BBK-K SAN TOMAS AZOKA BERRESKURATU DU BERE EDIZIORIK ‘GASTRO’ ETA SOLIDARIOENAREKIN

Bizkaiko San Tomas azoka handia berreskuratu du BBK-k eta Bilboko Areatza izango da jaiaren epizentroa. Aurten Azoka elkartasunez beteta iristea gura izan du BBK-k. Izan ere, BISUBI fundazioarekin elkarlanean, erakundeak hainbat jarduera gastronomiko eta solidario antolatu ditu, eta horietan batuko den dirua ASPANOVASera bideratuko da.

Ohiko San Tomas azokak, Bilbon urteko hitzordurik ezagunenetakoak, 73. edizioa beteko du aurten. Azoka berritasunekin dator, baita kokapenari dagokionez ere. Bilboko Areatza eta bere ingurua izango dira 238 etxolak jarriko diren eszenatoki nagusia, eta horiek 137 ekoizleren erabilerarako izango dira; etxola horietan askotariko produktuez eta ohiko taloaz eta txorizoaz gozatu ahal izango da. Azoka 9:00etatik 20:00etara bitartean egingo da.

Pandemiaren aurreko azken edizioan egin zen legez, postuek eta txosnek edalontzi berrerabilgarriak eta poltsa biodegradagarriak erabiliko dituzte, hondakinak minimizatzeko eta erabilera bakarreko plastikoaren aurka borrokatzeko eta, 0 Km-koa ez ezik, zentzu guztietan jasangarriagoa izango den azoka bultzatzeko.

San Tomas Azokaren edizio honek ‘Erronka Garbia’ ziurtagiria lortu du. Ziurtagiri horren arabera, San Tomas Azoka ekitaldi jasangarria da, ingurumenean izan ditzakeen eragin negatiboak minimizatuz diseinatua, antolatua eta burutua.

Gaiak birziklatzeko edukiontziak ere izango dira San Tomas azokan, hondakinak ahalik eta ondoen biltzeko. Edukiontzi horiek jartzeaz gain, Ekokuadrilla (antzerki-eskola bateko gazte-talde bat) azokan zehar mugituko da, motxilak eramanez bertaratzen diren pertsonak kontzientziatzeko, eta kontzientziazio-mezuak zabalduko dira edukiontzientzat ezarritako eremuetan.

Era berean, jai-esparrura iristeko garraio publikoa erabiltzea gomendatzen da, aukera jasangarri gisa, eta auto-ilarak eta aparkatzeko arazoak saihesteko; izan ere, edizio bereziki jendetsua espero da, bi urteko geldialdiaren ostean.

Pintxo eta putxera solidarioak 

Jasangarria izateaz gain, aurten San Tomas azoka bereziki solidarioa izango da. Bisubi sukaldarien fundazioarekin lankidetzan, ekitaldi solidario bikoitza egingo da, eta bildutako dirua ASPANOVASera, minbizia duten ume eta nerabeen gurasoen Bizkaiko elkartera, bideratuko da.

Goiz osoan zehar, Bisubiko sukaldariek 5.000 indaba-anoa prestatuko dituzte putxeretan beren ‘sakramentu’ eta guzti. Babarrunak Emakumeen plazan Bailén kalean prestatuko dira eta anoa hiru euroren truke dastatu ahal izango da.

Eta bestetik, pintxoen enkante solidarioa egingo da: Bisubiko sei sukaldarik, hiru bikotetan banatuta, in situ sortuko dituzte Areatzako Kioskoan, azokan bertan erositako produktuekin. Show-cooking bakoitzak hogeita hamar minutu inguruko iraupena izango du. Pintxo solidarioak enkantean jarriko dira jendearen artean, eta bildutako dirua ASPANOVASi emango zaio.

BISUBIko sukaldariek egindako pintxoen hirugarren enkantearen ostean, laugarren eta azken enkante bat egingo da benetako putxera bat, Balmasedako Putxera Kofradiak adeitsu emana, eskuratze aldera eskaintza egiteko.

Azkenik, diseinuko putxera baten zozketa egingo da. Bertan, salmenta solidarioko 5.000 anoa horietako baten erosketa-txartela erosi duten pertsona guztiek parte hartu ahal izango dute.

Jon Maia bertsolari eta komunikatzaileak dinamizatuko ditu ekitaldiak.

Ekoizleen azoka eta lehiaketa

San Tomas egunean, goizean goizetik, baserritarrek 10 kategoriatan banatutako produktu ugari jarriko dituzte beren postuetan:

  • Haragi eta Deribatuak: 8 ekoizle
  • Kontserbak: 17 ekoizle
  • Frutak: 5 ekoizle
  • Barazki edo ortuariak: 13 ekoizle
  • Esnea eta esnekiak: 22 ekoizle
  • Eztia: 9 ekoizle
  • Ogia eta pastelak: 21 ekoizle
  • Landareak: 3 ekoizle
  • Sagardoa eta txakolina: 19 ekoizle
  • Askotarikoak: 4

San Tomas azokako baserritar askok parte hartuko dute urtero produkturik onenak ─frutak, ortuari edo barazkiak, gazta, eztia, ogia, txakolina, sagardoa eta posturik onena─ saritzen dituen lehiaketan. Era berean, BBK-k belaunaldi-erreleboa saritzen jarraituko du, ekoizle gazteenari saria emanez, baita emakume baserritarrari sari berezia ere.

