diren Idoia Anzorandia eta Igor Menikaren gidaritzapean parte hartuko dutelarik.