Sari banaketa Areatzako kioskoan izango da 13:00etan.

San Tomas Azoka

San Tomas azokaren antolaketa BBK-k lehen sektorearekin duen konpromisoaren barruan kokatzen da. Konpromiso hori 1977an hartu zen, erakundea Bizkaiko nekazaritza- eta abeltzaintza-azokak antolatzen hasi zenean. Lehenengo urte hartan 12 azoka egin ziren eta 45 urte geroago 80tik gora egiten dira, lurraldeko 65 udalerri baino gehiagotan. COVID-19ak ezarritako murrizketen ondorioz bi urtez egin barik egon ostean, baserritarrak herri eta hirietako plazetara itzultzen ari dira, beren produktuak zuzenean saltzeko kanal bat, sektorearentzat garrantzi handia duena, berreskuratuz. 2022an, 80 azoka baino gehiago antolatzen parte hartu du BBK-k, eta guztira 850.000 euro bideratu ditu Bizkaiko baserritarrei laguntzeko. Horretarako, alde batetik, zuzenean saltzeko bi kanalen bidez salduko dira produktuak: nekazaritza eta abeltzaintzako azokak, eta e-commerce BBK Azoka; eta, bestetik, lehen sektoreari lotutako proiektuak bultzatuko dira.

Lehen sektorea Bizkaiaren lehiakortasun jasangarrirako sektore estrategikoa da, eta horren eginkizuna indartu egingo da epe ertainera, hala nola Garapen Jasangarrirako 2030 Agenda eta Europako Itun Berdea lako ekimenen bidez.

Nora Sarasolak, BBK-ko Gizarte Ekintzaren zuzendariak, esan du “San Tomas dela BBK-k urte osoan lehen sektorearen alde egindako apustuaren amaiera. Izan ere, Bizkaiko nekazaritzaren eta herritarren arteko topagunea da, non erakundeak lehen sektorearekiko duen konpromisoa indartu egingo den, urtebetez 86 azoka sustatu eta BBK Azokaren bidez online salmenta etengabe bultzatu ostean. BBK-k lehen sektorearen aldeko apustua egiten jarraituko du etorkizuneko sektore ekonomiko gisa. Euskal herritarren elikadura-itxaropenei buruzko azterlan baten arabera, gehien eskatzen diren ezaugarriak ontziratu gabeko eta hurbileko produktuak dira. Beraz, sektoreak aukera paregabea du modu jasangarrian ekoitzitako 0 Km  produktuekin”.

Bestalde, Bilboko Udaleko Obra, Hiri Plangintza eta Proiektu Estrategikoetako zinegotzi Asier Abaunzak nabarmendu duenez, “San Tomas azoka urteko ekitaldi garrantzitsuenetako bat da Bilborako, eta edizio honetan ─bi urteko pandemiaren ostean─ are ilusio handiagoa egiten digu berton hartu ahal izateak. Gure lurraldeko nekazaritza-jai nagusia da eta milaka lagunentzako ezinbesteko hitzordua. Aurten ere etortzera animatzen zaituztegu, azokaz eta hiriaz gozatzera, Bizkaiko txoko guztietatik etorritako gure baserritarren produkturik onenak ezagutzera eta dastatzera. Errespeturako eta aisialdi arduratsurako deia ere egiten dugu. Bilbok ez du aitzakiarik behar egun hauetan gozatzeko, baina San Tomas da, zalantza barik, horietako onena”.

Diego Valdivielsok adierazi du “BISUBI Fundazioa mugarik gabeko mugimendu bat, Gastroutopia, zabaltzearen alde ari dela lanean, bikaintasun gastronomikoa eskuragarria izan dadin eta lan-praktika etiko eta iraunkorretan oinarritu dadin”.

BISUBI

Bizkaiko 150 sukaldarik baino gehiagok bat egin dute BISUBI (Bizkaiko Sukaldarien Bilkura) sortzeko. Fundazio horrek ondare gastronomiko propioa du oinarri, eta jasangarritasunaren eta justizia sozialaren eremuetan helburu berritzaileak planteatzen ditu.

BISUBI FUNDAZIOA Bizkaiko sukaldariek lurraldean duten eraldaketa-gaitasunari balioa emateko sortutako gunea da, pertsonekiko eta ingurunearekiko konpromiso solidariotik abiatuta. Batasun horren ardatz nagusia iraunkortasun edo jasangarritasuna da, dimentsio guztietan: gizartea, ekonomia eta ingurumena.​